Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Belamuno: "Biziari beldurra dionak ordena maite izaten du"

Belamuno: "Biziari beldurra dionak ordena maite izaten du"

xme 2016/02/22 08:25
Liburu atipikoa idatzi du Julen Belamunok: Gaueko zaintzailea. Irakurlearentzako amuak eta goxagarriak jartzen ohiturik gauden sasoi honetan, ekintza oso gutxiko, argumentu mehe-mehea duen nobela eraiki du, pertsonaia batean zentratua: izenik ere ez duen gaueko zaintzailea, lagunik, ideiarik, ia bizitza propiorik ere ez duen gizon ezdeusa, fabrikaren zaintzarako bizi dena. "Ordenaren morroia" egilearen hitzetan. Eta hala eta guztiz ere, bere estilo zoragarriari esker, eleberri hipnotiko bat sortu duela esango nuke. Hona Belamunori egin diogun elkarrizketatxoa.

Zer da, zer kontatzen du "Gaueko zaintzailea"k?

Aluminio fabrika bateko gaueko zaintzaileak lantegian igarotako azken gaua kontatzen da liburuan. Kontakizuna laurogeiko hamarkadaren bukaeran dago kokatuta, eta ordurako lanbidearen azken ordezkaria da zaintzailea, beste garai bateko hondar bat, segurtasun-sistema berri batek ordezkatuko duena. Gau guztian orduz ordu egiten duena kontatzen da, eta gau horretako ikuskaldiak egiten ari dela gogoratzen dituenak.

Liburuaren ardatza pertsonaia hori da, baina egiten dituenak baino garrantzi handiagokoak dira pentsatzen dituenak eta sentitzen dituenak, batez ere oroitzapenak. Eta, oroitzapen horien artean, batez ere gertaera batzuk: gasolindegian lan egiten zuen neska ezagutu zuenekoa, harekin izaten zituen solasak, eta hortik aurrerra gertatu zen guztia.

 

Zure protagonista ez da berez protagonista ohikoa, baina ezta antiheroi tipikoa ere. Nola bururatu zitzaizun pertsonaia hori?

Mundutik aparte bizi den pertsona bat da; ez du ezeren alde ez ezeren kontra borrokatzen. Baina betebeharraren zentzua du, oso estua eta zorrotza, gainera. Bere gainetik dagoen zerbaiten zerbitzuan bizi da, eta bere bizitzari zentzua ematen dion xede hori fabrika zaintzea da. Hango ordenaren morroia da, eta aitarengandik jasotako eginkizun hori hutsik egin gabe betetzen saiatzen da.

Ez dakit nondik eta nola sortu zitzaidan pertsonaia hori, baina hori izan zen abiapuntua. Hasieran pertsonaia izan zen, eta gero pixkanaka hasi zitzaizkidan sortzen fabrika barruko eta kanpoko egoerak.

 

Batere xarmarik gabeko pertsonaia; gertakari gutxiko argumentua; koxka bat estuago egin nahi izan duzu nobela irakurlearentzat? Erronka bat zen zuretzat? Goxagarriren bat izango du hala ere, ezta?

Egia da zaintzailearen bizimodua oso grisa eta bizigarririk gabekoa dela. Liburuan gehienbat pertsonaiaren barne mundua azaltzen da, oroitzapenak, sentimenduak, baina zentzumenek ere beren garrantzia dute, usainek, gauzen ukituek eta horrelakoek. Alde horretatik ekintza gutxiko kontakizuna da, eta kontaera bera ere oso erritmo patxadatsukoa da.

Horrek irakurle mota jakin bat eskatzen du, noski. Gertaera eta ekintza asko dituzten liburuak gustatzen zaizkionari, erritmo biziko nobelak maite dituenari agian astuna irudituko zaio. Irakurle patxadatsuagoa eskatzen du liburu honek, eta beharbada pazientzia pixka bat duena ere bai.

Nolanahi ere, badira zaintzailearen bizimodu ordenatua hausten duten gertaerak, eta ez nolanahikoak. Sorpresaren bat ere hartuko du pazientzia pixka bat duen irakurleak.

 

Nobelaren ezaugarri nabarmentzeko bat da gertalekua, gutxitan agertzen baita industria gure letretan, eta are gutxiago halako zehaztasunez.

Bai, eta bitxia da, industriak gure artean duen garrantzia izanda, pabiloiak eta fabrika barruak horren gutxi agertzea. Idazle jendea beste giro batzuetan mugitzen delako izango da. Industriako langileak ere oso gutxi agertzen dira, gatazka sozialen ikuspegitik aparte inolako interesik ez balute bezala.

Nik, zorionez, gaztetan fabriketan lan egiten nuen udan. 1976ko uda, esate baterako, aluminio fabrika batean pasa nuen, eta orduko hura izan dut gogoan zaintzailearen ikuskaldiak kontatzerakoan. Nik ezagututako hura da liburuko fabrika zaharra, gero liburuan 80ko hamarkadan berritu eta zabaldu ondoren azaltzen dena.

 

Dotorezia bat duzu idazkeran, ez dakit berezkoa ala landua; paragrafoz paragrafo, zizelkatuak dirudite pasarte askok.

Ahalik eta txukunen idazten ahalegintzen naiz. Nik uste dut idazten eta argitaratzen ausartzen denak horrenbeste zor diola irakurleari. Batzuetan kostata ateratzen dira esaldiak, eta kaxkarrak izaten dira askotan, baldarrak; beste batzuetan, berriz, inolako ahaleginik gabe berez etortzen zaizkizu, aurrez inkontzientearen zokoren batean eginda baleude bezala. Nolanahi ere, lehen idazketa hori produktu gordina izaten da beti, gero landu eta findu beharrekoa. Esaldien erritmoa egokitzen ahalegintzen naiz kontakizunak une horretan eskatzen duenari.

 

Eta gertaeren, eszenen errepika, zer da: kadentzia bat lortzeko modua? Pertsonaiaren bizimoduaren ezinbesteko isla?

Bai, hori nahita egindakoa da. Zaintzaileak lantegiaren barrualdetik eta kanpoaldetik egiten dituen ikuskaldiak, betiko ohitura errepikatuak, erritu maniatiko samarrak... horiek denak zaintzailearen nortasunaren isla dira. Gauza guztiak bere orduan, eta beti ordena berean, hori da zaintzaileak seguru sentitzeko behar duena. Munduari edo biziari beldurra dionak ordena maite izaten du.

 

Ipuin liburua kaleratu zenuen lehen. Nobela orain. Desberdina da idazteko prozesua eta teknika?

Bai, oso desberdina da. Liburu honetarako lehen oharrak eta zirriborroak idazten hasi nintzenean ez nekien zer luzera izango zuen gero, baina, ideiak eta materiala pilatu ahala, konturatu nintzen hori guztia nola edo hala antolatu behar nuela. Eta hor uste dut dagoela alderik handiena: luzera honetako kontakizun batek egitura bat eskatzen du. Egitura bat behar da, eta gero kontagaiak egitura horretan txertatu, egoerei eta gertaerei hurrenkera egokia eman, irakurleari ematen zaiona egoki dosifikatzeko.

 

Ezinbestekoa da galdera: eta hurrena, zer?

Ipuin batzuetarako ideiak badauzkat, baina idatzita ohar eta testu zati batzuk besterik ez. Kasuren batean lehen bertsioa ere bai, baina askoz geihago ez. Ideia horiek landutakoan, espero dut salbatzeko moduko kontakizun sorta bat geratuko zaidala.

Nobela bat ere idatzi nahi nuke, baina horrek lan luzea eta jarraitua eskatzen du, diziplina handia, eta hori zaila da denboraren eta energiaren zati handi bat soldatapeko lan bati eman behar dionarentzat. Pertsonaiak baditut, egoera batzuk ere bai, baina hortik aurrera ez dut oraingoz besterik ikusten.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.