Emakumeak entzierroan?
Andrazkorik lasterka ez ibiltze horrek arrazoi eta interpretazio anitz izan dezake: emakumezkoak jaiegunetik baztertzea, kiroletatik uxatzea, ekintza sakratuetatik egoztea… Niri, baina, beste burutazio bat datorkit gaur, aurreko horien gainetik: nolako ergelak diren (garen) gizasemeak, zenbat harrokeria eta erokeria dituen potrodun jendeak!
Badakit neskaren batzuk ere ateratzen direla lasterka: bejondeiela! Eta eskerrak, esaten diot neure buruari, Iruñeko buruargituren bati ez zitzaiola bururatu entzierroa emakumezkoei galaraztea. Bestela, diskriminazio onartezinaz eta emakumearen eskubide utziezinaz aritu beharko bainuke hizketan, isildurik ohitura hori benetan iruditzen zaidana: majaderokeria galanta.