Komikian ere autofikzioa modan?
Azkenaldian komiki dexente irakurtzen nabil, lehen ez bezala. Ezer baino lehen aitor dezadan ezjakin hutsa naizela komiki kontuetan. Marrazkiak eta istorioak betidanik gustatu zaizkidan arren, ez diot kasu handirik egin biak batzen dituen arteari. Azken asteetan bai, ordea.
Ez daukat metodorik zer irakurri hautatzeko. Liburutegian aukera zabala dago, eta nire begiaren gustuz zein han-hemen entzudako aholkuz hautatzen ditut, nahiko aliritzira. Hortaz, esan behar dudana oker balego, barka nazate adituek.
Kontua da, aspaldi honetan irakurri ditudan komiki liburuetan (nobela grafikoetan, nahiago baduzue) kointzidentzia nabarmen bat ikusi dudala: "Fun home" Alison Bechdel-enak, "El arte de volar" Altarriba eta Kim-enak eta "La casa" Paco Rocarenak, hirurek dute erdigunetzat, beste gauza askoren artean, artistaren aita.
Azkenaldiko moda bat da? Nire aukeraketaren txiripa? Literaturan bezala gorantz doan joera? Ez daukat erantzunik. Baina bai esan dezaket aipatu ditudan hiru lan horiek merezi dutela, merezi dutenez.
Bide batez, Roca eta Bechdel aipatzen ditudanez, (eta ez badituk irakurri), beste hauek ere erabat gomendagarriak (hauek ere autofikzio ikutudunak): Rocaren "Los surcos del azar" (eta "Zimurrak" superezaguna), eta Bechdelen "Lo indispensable de unas lesbianas de cuidado".