Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Zeure azturen berri

Zeure azturen berri

xme 2004/11/08 09:02

(Berriki "Karmel" aldizkarian argitaratua, beste poema batzuekin batean)

Zeure azturen berri
galdetzen diozu zure buruari.
Zergatik naiz halakoa
eta ez bestelakoa?
Geneek naute honetara ekarri
ala hazi eta hezi ahala
inguruak zaitu bere kasa moldatu?

Zeure buruaren berri
galdetzen diozu ez-dakizu-nori.
Beste herri batean jaio banintz,
beste guraso batzuk izan banitu,
bestelako lagunak, bestelako ametsak...

Ez da zehazki zeure biziaz damu zarelako
(aski zoriontsua izan dela esango zenuke,
hitz horren badaezpadakotasun guztiaz),
ezpada biziak aurrera egin eta noizbait
zure aldia amaituko dela sumatzen duzulako.

Eta orduan,
lehengo mugagabetasun inkontziente haren ordez
misterio beltzaren aduana aurreikusten duzunean,
atzera hasten zara begira,
oroiminaren lo-belarraren bila.
Edo, bolante-kolpe batekin,
norabidea nahiko duzu aldatu.
Helburu ziurra saihesteko baino gehiago
beste jatorri bat asmatzeko,
beste ibilbide bat irudikatzeko.

Zeure azturen berri galdetzen duzunean
ez da azturak aldatzeko
ez da zeure burua ezagutzeko.
Zeure azturen berri galdetzen duzunean
beste aukera bat eman nahi zenioke zure buruari:
orain arte bezala edo bestela,
baina beste pixka batean nahi nuke
mundu honetan iraun.

2004/06/10

etiketak: Sorkuntza
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.