Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Gure abertzaletasunaren aita

Gure abertzaletasunaren aita

xme 2016/03/07 10:42
Azkenaldian arnasberritzen (edo aldrebesten, nondik begiratzen zaion) ari da abertzaletasunaren diskurtsoa. Galfarsoro, Apaolaza eta beste zenbait hor dabiltza, independentzia lortzeko abertzaletasunaren oinarriak eta euskaltasunaren esentziak gainditu egin behar direla esanez (laburpen azkar eta baldar bat eginez). Orain arteko tesi nagusiaren antitesia omen da, etorriko den sintesi baten bila (Jon Jimenez argiak esana). Tesia, baina, zein da?

Abertzaletasunaren aita (Larramendi, Xaho eta bestelako aurrekariak alde batera utziz gero) Sabin Arana Goiri izan genuen. Berak asmatu zituen Euzkadi hitza eta kontzeptua, aberria eta aberriaren ikurrak, berak jarri zuen martxan abertzaletasunaren ildo politiko nagusia izango zena orain dela 125 urte edo.

Alabaina, ideia eta abiaburua hari zor zaizkion arren (eta Luis Arana anaiari, baina ez da hau xehetasunetarako lekua), Sabinen ikuspuntuaren oinarriak laster abandonatu zituzten haren gogaideek. Kanpotarren inbasioaren aurrean euskotarren odol-garbitasuna zaindu beharra, espresuki gaitzetsi ez arren, praktikan laster utzi zuten alde batera EAJn, eta gure herri-eskubideen zilegitasuna arrazatik historiara edo ohituretara eraman.

Arrazak eta abizenak bezala folklorea eta foruak historiaren zakuan behin betiko lurperatu zituena geroago etorriko zen ordea: XX. mendearen erditsuan gero ETA sortuko zuten gazteei zor zaie berritze sakon hori, eta izen batean zentratzekotan Jose Luis Alvarez Enparantzarena azpimarratuko nuke nik; idatzi behintzat, hark egin zuen inork baino gehiago, nazioaren funtsa hizkuntzan datzalako printzipioa finkatzeko eta zabaltzeko.

Ideia argi eta demokratiko horrek ez zuen bide erraza izan, ordea (eta gaur zalantzan jartzen da, esan dugunez). Txillardegiren ekarpena hobeto ezagutzeko tresna ezin hobea daukagu orain, Pako Sudupek idatzi duen liburuari esker: "Txillardegiren borroka abertzalea". Gai hauetan interesa duenak hortxe aurkituko du antiguatarraren pentsamendu politikoa xeheki azaldurik, ibilbide bikoitzean: bata tematikoa, hainbat gairen inguruko ideiak aletuz (arraza, hizkuntza, eliza, klasea, fronte nazionala, biolentzia...); bestea kronologikoa, urtetan egindako hautuak zehazki argituz (Ekin, ETA, hura uztea, ESB, HB, Aralar...).

Seguru asko, Arana Goiriren ondoren, abertzaletasunaren historian arrasto sakonena utzi duen pertsona izan da Txillardegi, baina topiko pare batez likidatu ohi da hari buruzko iritzia. Topiko horietatik harantzago jo nahi duenak, liburu honetan du aukera aparta.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.