Kuba (11 ikusteko) (3)
III
Fulgencio Batista diktadorea bota zuen Castrok Kubatik, eta Francisco Franco botako zuen iraultzarekin ametsetan hasi zen orduan osaba Joxantonio. “ETA ere urte hartantxe sortu zuan, 1959an…” esango zigun osabak, eta gero isilik geratu, misterioaren kutsuak airea usaindu eta loditu zezan.
Gu ez ginen horrekin konformatzen, ordea, eta zirikatu egiten genuen: “Zu ere ibili al zinen ba Francoren kontra?”
Osabak, orduan, begirada zuri harekin iragana arakatuko balu bezala, ahotsa apaldu eta: “Dena ez zegok esaterik, baina zer edo zer egin genian”.
“Zaude isilik, gizona”, Paria Pilarrek purrustaka, “kupoia saldu besterik ez duzu egin-eta bizitza osoan”.
“Bai, baina, herriko falangistei ez nien saltzen. Ezta karlistei ere. Jum!”
Kupoia saldu bai, baina Franco botako zuten egunarekin amets egiten zuen osaba Joxantoniok; eta bitartean Fidel, berak egin nahi eta ezin zuen guztia gauzatzen zebilena: armak eskuan hartu, tiranoa kanporatu, jauntxo guztiak lumatu, amerikarrei aurre egin, herri osoari eskola eta osasun ona eman… “Hori duk gizona” esaten zuen, mirespenez bezainbateko inbidiaz. “Nik ere, haren bistaren erdia izan banu…”
“Mihia daukazu zuk, eder askoa”, Maria Pilarrek aldamenetik.
“Eta Fidelek, zer uste duzu? Sei eta zortzi orduko diskurtsoak egiten ditu hark gero!”
“Urteak daramatzazu zuk, diskurtsoa aldatu gabe”.
“Hobe betiko diskurtsoari eustea, txaketa kanbiatzen hastea baino”.