Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Iturria, arkatzez eginiko herria

Iturria, arkatzez eginiko herria

xme 2015/05/11 18:13

Prentsan, egunean eguneko albiste eta iritziez gainera, marrazkiek ere izaten dute beren lekua, eta irrimarra horiek, goizero berri tristeen artean pozezko leihotxo bat zabalzeaz aparte, bata bestearen atzean jarriz, garai baten eta gizarte baten erretratu ederrak izaten dira, egilearen subjektibitatearen barruan. Adibidez, 60ko hamarkada izan zen esperantza eta errebeldiazko sasoiaren erakusgarri onenetako bat Quino argentinarraren Mafalda izango litzateke. Espainiak trantsiziotik hona izan duen bilakaera, Forgesen marrazkien bitartez jarrai liteke, eta El Rotok inork baino hobeto egin du gaurko krisi egoeraren kronika. Marrazki politikoetan Plantu frantsesa mila politologo baino interesgarriagoa da, eta Schulz amerikarrak askoren bihotzetan utzi du marka ezabaezina. Zerrenda infinituraino luza liteke, norberaren ezagutzaren eta gustuen arabera.

Eta gure artean? Hizkuntza mugatzat hartzen badugu, euskaldun jendearentzat Antton Olariagaren Zakilixut 70eko hamarkada amaierako utopia alai eta zoro samarraren sinboloa izan zela esango nuke, eta Patxi Huarte “Zaldi Eroa”ren pertsonaiek gaurko garai kaleidoskopikoaren isla ederra eskaintzen digutela. Euskal Herriaren geografian aritzen direnak hartzen baditugu, edozein hizkuntzatan jardunda ere, askoz marrazkilari gehiago aipatu beharko genituzke, baina zaila da erreferentzia orokorra bihurtzea lortu dutenak topatzea: norberak irakurri ohi duen egunkarikoa ezagutu ohi du bakoitzak, eta horrela probintziaka edo joera politikoka banatu ohi dira artistak: Deia-ren irakurleek, Athletic-zaleak badira batik bat, Asier izango dute gogoan, eta Gara hartzen dutenek Tasio. Oroz nafarrak esango nuke lortu duela transzendentzia handiagoa, Nafarroaren mugak gainditzea zaila izan arren. Gaur, baina, beste marrazkilari bat aurkeztu nahi dizuet, nahiz eta irakurle gehienentzat ezezaguna izan: Iturria.

Michel Iturria Bordelen sortu zen 1946an, euskaldun emigratuen seme, eta diasporako euskaldun da bera ere, jaio zen hiri berean bizi baita geroztik. Orain dela berrogei urte pasatxo ohiko kolaboratzaile bihurtu zen Sud-Ouest-en, Akitania osoan gehien irakurtzen den egunkarian, eta haren marrazkiak eguneroko jaki bihurtu dira, ordutik, Ipar Euskal Herriko jende askorentzat. Aktualitatea da Iturriaren marrazkien gaia, eta horren barruan lekua dute politikak, kirolak, kulturak…

Kalitate aparta dute Iturriaren marrazkiek, eta horri gehitzen badiogu Frantzian komikiari eskaini ohi zaion arreta, ez da harritzekoa haren arrakasta ulertzea. Hainbat liburu kaleratu izan ditu bere marrazkiz osatuak, erakusketak antolatu izan dizkiote, dominak eta sariak eman… Orain, berriz, euskal gaia duten marrazkiekin erakusketa paratu diote Baionako Euskal Museoan, eta aldi berean liburu elebidun bat plazaratu: Ama Euskal Herria / Mon Pays Basque, miresleen gozamenerako eta ezagutu nahi duenaren ilustraziorako. Merezi du, zinez.

(Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian, 2015-04-25)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.