Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Auzoko eta lagun

Auzoko eta lagun

xme 2013/07/06 09:23

Auzoko eta lagun

Euskaraz sortutako kultura hartu ohi dudan arren neure eremu naturaltzat, gaur salbuespen bat egin eta gure artean gaztelaniaz idazten duten literaturgile bi aipatu nahi ditut. Kultura baskoaren eta euskaldunaren arteko kontraesan eta gatazketan sartu gabe, azken batean ondokoak ditugu, hurbilak eta, horrez gain, kasu honetan lagunak.

Jon Bilbao, asturiarra sortzez baina aspalditik bilbotartua, gaztelaniazko ipuingile onenetako bat da gaur egun, Como una historia de terror eta Bajo el influjo del cometa narrazio-bilduma ederren egilea. Nobelak ere sortu ditu, ipuinak baino entzute handiagoa duen generoa, baina ez nuke esango onarpen sozialaren bila jotzen duenik molde horretara, orain arteko eleberri guztiek baitute zerbait desberdina eta originala.

Horien arteko azkena, oraintxe kaleratu duena, Shakespeare y la ballena blanca. Dramaturgo ingeles famatua da bertako pertsonaia nagusia, Danimarkara egin beharreko balizko bidaia batean: balea zuri handi baten erasoa jasango dute itsasaldian, eta William izutu bezain liluratua antzezlan berri bat hasten da imajinatzen, balea beldurgarri baten eta hura ehizatzeko obsesioak bizi duen kapitain mutilatu eta zoratu baten arteko borroka kontatuko lukeena.

Moby Dick idatzi baino 250 urte lehenago, istorio hura Melville amerikarrak ez baizik eta antzerkilari ingeles batek imajinatu zuela planteatzea, jolas metaliterario sujerigarri bat da, batetik, baina liburu honek askoz gehiago eskaintzen digu: nobela historikoen konbentzio topikoetan sartu gabe, garaiaren marrazki osatu eta dokumentatu bat ematen digu, sormenaren inguruko gogoeta interesgarriak ere baditu, eta irakurketak ez du eskatzen aldez aurreko jakintzarik gai horietan, bere hizkera dotorea leun baitoa aurrerantz.

Txani Rodriguez laudiarra da aipatu nahi dudan beste idazlea. Kazetari gisa da batez ere ezaguna, besteak beste Radio Euskadin egiten dituen kolaborazioengatik, eta nabarmentzeko bezain eskertzekoak dira euskal literaturako egileei eskaintzen dien abegi beroa eta haien obrei egiten dizkien kritika neurtu eta arrazoituak.

Sortzaile gisa El corazón de los aviones ipuin-bildumaren eta Lo que será de nosotros eleberriaren ondoren, beste nobela batekin datorkigu orain: Agosto. Oraingoa argitaletxe handiago batean atera du, eta, gaztelaniazko sistema literarioan leku bat topatzeko apustuarekin batera, kutsu pertsonal handiko kontakizuna dela pentsa daiteke.

Ez dugu argumentua argituko, historia eta pertsonaia asko biltzen baititu bere baitan, denak ere ongi josiak eta eramanak. Azpimarragarriena, niri, familia protagonistaren geografia iruditu zait: Andaluzian sortu, lan bila Euskal Herrira etorri, eta neurri batean hemen integratu, bai, baina sorterriarekiko haria galdu gabe, haren oroiminez, eta uda oro hara itzuliz (hortik izenburua).

Immigrazio espainiarraren olatualdi ugari izan ditugu joan deneko mende eta erdian, sinbiosi ikusgarria lortu arte; eta, hala ere, gutxi idatzi da gaiari buruz: ez gizarte hartzailearen ez etorkinaren aldetik, ez euskaraz, ezta gaztelaniaz ere. Lehen belaunaldiak nahiko lan izango zuen bizimodua aurrera ateratzen, eta bigarrenetik aurrera, esango nuke integratuegiak sentitu direla arbasoen jatorriari begira jartzeko. Horregatik ere eskertzen diot Txani Rodriguezi nobela hau idatzi izana.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.