Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / EH Bilduren "gobernua"

EH Bilduren "gobernua"

xme 2012/07/08 19:17
Berria da gure artean talde politiko batek irabazle gertatuz gero izendatuko duen gobernu-taldea aldez aurretik jakinaraztea. Ekintzak badu marketingetik, bistan da, baina ukaezina da, aldi berean, harago doala, estilo berri bat planteatzen duelako: irekiagoa eta gardenagoa.

Udazkenean egitekoak baldin badira Gasteizko Parlamenturako hauteskundeak, ondo ari da denbora markatzen EH Bildu koalizioa, informazioa dosifikatuz, aldiro protagonismoa lortuz eta iritzi publikoaren aurrean berritasun aire bat hartuz. Lopezen gobernuak gutxiengoan eusten badio eta datorren urte hasiera arte irauten, maskalduxe geratuko ote da gaur halako freskotasun usain batez aurkezten den proiektua? Ikusi egin behar: norberaren akats-asmatzeek izango dute horretan zerikusia, baita aurkarienek ere, jakina.

Gobernu-taldeari begira, ezin nik behintzat ezer sakonik esan, bakar batzuk kenduta ez baititut ezagutzen. Agerian dago ez dutela perfil bereziki politikoa, gehienak ezin ditugu lotu alderdi batekin ere. Nola interpretatu behar da hori: teknikarien esku utzi nahi dela kudeaketa? Atzetik izango dituztela komisarioak, zer egin eta zer esan seinalatuko dietenak? Ez dakigu talde horretatik zenbat izango diren Legebiltzarrerako hautagai, Laura Mintegirekin batera.

Tira, aurpegi berriak ari gara ikusten behintzat, eta hori ez da txarra garai berrietarako, nahiz eta hamaika gizon-emakume hauek Jaurlaritzako sailburuak izateko aukerak, gaur-gaurkoz, txikiak izan. Baina batek daki…

Hona informazio xeheagoa: http://ehbildu.net/hauteskundeak/gobernu-taldea

Xabier Eskisabel
Xabier Eskisabel dio:
2012/07/08 21:27
"...bistan da, baina ukaezina da, aldi berean, harago doala, estilo berri bat planteatzen duelako: irekiagoa eta gardenagoa."
Laura Mintegiren aukeraketa prozesua bezain "gardena"? Zer diote EAk, Alternatibak eta Aralarrek prozesu horri buruz?

"...Agerian dago ez dutela perfil bereziki politikoa"
Ein?
Laura Mintegi 1987 eta 1989ko Europar Parlamentuko hausteskundeetan Herri Batasuna zenaren zerrendetan joan ziala irakurri diat nunbaiten bainan mir.es webgunean ez diat ezer aurkitzen.

Barkatuko didak Xabier, bainan higandik hausnarketa txukunagoa espero nian.

Ondo izan!
Xabier Mendiguren
Xabier Mendiguren dio:
2012/07/08 21:46
aupa, xabier.

ez dakit nolakoa izan den aukeraketa prozesua eta, beraz, ez dut horretaz hitz egin; bakarrik aipatu dut balizko gobernu-taldea aldez aurretik jakinaraztea berria dela; ez dut esan nahi hala egin behar denik ere, onerako aldeak bezala (hiritar soilentzat), bai baititu arriskuak ere (alderdien mugimenduak mugatzea, eta abar).

Ez dutela perfil bereziki politikoa esan dut eta berresten. Perfil bereziki politikoa deitzen diot nik, ba, esaterako: Joseba Permach, Rufi Etxeberria, Floren Aoiz, Karlos Garaikoetxea edo Pernando Barrenak dutenari.

Eskerrik asko irakurtzeagatik eta iritzia emateagatik. Hurrengo batean zure espektatiben mailan aritzea espero dut.
Xabier Eskisabel
Xabier Eskisabel dio:
2012/07/08 23:15
"aupa, xabier."
Iepa! Aurreko iruzkinean agurtzea ahaztu baizait.

"...ez dakit nolakoa izan den aukeraketa prozesua eta, beraz, ez dut horretaz hitz egin; bakarrik aipatu dut balizko gobernu-taldea aldez aurretik jakinaraztea berria dela; ez dut esan nahi hala egin behar denik ere, onerako aldeak bezala (hiritar soilentzat), bai baititu arriskuak ere (alderdien mugimenduak mugatzea, eta abar)."
Tira, prozesua "gardenagoa" izan dela aipatu duzu ta ez dakit zein prozesurekin alderatuta gardenagoa izan den. Besteipe.

"...Ez dutela perfil bereziki politikoa esan dut eta berresten. Perfil bereziki politikoa deitzen diot nik, ba, esaterako: Joseba Permach, Rufi Etxeberria, Floren Aoiz, Karlos Garaikoetxea edo Pernando Barrenak dutenari."
Aipatu dituzun hauek denak, EHBilduko hautagaiekin alderatuta duten ezberdintasun bakarra proiekzio mediatikoan dago, Mintegiren taldeko kideak ezezagunagoak izango dira, bainan aipatu dituzunak bezala profil politikoa dute.

"...Eskerrik asko irakurtzeagatik eta iritzia emateagatik. Hurrengo batean zure espektatiben mailan aritzea espero dut."
Ea ba.

Ondo izan!
Oier Araolaza
Oier Araolaza dio:
2012/07/09 10:28
Nik ez ditut ezagutzen aurkeztutakoak ezagutzen, baina kontu batek harritu nau: hezkuntza, kultura eta kirola arduradun bakarrarekin elkartzea. Uste dut kulturari hezkuntza eta kirolarekin gela konpartitzeak ez diola mesederik ekarriko.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.