Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Idazleak irakurle?

Idazleak irakurle?

xme 2008/01/10 15:58

Idazleak irakurle handiak direla esan ohi da, eta oro har egia da, baina ez beti.

Badira periodikotik aparte ezer gutxi irakurtzen dutenak. Ez zaie interesatzen, edo ez zaie gustatzen, edo ez dute nahi beste inork beren estiloa kutsatzea. Aukera bat da, noski, baina ez ezer interesgarririk sortzeko egokiena.

Badira euskal idazleak euskaraz ezer gutxi irakurtzen dutenak. Pereza ematen die, nonbait, edo euskaraz egiten dena txarra dela pentsatzen dute. Posible da hala izatea, baina horrela jokatzen duenak ez du seguru asko ezer hoberik egingo.

Badira euskal idazleak, beren sorkuntzaren dorrean sartu eta besteek zer egiten duten axola gutxi zaienak ere.

Ez dut inor salatu nahi eta ez dut izenik emango. Baina berriki ikusi dut aldizkari batean, nola idazle bati hiru liburu gustuko gomendatzeko eskatu dioten. Lehena Aresti aipatzen du. Oso ondo. "Haren lan guztiak bi liburukitan jasoak daude", eransten du. Eta hor hasten da nire barrena protestaka.

Arestiren poesia bi tomotan argitaratu zen orain 30 bat urte, bai, aspaldi agortu zen baina; Jon Juaristik prestaturiko edizio hark zer hobetua bazuen arren, Arestiren indarrak aldapak zelai bihurtzen ditu. Baina kontua da orain 20 urte pasa, Arestiren heriotzaren 10. urteurrena zela-eta, Gabrielen idazlanak kaleratu zituela Susak hamar liburukitan, Karmelo Landaren ardurapean eta talde zabal baten laguntzaz, poesia ez ezik narratiba, antzerkia, itzulpenak, hitzaldi, artikulu eta gutunak ere sartuz, askoz edizio osoago eta zainduago batean. Eta liburu horiek oraindik ere eskura litezke.

Tira, akats txiki bat da hori. Baina idazle berak, hurrena, Kafka-ren "El proceso" aipatzen du. Liburu bikaina berriz ere. "Euskal itzulpenik ez dut uste badenik", eransten du, eta kontua da baietz, badagoela, orain dela 15 bat urte Antton Garikanok bikain euskaratu eta Elkar-ek kaleratua: "Prozesua".

Gogorregia izan naiz akaso baina, halako idazleak kexu izaten dira gero, beraiek egindakoa besteek aintzat hartzen ez dutela eta.

xabi
xabi dio:
2008/01/15 18:17

Esaten hasita, dena esatea komeni, Xabier: Xabier Amurizak bota ditu perla horiek Aizu! aldizkarian, ezta? Hala dio:

Nire lehenengo gomendioa Aresti duzue. Gabriel Aresti izugarria. Arestirengan beti aurkituko duzu zerbait berria, ustekabekoa, apurtzailea. Eta maitagarri egingo zaizu. Haren lan guztiak bi liburukitan jasoak daude. Ireki edozein orrialdetan, eta segi bere irudimen suharrari.

Bigarren gomendioa Azkueren Euskal Herriaren Jakintza-ko bigarren liburukia da. Beti gaurkoa den ipuin generoa maite duenak liburu horretan gozamenaren bermea aurkituko du, baita euskalkien xarma ere. Ipuin harrigarriak daude, mitologiatik pikareska maltzurreneraino. Azkenik, mundu literaturako gailur bat: Kafka. Zehazki, bere El proceso. Euskal itzulpenik ez dut uste badenik. Euskal prozesuaz mintzo direnean, Kafkaren ‘prozesuaz’ gogoratzen naiz. ‘Kafkatarra’ esan ohi da, baina prozesu horretan, umoretik, ironiatik, sarkasmotik, korrosiotik eta, oro har, edertasunetik ez dago gutxi. Mendekotasuna sortzekoa.

Bada, hori, egitasmo kolosala omen daukan Xabier Amuriza da euskal literaturaren gainean horrela biluztu dena. Eta neroni ere zerbaitek krak egin zidan nobela mordo horretarako proiektua egunkarian irakurri eta lehen alea autoekoizpena zela ikusita. Ez dakit berak nahita hala egin duen, zure eta beste argitaletxe batzuetara jo eta ezetz esan diozuen ala zer gertatu den, baina arraroa egin zitzaidan Bertsozale enporioko enpresaren batek ere ez ateratzea.

Denak esaten hasita, aitor dezadan aspaldion oso lekuz kanpo ikusi dudala Amuriza... aspaldion... azken 15-20 urteetan alegia. Bertsolaritzari egindako ekarpen bikaina 80ko hamarkadan agortu eta badirudi historiara horregatik pasatzeari gutxi iritzi diola, nolabait bertsoa baino askoz gehiago izan dela Amuriza. Baina aitor dezagun, lana egin du, baina euskal literaturari egindako ekarpena, ejem, fin esanda, oso apala izan da. Susako webguneko kritiketan ere badira zazpi urte agertzen ez dela.

Eta JL Zabala: Silveirarena eskertzekoa? zintzotasuna? ausardia? Nik lotsagabekeria deitzen diot, zinismoa, bere burua zein ideologiatan kokatzen duen irakurrita. Eta geroz eta argiago ikusten dut ideologia hori bultzatu beharrean hartaz aprobetxatzen diren inadaptatuak direla eleberrian ageri dituen pertsonaietako asko, horren hurbileko omen dituen horiek, kale-borrokarako prest diren gazte euskaldun (euskara dakiten) erdararen bultzatzaile horiek. Ezker abertzaleak beti izan duen egitasmo eraikitzaile eta positiboan egon beharrean haren kapar gisa diharduten sektore marginal eta suntsitzaileak. Eta uste dut ezker abertzaleak ez duela ikusi zein kalte egiten dion irudi horrek, errepresioaren gogorraz jakitun erlatibizatu eta jendeak ahaztu eta dena (irainak, eragozpenak, kaleko harrokeria eta autoritarismo merkea) barkatuko diolakoan.

Juan Luis Zabala
Juan Luis Zabala dio:
2008/01/13 00:05

Zenbat horrelako, Xabier, zenbat horrelako!

Hala ere, marka guztiak hautsi behar dituena hire tokaio Silveira duk. Orain hurrengoan, honako hau aditu nioan, Andoni Aizpuruk "Horrelakoa da bizitza" ETB1-eko saioan egindako elkarrizketan: "Niri euskaraz ezer aportatzen didaten bakarrak bertsolariak dira".

Eskertzekoa Silveiraren zintzotasuna eta ausardia. Azken batean, halakorik esaten ausartzen ez diren beste askoren ispilua baita Silveira horretan.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.