Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Ana Urkiza: “Mamuak erantzun gabe utzi ditugun galderetatik datozen beldurrak dira”

Ana Urkiza: “Mamuak erantzun gabe utzi ditugun galderetatik datozen beldurrak dira”

xme 2014/11/07 12:58
Kontakizun laburrak eta luzeak txandakatuz, beldurrak, damuak, ilusio zapuztuak landu ditu Ana Urkizak "Mamuak" ipuin bilduman. Bizikidetzaren gazi-gozoak, bikoteen bakardade konpartituak, gurasoen larritasunak, gaztaroaren ihes ebitaezina, esperantzen ihartze geldoa… Iraganetik datoz mamuok sarri: noizbaiteko mutil-laguna ager liteke bat-batean, edo bikotekide izan zitekeen baina izatera iritsi ez zena; norberaren itxaropenak eta oroitzapenak ez datoz beti bat besteak dituenekin…

Ipuin liburu berri bat idatzi duzu, hirugarrena. Aurreneko bien artean bost urte iragan ziren, eta azkenengotik hona bederatzi. Ez dakit urte asko diren, normala den… baina zein dira arrazoiak?

Bitartean beste liburu mota batzuk idatzi ditut: haur eta gaztetxoentzako ipuinak, biografia, aforismoak, elkarrizketa liburua… Ez dut sekula idatzi ez liburu batetik bestera doazen urte kopuruari begira, ez urteko produkzioan pentsatuta. Nire barrenean sortzen diren kezka eta galderei erantzuteko premia sentitzen dut eta horiei hobekien dagokien generoa hautatzen saiatzen naiz eta, tarteka, neure buruari erronka berriak planteatzen. Gai eta genero ezberdinak lantzen saiatu naiz. Ikasteko eta hazteko modu erakargarria egiten zait, eta oso pertsonala. Oraingoan, berriro ipuinekin aritzea tokatzen zen. Ezberdintasun batekin: ipuin laburrak eta luzeak tartekatu ditut, aurreko beste bi ipuin-bildumetan ez bezala.

 

Desirak izan ziren lehen liburuaren ardatza. Bekatuak bigarrenarena. Mamuak da oraingoaren izenburua; zer edo nor dira mamu horiek?

Mamuak itxi edo erantzun gabe utzi ditugun galderetatik datozen beldurrak dira. Gure baitan ezinegona sortzen dutenak eta gorputza hartzen. Batzuetan, gai gara mamu horiei aurre egiteko eta desagerrarazteko eta, beste batzuetan, handitzen eta loditzen joan daitezen uzten diegu, erremediorik gabe gu baino indartsuago egiten diren arte. Baina denak gure beldurren isla dira eta guk elikatzen ditugu. Gure esku dago haien aurrean zer nolako jarrera hartu.

 

Nola jokatzen dugu pertsonok halakoen aurrean? Berdintsuak gara denok, ala sailkapenen bat egin liteke?

Denok ditugu mamuak, katedunak eta kate gabeak. Hau da, menperatzen ditugunak eta menperatzen ez ditugunak. Existitzen direla onartzen dugunak eta hauei katea jartzen saiatzen garenak, ez ikusiarena egiten dugunak eta aske uzten ditugunak, harik eta maneiatu ezin dugun tamaina hartzen duten arte. Pertsonok, mamuen aurrean, kontzienteagoak eta borrokalariagoak edota ezkontzienteagoak eta zoriontsuagoak garela esango nuke. Nola begiratu nahi den, hori kontua.

 

Zure protagonistak, sarritan, bizitzaren erdialdean daude, haurrak dituzten emakumeak dira, atzera begiratzen hasi direnak. Hautu kontzientea izan da? Oharkabean atera zaizu horrela?

Subkontzientean eraikitzen diren beldurrek segurtasun gabezia handia eragiten dute eta belaunaldi ezberdinetako emakumeengan zer-nolako eragina duten adierazi nahi izan dut. Segurtasun gabezia hori nola azaleratzen den, protagonistek nola bizi duten, zer-nolako portaerak eragiten dituzten beraiengan… Propioki landu nahi izan dudan gaietako bat izan da.

 

Liburuaren beste ezaugarri bat: ipuin laburrak eta luzeak idatzi dituzu, eta tartekaturik aurkeztu. Estilo edo gai desberdintasunik ba al da, luze eta laburren artean?

Ipuin luzeak eta laburrak tartekatzearen zergatiak bi dira: lehenbizikoa, ipuin luzeetan mamuen eragina sakonagoa da pertsonaiengan. Arestian aipatu dudan beldurraren eragina nabarmenagoa da eta, beraz, segurtasun gabeziaren presentzia lantzeko arnasa luzeagoa izan dut. Laburretan, mamu ezberdinak aurkeztea izan dut helburu.

Bigarren helburua, ipuin luzeen pisua arintzea izan da, izan ere, gai batzuk sakonak baitira eta hausnarketarako gonbita egiten baitute. Ipuin laburren bidez, liburua irakurterrazagoa dela iruditzen zait.

 

Ipuinek, oro har, badute halako dezepzio ukitu bat, bizitzaz espero genuena lortu ez bagenu bezala.

Ikusi edo aurre egin nahi ez genuen hura onartu beharra dela esango nuke areago; dezepzioa baino gehiago, derrota sentsazioa. Eta ziurtasun gabeziak sentiarazten digun ahuldadea; iparra galdu izanaren zalantza. Zalantza mugagabea.

 

Tragediarik egin gabe, hala ere…

Ez, noski. Bizitza den bezala agertzea besterik ez baita. Hori dela eta, liburuak dezepzio puntua izan dezakeen bezala, badu askatasunari egiten dion halako aldarria ere. Hau da, mamuei kateak jartzeko gonbita.

 

Errealismo horretatik aparte, beste kontakizun batzuetan badago halako metaliteratura puntu bat: idazteari buruz idaztea, fikzioaren eta errealitatearen arteko mugak lausotzea…

Errealitatearen eta fikzioaren artean mugitzea izan da nire beste nahietako bat. Bien artean zer-nolako hari fina dagoen adieraztea. Eta, batzuetan, alde batetik bestera nolako erraztasunez bidaiatzen dugun erakustea.

Lehenengo ipuina da liburuaren abiapuntua eta, bertan, fikziozkoa den pertsonaiak erreala denarekin hitz egiten du, eta alderantziz. Galdera da fikzioa gailentzen ote zaion errealitateari edo alderantziz. Komenientziaren arabera bi planoak nahasten diren edo nahasten ditugun. Non hasten den literatura eta non mozten errealitatea.

“Idatzita dagoena” ipuinean, ostera, bi planoak ez ezik, narratzailearen eta pertsonaiaren paperak elkartrukatu egiten dira. Joko polita dela uste dut: idatzita dagoena errealitatean oinarritua dela baitiduri, eta errealitatearen berri zuena pertsonaia dela jakinarazten baita.

 

Genero asko landu izan duzu: haur literatura, poesia… Prentsan ere idazten duzu. Non zabiltza erosoen? Eta zein duzu hurrengo asmoa?

Genero bakoitza asmo edo aldarte zehatz bati erantzuteko da eta hartaz baliatu naiz momentuan sentitzen eta adierazi nahi nuena moldatzeko. Baina alde nabarmena dago literatura idatzi edota prentsan idaztearen artean: fikzioaren munduan mugitzeak barrutik kanporako bidaia egitea suposatzen du eta prentsan idazteak, ostera, kanpoan jasotzen duguna kanpora islatzea berriro, nire begirada erantsirik.

Hurrengo asmoei dagokienez, aforismoak lantzen ari naiz berriro. Laburrean asko esatearen arteak asko erakartzen nau. Hitz gutxirekin sakon aritzeak. Ardo onak bezala, aho-sabaian zaporea luzarorako uzteak.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.