Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Kantarien tropela

Kantarien tropela

xme 2014/11/23 10:10

Zuetako askok gogoan izango duzue euskal literaturako tropelaren kontzeptua, orain dozena bat urte Jon Alonsok asmatu eta, besteak beste, Iban Zalduak gizarteratu zuena. Garai hura ezagutzeko gazteegia denarentzat edo gogoratzen ez duenarentzat laburtuko dut: gure letretan izan omen da belaunaldi bat, euskara batuaren ondorengo berrikuntza literarioaren protagonista izan zena 70eko hamarkadan, eta berrikuntza horrek emandako prestigioarekin jarraitu duena urtetan; horien artean leudeke Saizarbitoria, Lertxundi, Atxaga, Izagirre, Sarrionandia, 1950 inguruan jaioak; belaunaldi gazte batek profesionalizazioaren erronkari heldu, sari inportanteak irabazi eta nazioartera jauzi egiten asmatu du; horren adibide lirateke Harkaitz Cano, Unai Elorriaga, Kirmen Uribe, goragoko haiek publikatzen hasi ziren garaian jaioak. Bi belaunaldi horien artekoek, 1960 urte inguran sortu eta 80etan publikatzen hasitakoek, izarrik gabeko tropela osatuko lukete, pelotoiko gregario zintzoak, corpus sendo bat sortzeko lan beltza egin bai, baina distira eta onarpenik lortu ez dutenak.

Teoria burutsua da, bere zuloak dituena baina: adibidez, tropelekotzat jo izan diren hainbat idazle (Jimenez, Montoia) baino gazteagoa dela Sarrionandia; edo, eragozpen orokorrago bat, belaunaldi guztietan daudela, nabarmentzen diren izen bakar batzuen ostean, itzalpean geratzen den jende mordoxka.

Edozein modutan, tropelaren irudia etorri zait egunotan gogora, euskal musikako zenbait gertaera azaltzeko ere baliagarria delakoan. Hor ere baditugu kantagintzako izen nagusi batzuk, Ez Dok Amairuko mitoetatik hasi eta Ruperrengana, bera baikenuke (bere lagun Sarriren pare) azken munstro sakratua. Gazteen belaunaldi arrkastatsua Anarirekin hasiko litzateke, eta hortik aurrera bakoitzak sar ditzala bere gustuko bakarlari eta taldeak. Eta tartean? Bada, Fermin Muguruza alde batera uzten badugu (bestela teoria guztia pikutara doakigu), musikari sorta interesgarria sortu duten artistak, baina inoiz ez dutenak lortu publiko zabalaren txaloa, ez behintzat merezi duten neurrian.

Tropel horretako kide batzuk aipatu nahi nituzke hemen, ez bakarrak, agian ezta onenak ere, baina niri bereziki gustatzen zaizkidanak. Bata Morau da, Andoni Tolosa idazle eta kantagile hernaniarra, seigarren diskoa atera berri duena, Beñardo Goietxe beratarrarekin batean: Arrainentzako Himnoak, beharbada bere ibilbide osoko onena. Gutxiago ezagutzen dut Markos Untzeta eibartarra, baina oso gustuko dut haren musika-estiloa (AEBko folk eta bluesaren iturritik edaten duena), eta desiratzen nago atera berri duena entzuteko: Seinaleak. Azkenik Txuma Murugarren goratu nahi dut, gure herria normalagoa balitz ezti-bitsetan edukiko genukeen artista; Nick Cave australiarraren kantak euskaratu eta zuzenean interpretatzeko asmoa omen du, abenduan Bilbon emango duen kontzertuan. Dudarik ez gogoangarria izango dela. Tropelean bada ere, markatik fuerakoa.

Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian, 2014-11-08.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.