Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Albo-kalte txiki bat

Albo-kalte txiki bat

xme 2014/11/28 09:51

1975ean Joan Mari Torrealdaik, soziologiako bere doktore-tesia egiteko, orduko euskal idazleak hartu zituen ikergai, eta, haien artean egindako inkesta zabal batean oinarrituta, ikerketa luze eta sakon bat burutu zuen, handik bi urtera, beste eduki batzuk ere gehituta eta Elizegi anaien argazki-galeria guztiz inportante batekin, liburu mardul gisa plazaratu zena: Euskal idazleak, gaur. Luxuzko edizioa izan zen, Jakin taldeak gauzatu eta Lankide Aurrezkiak plazaratua, garai hartan Laboraleko marketin-buru zen Luis Iriondoren izaera baikor eta gartsuari esker, besteak beste.

1995ean, 20 urte igarota, euskal idazlegoaren panorama dexente aldatuta zegoela susmaturik eta susmo hori datuetan ere egiaztatu nahirik, aurreko inkesta berritu, momentuko idazleen artean banatu, eta handik ateratako ondorioekin liburukote berri bat idatzi zuen Torrealdaik berak: Euskal kultura gaur; Jakin eta Laboralarekin batean Elkar fundazioak kaleratua 1997an. Guztiz bestelakoak ageri dira garaiko kezkak, eztabaidak, generoak (kazetari eta saiogileak ia guztiz desagertu ziren idazle aipatuenen artean, fikziogileen mesedetan), baita argazkietako aurpegiak ere, Aitor Bayok eginak oraingoan.

2015 izango da datorren urtean. Beste 20 urte igaro dira, ia-ia. Aukera bikaina idazle-jendearen argazki dinamiko horrekin jarraitzeko, gure zimurrak nolakoak diren ikusteko, urteotako aldaketa sozial, politiko, ekonomiko eta teknologikoek ofizio zahar honi nola eragin dioten galdetzeko, androzentrismo erabatekoa nola irauliz doan konstatatzeko, lankideen arteko hautuetan top-ten gustukoena nork osatuko duen kuxkuxeatzeko…

Tamalez, ez da halakork izango. Ez Torrealdaik eginda behintzat. Berari galdetuta esan digu gaiari buruz zituen paper guztiak Guardia Zibilak eraman zizkiola, Egunkariaren kontrako operazioan. Hori, orain dela ia hamabi urte gertatu zen; baina ordutik hona gai horri loturiko auziak bizirik jarraitu du epaitegietan, besteak beste Torrealdairen beraren kontrako zigor mehatxu eta guzti. Garbi dago ez dela egoerarik onena, 70 urte bete eta gero, hirugarren ikerketa monumental bati ekiteko. Espainiar zapalkuntzak euskal kulturari ekarri dion beste kalte bat; oraingo hau ez horren handia, agian, baina kaltea azken batean.

Ba al da zuen artean soziologo gazte eta kementsurik, halako proiektu bati heldu nahi dionik?

(Argia 2.439. alean ateratako iritzi-artikulua)

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.