Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Kanpotik ala barrutik borrokatu?

Kanpotik ala barrutik borrokatu?

xme 2015/05/17 10:36

Joan den astean jakinarazi ziren Zilarrezko Euskadi sariak, Donostiako liburu-denden elkarteak urtero euskaraz eta erdaraz liburu bana nabarmentzeko ematen dituenak. Aurten, Danele Sarriugartek jaso du izendapena Erraiak eleberriagatik, eta gaztelaniazko atalean Parinoush Saniee irandarrak, El libro de mi destino deritzan lanagatik. Emakume gaztea bata, heldua bestea, eta lehen liburua bien kasuan; oso diferenteak gaietan nahiz estiloan baina biak ere arrakastatsuak. Sarriugarterena aski ezaguna denez gure artean, besteaz ariko naiz lerrootan.

Saniee psikologoa eta soziologoa da, bere herrialdeko emakumeen egoeraz ikerketa eta txosten ugari egindakoa. Hain zuzen ere, txosten horiek jendearengana iristea nahi zuelako, datuak hotzean eman baino eraginkorragoa izateko asmoz erabaki omen zuen eleberri bat idaztea, eta horrela sortu zen Nire patuaren liburua, Masumeh protagonistaren bizitza kontatzen diguna, neskatoa denetik andere alarguna den arte, eta pertsonaia horren eta ingurukoen bizitzen bitartez kontatzen zaigu Irango azken urteetako historia ere.

Zirkuitu komertzialean ez hainbeste baina zinemaldi eta antzekoetan Irango zinemaren berri dexente iristen zaigu (Asiako eta beste herrialde musuman batzuetakoen aldean bederen); hango literaturaz, berriz, ezer gutxi dakit nik behintzat. Orain arte ezagutzen nuen apurra, emakumeek idatzitako beste bi liburu ziren: Persepolis, Marjane Satrapiren komiki zoragarria, eta Reading Lolita in Tehran (Lolita irakurtzea Teheranen), Azar Nafisi-ren nobela. Biak ere Shah bota zuen iraultzaren garaia eta Khomeiniren garaipena kontatzen dutenak, eta biak ere agintean dagoen islamismoarekin kritikoak, erregimen horrek askatasun tarterik uzten ez zielako bere herrialdetik alde egin behar izan zutenak (hala ere, posible litzateke beste ikuspuntu batetik esatea batak Frantzian eta frantsesez, besteak Estatu Batuetan eta ingelesez sortzen dutela, Mendebaldeko herrialdeei komeni zaien Irani buruzko ikuspegia zabaltzen, eta horrek lagundu duela haien arrakasta gure inguruan).

Saniee-k ere historia hurbilaz idazten du; Nafisi eta Satrapi bezala, Teherango elite intelektualeko kidea da familiaz, eta haiek bezala berak ere ez du iritzi onik Islamismo politikoak emakumeei ekarri dien patuaz. Beharbada berak ere izango zuen alde egiteko tentazioa, bizimodu hobe bat lortzeko (seme-alabak kanpoan omen ditu, Europa aldean, beren herrian aukera gutxi topatu dutelako edo). Edonola ere, bertan geratzea erabaki zuen Sanieek. Askatasuna ukatzen duen estatu baten barruan jarduteak beti dakarzkio kontraesanak sortzaileari: zentsurarekin borrokatu beharra, eta haren ondoriozko autozentsurarekin; gobernuaren zenbait politikaren aurrean tolestu, makurtu, amore eman beharra… Hala ere, luzera begira, herrialde horren askatasun bidean gehiago laguntzen du barruko sormen murriztuak kanpoko kritika libreak baino. Hala izan zen behintzat gure artean frankismo garaian. Hala izan dadila Iran aldean.

(Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian, 2015-05-16)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.