Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Frantsesak xuxurlan

Frantsesak xuxurlan

xme 2014/11/15 09:57

Orain dela hilabete batzuk, sare sozialetan, Eider Rodriguez idazlearen burutazio xalo eta aldi berean zorrotz bat irakurri nuen; halako zerbait zioen (buruz ari naiz): “bolada batean idazle ingelesak bakarrik irakurri ditut, eta hurrengo batean iparramerikarrak, eta sentsazioa geratu zait ingelesek puntadun zapatak jantzita idazten dutela, eta amerikarrek, berriz, zapatiletan”.

Bitxikeria irudi lezake, boutade bat agian, ziria bestela, baina niri hausnarketa egokia iruditu zitzaidan, orokortzeak beti duen okerra onartuta ere, halako sentipena izan baitut nik ere lehenago: alegia, Estatu Batuetako idazleek, nobelistek batik bat, estilo laxo antzeko bat darabiltela, prosak lasai korritu dezan eta orriak bete, ibai zabal  eta emaritsu baten antzera; eta horien aldean, ingelesek (salbuespenak salbuespen esan behar, badaezpada ere), idazkera estuagoa dutela, zaindua eta fina bai, baina tentuz joatera behartzen zaituena, paragrafoaren amaieran arnasa hartzera.

Rodriguezen iruzkin horrekin gogoratu nintzen, udan, lagun batentzako liburuak hautatzen ari nintzela. Idazleen hizkuntzari, sexuari edo jatorriari erreparatu gabe, lagunak gogoko izango zuen estilo jakin bateko nobelen bila ari nintzen, eta amaieran ohartu nintzen aukeratutako guztiak emakumezko idazle frantsesek idatzitakoak zirela. Tartean zen Annie Ernaux (euskaraz dauzkagu haren lau liburu: Pasio hutsa, Gertakizuna, Lekua, Igelak argitaratuak, eta Emakume bat, Txalapartak kaleratua); baita Marguerite Duras ere (Maitalea eleberria aspaldi plazaratu zen Literatura Unibertsala bilduman, baina zoritxarrez deskatalogatuta dago); Marie Darrieussecq lapurtarra (honen bi liburu irakur litezke euskaraz: Ahardikeriak eta Herria, biak Alberdaniak emanak); Amélie Nothomb, zeinaren bi lan itzuli diren gurera: Katilinarenak (Igela) eta Ahardikeriak (Alberdania); zerrendan sartu nuen estiloz aparte samar geratzen den Irene Nemirovsky (euskaraz: Odolaren sua, Birjinak, Suite frantsesa, Arimen maisua, Dantzaldia, azkena Txalapartak editatua eta beste guztiak Alberdaniak), baita euskaraz lanik ez duten Catherine Millet eta Delphine de Vigan ere.

Zein da idazlan horien lotura (alde batera utzita idazle guztiak direla frantsesak, XX. mendekoak, emakumezkoak)? Bada, jeneralizazio bat eginda nik ere (eta Nemirovsky aparte dagoela aitortuta), esango nuke guztiek xuxurlaka idazten dutela, zure belarri ondoan ari balira bezala, beren kontu isilen berri ematen, konfidentzia intimoak egiten, lehen pertsonan. Istorio autobiografikoak dira batzuetan, ez beti, baina bizi izandakoaren kutsua dutenak. Frantziako literaturan, gurean ez bezala, aitortzaren generoak tradizio luzea du (Rousseau-z geroztik, gutxienez); gaur egun, berriz, emakumeek bereziki lantzen dute arlo hau, eta gurean ere arrakasta duela esan liteke, eta horren lekuko dira itzulpenok, baita gurean sortzen ari diren obrak ere.

(Noticias taldeko "Ortzadar" gehigarrian, 2014-10-25)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.