Kale frankista bat Beasain erdian
Ahoa betetzen zaigu sarri, espainolak ze fatxak diren eta frankismoaren itzala gainean dutela oraindik eta bla-bla-bla; eta gu, aldiz, ze jatorrak, eta oroimen historikoa zaintzen dugunak eta tar-tar-tar.
Eta esango banizue Beasain erdian kale bat dagoela izen frankista peto-petoa daukana? Beasainen, bai, 36ko fusilatuei omenaldi polit bat eta monumentu zatar bat egin dien herri honetan. “Zein kale?” galdetuko dit borondate oneko inuxenteren batek. Ba, Tertzio Oriamendi, herriko kale luzeenetakoa, ni neu bizi naizena, errekete karlisten talde ospetsu baten omenez hala bataiatua. “E, e! –esango dit herrikoxeme edo alaba jatorrak–. Hori ez da Tertzio Oriamendi! Oriamendi da orain”. Arrazoia! Horixe bera egin zuten Beasaingo agintari txit prestuek, lehenengo udal demokratikoak aukeratu eta sinbologia nahiz izen frankistak kendu beharra planteatu zenean: kale izendegitik Tertzio kendu eta Oriamendi utzi: euskal mendi-izen jator bat, ezta? Balizko Jose Antonio Primo de Rivera kaleari abizena kenduko bagenio bezala eta Joxantonio bakarrik utzi; ez al zuen izen bera Jose Antonio Agirre lehendakariak ere? (Baita Ardantzak eta telebistako Joxantonio Arizkorreta sukaldari-lehendakariak ere). Barka nazatela erabaki hura hartu zuten alkate eta zinegotziek, baina txepelkeria galanta izan zen, xuabe esatearren. Oroimen historikoaz ari bagara, oroitu beharko dugu ba Oriamendi izena duela karlisten ereserkiak, garai bateko ume guztiek buruz zekitenak: “Por Dios, por la patria y el rey, lucharon nuestros padres…”
Oriamendi kaleaz oroitu naiz, hain zuzen, oraintxe bertan ia kale osoa hankaz gora dagoelako, obretan. Obren gunean bizi den batek Beiruten bizi dela esan zidan aurrekoan. Baina ez nator obrak kritikatzera, alderantziz baizik; itxura arkitektonikoagatik kaleak 65 bat urte dituela esango nuke, etxea estreinatu eta bertan jaio zirenak jubilatzeko zorian egongo dira honezkero; ba, bizialdi luze honetan kaleak ez du ia hobekuntzarik izan; Kale Nagusia eta Nafarroa Etorbidearen zati handi bat oinezkoentzat egokitu dira, beste kale eta plaza askotan arbolak eta bestelako apaingarriak egin dira; Oriamendi gaixoak, ordea, Tertzioa zeneko itxurarekin jarraitu du (Seguridade Sozialeko anbulatorioa ere bertan zegoenean, oroitzen?); alde nabarmena, lehen baino askoz ere trafiko handiagoa sufritu behar dutela bertako bizilagunek.
Hortaz, ongi etorri obrei eta itxura berritzeari. Momentuan hautsa, zikina eta enbarazua besterik ez sortu arren, gerora kalea askoz atsegin eta bizigarriago geratuko dela pentsatu nahi nuke. Frankismoaren zulotik atera balitz bezala. Eta, bide batez, gaurko edo datorren urteko zinegotziek izen frankista aldatzea pentsatuko balute, nire aldeko botoa izango dute.
(2014ko urriaren 31n Goiberri aldizkarian kaleratua)