Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Feminista bai baina euskaltzale ez?

Feminista bai baina euskaltzale ez?

xme 2015/06/04 22:26

Ez dakit onena zen, baina azkenaldian gehien poztu nauen pelikula, aretotik zorion-sentipen batekin atera nintzena, Pride izan da: film ingeles bat, hango komedia sozialen tradizioan egina (gogoratu Full Monty), 80ko hamarkadako benetako istorio bat kontatzen diguna: Margaret Thatcherren agintaldian, Galeseko ikatz-meatzariak euren lanpostuei eusteko greba luze eta amaigabean sarturik zeudela, Londresko gay eta lesbiana mugimenduko aktibista batzuk meatzarien alde mobilizatu ziren, dirua bildu eta grebalariei bidaltzeko. Meatzari jendea oso matxoa sentitzen dela-eta, gaizki ikusiko dute hiriko maritxuen babesa, eta kontraesan horrek ematen dio bixigarria istorioari.

Filma honezkero kendu dute karteleratik, baina sarean edo bideoan ikusi nahi duenarentzat ez dut argumentuaz besterik esango. Hizpidea eman didan pelikulaz ez baizik gizarte mugimenduen arteko harremanei buruz idatzi nahi dut artikulua. Industriari estu loturiko sindikatu baten eta gay eta lesbianen defentsarako elkarte baten interesak, ikuspegiak, lehentasunak ez daude lotuta, jakina; sarritan kontrajarriak ere egon litezke, baina une jakin batean elkarrekin jarduteko gauza izan ziren, seguru asko etsai berberari aurre egin nahi ziotelako (Tatcherrek lideratzen eta sinbolizatzen zuen kontserbadurismoa).

Zabalago begiratuta, egin dezagun berriki gurean pausatu den galdera: izan zaitezke feminista, euskaltzalea izan gabe? Edo euskaltzalea, feminista izan gabe? Egiazki erantzunda, baietz esan behar, denok ezagutzen dugu etiketa horietako bat bai baina bestea nekez hartuko lukeen jendea. Edo ekologista sentitzen dena baina xenofoboa. Edo munduko herri baztertuekin solidarizatzen den internazionalista baina animalien tratu txarrekin hunkitzen ez dena. Bakoitzaren sentiberatasuna minberagoa baita gai eta zapalketa batzuekin, beste batzuekin baino. Denean progre perfektua izan nahi duena, seguru asko, bietako bat: edo irizpiderik gabeko leloa da, edo hipokrita galanta bestela.

Alabaina, bihotzez jokatuz gero, ezin zaitezke zeure arlo kuttunean aurrerazale sutsua izan eta beste bidegabekeria batzuei ez ikusiarena egin; injustizien aurreko ikuspegi zabal horrek erakusten du, beharbada, mugimendu baten humanismoa zenbaterainokoa den. Joxe Azurmendik, Sabin Arana Goiriren nazionalismoa batetik eta Bizkaiko meatzaldean sorturiko sozialismoa bestetik aztertuta, ondorioa atera zuen, besteak beste, eskuindar jaiotako abertzaletasuna gauza izan zela ezkerreko joerak garatzeko bere baitan, baina espainol jaiotako sozialismoa ez zela gai izan, bere historia luzean, euskaldun herriaren aitortzari lekua egiteko.

Edozein mugimenduk nahi luke bere sentipena gizarte osora zabaldu, orokortu, alderdi politiko guztien agendan leku nabarmena bereganatu. Luzera begira, baina, hori lortzeko bide eraginkorrena beste mugimendu batzuekin uztartzeko gaitasuna eta enpatia izan liteke.

(Noticias taldeko Ortzadar gehigarrian, 2015-05-30)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.