Agendak
Urte-hasiera honi dagozkion kontuak: batetik egutegiak eta bestetik agendak. Egutegiak alde batera utziko ditut, telebistan ere halakoekin gora eta behera dabiltza-eta. Agendak, beraz.
Gure bizimodu lanpetu eta hitzorduz beteak ezinbesteko tresna bihurtu du, nonbait. Badira eskuko telefonoa erabiltzen dutenak horretarako, edo ordenagailua, baina oraindik ugari ikusten dira paperezko agendak, ez dago liburu-denda batean sartu besterik, ikusteko. Nik neuk urteak eman ditut agendarik gabe, ez beharrik ez nuelako, etxetik lanera eta lanetik etxera, zorioneko agenda galdu egiten nuelako askotan, edo non utzi gogoratu ez. Desordenatua naiz halakoekin, baina burua oraindik ondo dabilkit, zorionez, eta ondo gogoan hartzen ditut gogoratu beharrekoak.
Hala ere, urtea hasi, agendarekin hasi ohi dut, martxorako-edo sarri abandonatu egiten badut ere. Orain, berriz, zalantza batean nago: zein agenda erabili? Izan ere, batere erosi ez dudan arren, bost agenda behintzat iritsi zaizkit opari, eta gutxi harritu datorren astean beste pare bat ailegatzea.
Bateko, asko maite dudan bat, Valentziako Bromera argitaletxe katalanak urtero bidaltzen didana; besteko, gure argitaletxeak atera duena; hurrena, nire aldamenekoak erosten dituen aldizkariekin banatu eta hark niri emandakoak (Voguerena bat, oso koketoa, eta Telvarena bestea, arras praktikoa); Bertsolari aldizkariarena iritsi berri zait, bere anillekin-eta diseinu egokia duena, baina bertsolari gazte emakumezkoen argazki errepikakorrek astun egiten dutena (gure lagun Joxean Agirrek duen emakumeenganako debozio horrek, literaturan fruitu zoragarriak ekarri dizkion arren, badaezpadako emaitza izan du oraingoan).
Ea lehehenbailen hartzen dudan erabakia, zotz eginda besterik ez bada.
Telvarena ez, Xabier, praktikoa izango da, baina ateratzen duzun bakoitzean pentsatuko dute Ana Botellaren koinatua zarela. Ezin konparatu Voguerenak daukan glamourrarekin. Egin kasu, bien artean, aukeratu Voguek banatutakoa. Musu bat