Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Joxean Agirreren aupamena

Joxean Agirreren aupamena

xme 2016/02/26 14:46
Literatura-genero guztien artean bada bat, oso jende gutxik praktikatzen duena baina egiazki asko irakurtzen dena: aupamena. Zer den aupamena? Liburuen atzeko azalean joan ohi den iruzkina, delako liburu horren ezaugarriak azaldu eta dohainak goratzen dituena, irakurleari barrukoa zabaltzeko gogoa pizteko behar beste laudorio erabiliz baina gezurrik esan gabe. Lanbidez horrelakoak idaztea egokitzen zait maiz, eta honezkero ohituta egon beharko nukeen arren izugarrizko nagia ematen dit eta azken orduan idazten ditut beti. Gaur, Joxean Agirrek apirilean aterako duen nobelari egokitu zaio. Izenburua, "Gizajoen katalogoa".

Nobela bat idatzi nahi du gizonezko protagonistak, bera joaten den literatura-tailerreko irakasle emakumezkoak hartarako dohainak dituela esan diolako; idazlegaia bere gizajo gogokoenen galeria bat biltzen haten da, koitadu kutunen pasadizoekin ganorazko zerbait egingo duelakoan; horrekin batera, bere emaztearen eta alabaren istorioak kontatzen dizkigu, elkarri beren maitaleei buruzko konfidentziak egiten ibiltzen direnak, baita emaztearen ahizparekin duen harremana ere…

Erotismoarekiko eta literaturarekiko pasioak eskutik helduta doaz nobela osoan, sentsualtasun fin eta umore mehe bat darizkio  orri bakoitzari, baita literatura-munduaren eta bereziki autofikzioaren parodia ere, Agirre bera eta beste idazle batzuk bertan agertzeraino. Hitzaren festa bat dugu, azken batean, aldi berean marjinetan geratzen diren idazleekiko eta zirrikituetan garatzen diren letrekiko maitasuna pizten duena.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.