Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Ximaurraren Museoa

Ximaurraren Museoa

xme 2004/11/09 11:54

("Goierriko Hitza" egunkarirako idatzia)

Mende zaharretik berrira aldatze honi erreparatuz gero, gure gizartearen ezaugarri berezienetako bat izango da garai bateko bizimodu eta ohitura eta usadioei eskaintzen diegun tratu bitxia. Sasoi batean, traste zaharrak bota egiten genituen, lasai asko; hizkuntza dugu horren lekuko: zahar = txar. Gero, berriz, iragana gure ondarea zela ikasi genuen, eta zaindu beharrekotzat hartu. Hortik etorri zen, esate baterako, jatetxe guztietan antigualeko apaingarriak ipintzea, edo habe eta gapirio ketuak bistan uztea, askotan berri-berriak izan arren.

Bi joera horien artean gabiltza denok, herritar eta agintari; kontraesanekin sarritan, zurikeria dexenterekin ez gutxitan. Zumarragatik Zumaiara zihoan trena kendu egin zuten, aurrerapenaren izenean, eta handik gutxira trenaren museoa zabaldu Azpeitian, tren txiki hari omen diogun maitasunaren erakusgarri. Orain, berriz, txikitutako zubiak berreraiki eta bidea txukunduko ote duten ari dira, bizikletazaleentzako ibiltoki polit bat egiteko.

Trenbide horrena adibide bat besterik ez da, beste hainbat arlotan gauza bera ikusten baita. Baserriaren inguruko biziera eta lan-tresna tradizional guztiekin, konparaziorako, edo aurrerapen teknologikoak zaharkiturik utzi dituen industria-moldeekin. Udazkenean onttoak baino ugariago zabaltzen ari diren museoak ditugu horren erakusgarri: burdinarena, egurrarena, gaztarena, artzaintzarena Oraindik museorik ez daukaten herriak zer-suma ibiliko dira, turistak nola erakarriko. Atrebentzia barkatzen badidazue, nik emango dizuet ideia polit askoa: Ximaurraren Museoa.

Aurki ez esne-behirik ez behi-esnerik geratuko ez denez, hartu behi, zekor eta txahal batzuk; sartu osasun-baldintza guztiak betetzen dituen ukuilu moderno baina zahar kutsuko batean, hiru hizkuntzatan idatzitako panel txukunen artean; eta, ikusleen aurrean betiere, doala udal funtzionario abarkaz eta txapelaz egoki jantzitako bat azpiak egitera edo azpiak ateratzera, bisita-orduetan. Aldamenean aterpe bat, ximaurra ontzen edukitzeko, eta kalekume ekologistak, handik pasatzean, arnasa sakon hartu eta esan dezan: “Hau bai usain sanoa!”

Gari
Gari dio:
2004/11/09 17:37

Nik beti pentsatzen dut objektu guztiek dutela krisi garai bat, "demodé" fasea esaten diodana.

"Demodé" fasean dagoen objektuak arazo handia du bere existentzia justifikatzeko. Zertarako behar dugu trasto zahar hau? esan ohi dugu, eta sarritan zakarrontzira botatzen dugu.

Aldiz, ganbara ezkutu batean krisi garai hori pasatzen duten objektuek, antiguetate fasera iristeko aukera dute. Orduan, norbaitek amamaren sukaldeko armaixo hori konpondu edo txukundu eta beste sona bat hartzen du, hau amonarena zen esatean puzten gaituena.

Gupida izan ezazue beraz, demodé fasean dauden objektuetaz. Hor dago froga bestela: Kolekzionisten objektu bihurtutako poxpolo kaxa (ez hain zaharra).

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.