Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Idazleen idazlea

Idazleen idazlea

xme 2012/07/26 12:08
Orain dela gutxi, hegaldi berean gindoazen lau idazle. Aireratu bezain laster, nork bere liburua atera zuen sakelatik, gero bidaiaren zati handiena berriketan eman genuen arren. Lau liburu horietatik bi, idazle berarenak ziren: Alice Munro-renak, beste bi idazleek ere ezagutzen eta estimatzen duten idazlearenak, hain zuzen.

Ez da kasualitatea. Esango nuke, inkesta bat eginez gero euskal idazleen artean, munduko ofiziokideetan nor duten gogokoena, erantzun parrasta sakabanatuen artean, emakume kanadar hau aterako litzatekeela agian gailen. Eta hala ere, ez da oso egile ezaguna publiko zabalarentzat. Nor da ba Munro hori? Zer du ba halako lilura sortzeko ezagutzen dutenen artean?

Alice Munro 1931n jaio zen Ontario probintzian, Kanada erdialdean, eta bertan bizi da gaur egun ere. Biografietan datozen datuekin segituz, oso gazterik hasi omen zen idazten; gero, hogei bat urte zituela, ezkondu, unibertsitatea utzi eta bi ume izan zituen, baina hala ere jarraitu egin zuen idazten, alaben hazi eta hezierak uzten zizkion tarteetan. Hamabost bat liburu kaleratu ditu orain arte, den-denak ipuin-liburuak, eta hori bera ez da txikikeria, merkatuak eta komunikabideek etengabe eleberrirantz bultzatzen duten sistema batean.

Munroren istorioak (eta biografietako datuetatik iritzietara pasatzen gara) bereziak dira. Beste idazle lagun eta Munroren miresle batek egin berri didan konparazioa erabilita: hondartzan zuloa egin eta zuloa egin zabiltza, eta azkenean dena urez bete zaizula ohartzen zara; alegia, Munrok luze idazten du, ez du bilatzen inpaktu azkarrik, elipsiaren kontrako estilo lasai bat darabil, pertsonaien xehetasun asko kontatuz, haien iragana, lekuen deskribapenak, istorio nagusiaren adarretatik joaten da sarri; hizkuntzak ere ez du halako sorpresarik, zehaztasuna eta naturaltasuna bilatzen dituela esan liteke, eta ibai baten ondoko pasealdi baten antzera joan ohi da kontakizuna, bare eta presarik gabe; baina gero, irakurketaren momentu jakin batean, gardentasun horren atzean bizitzari buruzko irakaspen bat dagoela sumatzen du irakurleak, eta ipuinaren irakurketak pertsonen aurrean (fikziozko zein mundu errealeko pertsonen aurrean) jakintsuago, sentiberago eta errukitsuago bihurtzen gaituela.

Munro baserri batean hazi zen, eta bere pertsonaiak Ontario aldeko nekazari giroko jende pobrea izaten dira. Egiazko unibertsaltasuna norberak ondoen ezagutzen duen errealitatea ahalik eta zintzoen erakustea dela frogatuz, beste behin. Oso amerikarra da, oso kanadarra, baina nonahiko jendearen istorioak direla sumatzen duzu aldi berean. Emakumezkoak dira ia beti protagonistak, baina inoiz ez duzu sentitzen “emakumeen kontuak” kontatzen ari zaizunik, pertsonenak baizik, gu guztionak.

Eta zertara dator laudorio hau guztia? Ez bakarrik idazle baten goraipamen orokorra, ezpada liburu zehatz baten gomendioa egiteko: izan ere, Alice Munroren zaleak zorionekoak gara, eta gehiago euskal irakurleak, haren azken liburua, ia 80 urterekin idatzi duen Too Much Hapiness, euskaraz irten berria delako: Zorion handiegia, Nagore Tolosak itzulia (lehendik ere Philip Roth-en Suminez eta Ray Bradburyren Farenheit 451 euskaratu zituena) eta Meettok argitaletxe donostiar txikiak kaleratua. Betiko zale nahiz berriak, ea portatzen garen (ea erosten dugun, alegia), horrelako apustuek posible izaten jarrai dezaten.

(Orain dela urte eta erdi kaleratu nuen artikulu hau Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian; kaleratu berritzat jotzen nuen Zorion handiegia; egiaz, baina, asko atzeratu zen Nagore Tolosaren itzulpena; orain kalean dago ordea, eta hasieran aipaturiko idazle haietako batek irakurri berri duela kontatu digu; hori dela-eta publikatzen dut blogean idazki ez hain berri hau)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.