Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Garrantziaren eskala

Garrantziaren eskala

xme 2004/11/10 09:33

Zer da benetan inportantea? Egunkari bat ireki, albistegi bat entzun, eta kontu berdintsuak entzungo dituzu beti: Ibarretxek Patxi Lopezi erantzunez ez-dakit-zer esan duela; azken atentatu suizidaren mendekuz Sharonek erabaki duela halako kanpamendua bonbardatzea; Athletic-eko hiru jokalari min hartuta daudela eta zalantzan dagoela igandeko partidarako prest izango diren

Egun batean inportante zirenak edo ziruditenak, ahazturik dauzkagu handik astebetera. Horren inguruko gogoeta entzun nion behin Arantxa Urretabizkaiari; esaten zuen komunikabideak egunero betetzen dituzten albisteek ez dutela egiazko garrantzirik, eta argudioa indartzeko adibide hau jartzen zuen: egunero ikusten duzun jendearekin periodikoko gai horiexek erabiliko dituzu akaso, baina bi-hiru hilabetean ikusi ez duzun laguna topatuz gero, horien ordez, azken aldian gustatu zaizun film bat aipatuko diozu, edo berak irakurri duen liburu bat gomendatuko dizu.

Komentarioak kulturazaleentzako besterik ez du balio, baina eman dezagun ontzat, printzipioz. Bi-hiru hilabeteko epea da hor esanguratsua ordea. Eman dezagun bi-hiru urte daramagula lagunaren berri izan barik. Azken aldiko film eta liburuez hasiko al ginateke? Ez dut uste. Lanpostua aldatu ote dugun komentatuko diogu; seme-alabarik jaio ote den bitarte honetan; dibortzio edo ezkontzarik izan ote den, bizilekuz aldatu ote garen. Beharbada horrexek duelako benetan garrantzia.

Hala ere, jo dezagun pauso bat aurrera. Eman dezagun lagun hori urrutira joan zela, hemengo lotura eta lokarri guztiak hautsita, hemengookin inongo harremanik izan gabe egon dela hogei edo hogeita hamar urtean, eta halako batean itzuli egin dela. Zer kontatuko genioke? Zaila da erabakitzen. Berak galdetuko liguke akaso: "Eta halako?". "Hil zen", erantzungo genioke. "Eta beste halako?". "Ez, hura oraindik bizi da". Dagoeneko, ezerk ez du garrantzirik.

etiketak: Saski Naski
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.