Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Alberto Barandiaran, Tene Mujika bekaren irabazle

Alberto Barandiaran, Tene Mujika bekaren irabazle

xme 2008/01/11 12:51
Alberto Barandiaran kazetariak irabazi du Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak antolaturiko III. Tene Mujika beka, historia hurbila lantzeko proiektuak saritzen dituena. Bost atal izango ditu proiektuak, egilea bere kazetari-lanean markatu duten beste horrenbeste erreportaje edo kronikatan esan gabe utzitako gauzen arrastotik tiraka. Obsesio horretatik dator behin-behineko izenburua ere: “Atea itxi ezinik”. Barandiaran (Altsasu, 1964) Egunkaria-n eta Berria-n jarduna da, Argia eta Rikardo Arregi sarien irabazlea, eta lau libururen egilea.

Bost lan desberdinek osatzen dute zure proiektua, baina denek ere badituzte ezaugarri komun batzuk, ezta?

Ezaugarri komuna dute bostak nire kazetaritza esperientziarekin lotuta daudela. Bostak nik egindako erreportaje edo kroniketatik sortu direla (edo egin ez ditudan erreportaje eta kroniketatik). Bostak obsesio txikiak dira era berean, egin gabe geratu direlako askotan, eta deika ditudalako oso maiz. Bostak, hor ere lotura bat dago, heriotzarekin lotuta daude. Edo, hobeto esanda, bortizkeriarekin.

Erreportajeen ezkutuko alde hori, esan gabe utzitakoak eta abar, oso sarri gertatu ohi zaizu kazetari-lanetan, ala kasu bakan batzuetan?

Gertatzen zaidanean, oso gogor gertatzen zaidala esango nuke. Maiz? Nahikoa, horrelako proiektuari ekiteko.

Nolabait ere, zu zeu markatu zaituzten pertsona eta gertaerak direla esan liteke, ezta?

Bai, esan daiteke atxikimendu berezia sortu zutela niregan. Seguru asko, kazetariari ustez eskatu behar zaion urruntasuna zalantzan jartzeraino.

Goazen bost atalak banan-banan komentatzera, laburki bada ere. Bata, "Cordobako senidea", Argentinako desagertuen ingurukoa.

Egunkariarentzat landu nuen erreportaje sorta baterako joan nintzen Argentinara, eta han hainbat desagertutakoren senideak elkarrizketatu nituen. Itzuli bezperan, beste dei bat izan nuen, Cordobako lagun batena, berak ere senidea zuela desagertua, eta nirekin hitz egin nahi zuela. Baina ez nuen azkenean erreportajean sartu. Ez nion deitu ere egin, sorta osatua eta burua oso nekatua nuelako. Askotan gogoratzen dut dei hura. Askotan damu izan dut erantzun ez izana.

Beste bat, "Higinia Luz Aiestaranen argazki galdua", Auschwitzen hil zen emakume nafar bati buruzkoa.

1995ean erreportaje luzea kaleratu nuen Kz gehigarrian, Egunkarian. Kontzentrazio eremuan izan zenik ere ez zekiten senideek, eta istorio osoa berrosatu ahal izan nuen. Baina ez nuen Auschwitzen bertan preso guztiei egiten zitzaien argazkia lortu. Hura gabe, iruditu zitzaidan, beti iruditu izan zait, naziek lortu egin zutela. Froga erabakiorra suntsitu egin zutela. Inork ez zuela erabat sinistuko emakume hura han garbitu zutenik.

Hirugarrena, "Nicolasa Agirrezabalagaren gurutzea", frankistek Zaragozako presondegian fusilatutako neska baten kasua.

Lizarrako Gumersindo kaputxinoak aitortza hartu zion fusilatzeko bezperan, eta ondoren, gurutze bat ordaindu zion Zaragozako kanposantuan. Eskutitza bidali zion Mutrikuko familiari, eta amak erantzun omen zion. Gurutze harekin zer gertatu zen aztertu nahiko nuke. Nola den posible bere senideak Zaragozara hurbildu ere ez izana, sikiera hilobia ikustera. Zer egiten duen beldurrak..

Hurrena, "Jesus Ulaiarren garaia", ETAk hildako Etxarri-Aranazko alkatearen harira, hilketa 1979an, eta Basta Ya-ren omenaldia 2004an.

Omenaldian izan nintzen, eta ezagun asko ikusi nituen han, inguruko herrietako adineko jendea, Basta Yakoekin bat etorri ez arren, hildakoa ezagutzen zutelako seguru asko, lehen omenaldi publikoan parte hartu nahi izan zutenak. Orduko garaia aztertu nahiko nuke, zer gertatu zen ulertu nahian.

Eta azkena, "Martxoaren 11ko bi ordu", Madrilgo atentatuaren osteko lehen orduen gainean...

Berrian nola erreakzionatu genuen aztertu nahiko nuke. Nola jorratu genuen gaia, nola jorratu genituen antzeko gaiak.

Bortizkeriaz gainera, denetan ageri da hunkigarritasun-elementua, patetismoa, erruki edo solidaritatezko jarrera bat.

Horiek dira gu guztiok asaldatzen gaituzten elementuak, ezta?

Amaitzeko: proiektu hau, zure ikuspegian, kazetaritza-lan luzeago bat  izango da, ala kazetaritzaren mugei buruzko hausnarketa antzekoa?

Inpresioa dut bietatik zerbait izango duela.



Ander
Ander dio:
2008/01/11 18:17

Zorionak Albertori. Bere lanak asko gustatu izan zaizkit eta asmo hau ere oso erakargarria da, irakurtzeko irrikatan nago. Bekarentzat ere erabaki bikaina da, kategoriako izenak biltzen ari da pixkanaka.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.