Zuzenketa literarioaz
(Udaberrian, EIZIEk eta IZOk "Itzultzaile Elkarteak eta Gasteizko administrazioko Itzulpen Zerbitzuak" testuen zuzenketaz antolatutako jardunaldian eman nuen hitzaldia, idatzizko moldaketan oraintsu Senez aldizkarian kaleratu dena)
Bat. Testuen kalitatea argitaletxe batean
Argitaletxe baten egitekoa testuak plazaratzea da, eta testu horien kalitateak epaitzen du argitaletxearen lana. Beraz, testua zaintzea eta behar bezala aurkeztea, gure kasuan ez da apaingarri huts edo borondate oneko keinu: testuaren kalitatea gure bisita-txartela da, gure mailaren bermea, baita gure harrotasuna eta izateko funtsa ere.
Testu-kalitate horretan, esan beharrik ere ez dago, ezinbesteko urratsa da zuzenketa. Zehatzago esanda, azken pausoa da; azkena den aldetik, beharbada ez inportanteena, askoz probetxuzkoagoa izango baita testu-sortzaile itxurazkoak izatea munduko zuzentzailerik onena baino; alabaina, hortxe dugu gauzak txukuntzeko azken aukera, hortik aurrera alferrik izango da damua, eta horregatik da berealdikoa zuzenketaren garrantzia.
Argitaletxeetan badira etxe barruan egiten diren lanak eta kanpora ateratzen direnak, eta ez dago aldez aurretik esaterik zein non egin behar den. Administrazioa, fotokonposizioa, ilustrazioa, zuzenketa... Enpresa edo talde bakoitzaren erabakia da barruko antolamendua, nork bere neurriaren, gaitasunen eta zaletasunen arabera, baina guri hemen dagokigun arloaz esan nahi nuke oso kontuz ibili behar dela zuzenketarekin, ezin dela nolanahi eta noranahi atera.
Gurean, salbuespenak salbuespen, zuzenketa gehienak etxean bertan egiten saiatzen gara, etxekook hartzen dugu ardura hori geure gain eta geu bihurtzen gara, horrenbestez, testu horien kalitatearen erantzule eta bermatzaile.
Bi. Testuen jatorria: enkarguzkoak eta berez iritsitakoak
Argitaletxeetan testuak plazaratu eta argitaratu bai, baina gehienetan ez ditugu geuk sortzen. Neurri handi batean, kaleratzen dugun masa idatzia argitaletxetik kanpo sortu ohi da, eta jatorriaren aldetik bitan sailka ditzakegu testu horiek: enkarguz datozenak, eta eskatu gabe iristen direnak. Enkarguzkoak izan ohi dira, adibidez, ikasliburuak (nekez bururatuko zaio inori laugarren mailako matematikako liburu bat bere kasa asmatzea), baita itzulpenik gehienak ere. Berez iritsiak izan ohi dira, berriz, literatur sorkuntzazko lanak: ipuin-bilduma nahiz eleberriak, poesia zein saiakerak.
Berez iritsitako lan horiekin, argitaletxeak aukera dauka beti onartzeko edo atzera botatzeko. Erabaki horretan mila faktore nahasten dira: lanaren interesa, originaltasuna, nortasuna, haria, hizkuntzaren ederra, zuzena, grazia... dena dela, gure jardunetik kanpo geratzen da gai hori. Gauza batean loturik doaz hala ere: hizkuntza kaxkarra duten lanak atzera bota ohi dira sarritan, akats horregatixe; bestelako kontuengatik onartuz gero, berriz, hamaika lan izaten dira gero, berez herren etorri dena zuzentzen.
Enkarguzkoak, normalean, atera egin behar izaten ditu argitaletxeak, horretarako konpromisoa hartzen baitu lan bat inori eskatzean. Berez ez luke hala behar baina maiz gertatzen da ustez txukun etorri behar zuen lana kaxkar samarra izatea; burua makurtu eta hurrengorako kontuak atera beste erremediorik ez du izaten halakoetan argitaletxeak, non eta delako testua ez den zeharo eta guztiz aldrebesa, halakoak ere izaten baitira aldian behin.
Hiru. Editorearen lana
Argitaletxeaz ari naiz etengabe. Dena dela, beharbada ez da lekuz kanpo egongo terminologiazko bereizketa bat egitea. Ingelesez publisher/editor hitz parea argi bereizten dute. Publisher litzateke negozioaren arduraduna, nolabait esanda, eta editor, berriz, lan zehatz bat txukuntzeko ardura hartzen duena. Gure artean nahasian erabili ohi dira editore eta argitaratzaile nahiz argitaldari hitzak. Hala ere, artikulu honetan editore berba erabiliko dut aurrerantzean, honen lanaz jardungo baitut hemendik aurrera.
Zer egiten du editoreak? Testu bat "dela aurrez eskatua, dela berez etorria" onartuz gero, testu berori hobetzen saiatu beharko du. Labaina izan liteke hobetze kontu hori, hobe beharrez makina bat lardaskeria egin liteke-eta, baina printzipioz pentsa dezagun badakigula zertan ari garen eta ondo samar egiten dugula geure lana.
Testuaren hobetze hori maila askotan egin daiteke, mugagabeak baitira bai testuak sor ditzakeen arazo-motak bai editorearen esku luzeak ukitzen ahal dituen alorrak: edukia, haria, ulergarritasuna, egokitasuna, estiloa, jatortasuna, gramatika, ortografia, ortotipografia... Azken hirurak (beharbada azken laurak) dira espresuki zuzenketaren egitekotzat jo ohi direnak, baina etenik gabeko continuum bat dago, nire ustez, idazlanaren mamitik hasi eta komen ondoko espazioraino.
Editoreak, zuzenketa-lanak antolatzean, dena bere gain har dezake, edo bi maila bereizi eta pertsona diferenteen esku utzi: batak hartuko ditu testuaren eduki eta funtsari dagozkionak (editore deitu ohi zaionak, eskuarki), eta besteak hizkuntzarekin lotuak.
Lanen banaketa hori egiten denean ez da arraroa zuzentze linguistiko hau enpresatik kanpora ateratzea. Baina, kanpora aterata ere, azken orraztu bat argitaletxean bertan egitea komeni da, nik uste. Gure produktu diren liburuen kalitatea zaindu eta ziurtatu nahi badugu, geuk kontrolatu beharko dugu ahal den estuen, bestela hitz hutsala bihurtzen da kalitate-kontrola.
Gainera, ezin dugu ahaztu azpikontratazioaren arriskua. Orain arte esandako guztiarekin argi geratuko zen zein inportantea eta kontuz ibiltzekoa den zuzenketa-lana. Pertsona fidagarri bat behar izaten da horretarako. Eta pertsona diot, ez enpresa. Lagun batek ederki egiten duena ondoan dagoenak erdipurdi egingo baitu, teorian biek kalifikazio bera izan arren. Gaurko egunean, berriz, denok dakigu lana txukun egiten duenak gainezka izaten dituela maiz eskariak, eta pilaketa horregatik normala ere bada lanaren zati bat beste baten esku uztea.
Lau. Ikasliburuen berezitasun batzuk
Ikasliburuen berezitasun handienetakoa da edukiak guztiz baldintzaturik daudela: legezko irizpideak daude, pedagokikoak eta bestelakoak. Kontu gehienak aldez aurretik eztabaidatuak eta erabakiak daude eta, beraz, editoreak ezin du mamian muturra sartu.
Editoretza normalaz gainera, material hauen beste ezaugarri bat irudien ugaria da: argazki, marrazki, mapa, grafiko eta abar sartu behar izaten da, eta horrek sarritan testua aldatu beharra dakar, ezinbestean: laburregi geratu delako, edo luzeegi, edo irudiarekin desegoki.
Eskolako liburugintzaren bereizgarrietan, eta zuzenketaz ari garen neurrian, ezin aipatu gabe utzi EIMA (jardunaldi hauetan hitzaldi oso bat eskaini zaionez ez dut azalduko zer den eta nola jarduten duen). EIMAren zuzentze-lanak ez du ordezkatu behar argitaletxearena, honek liburuak txukun aurkezteko erantzukizuna baitu. Hala ere, gure kasuan bederen, egia da aldian behin, presaren presaz gabiltzala-eta, azken orrazketa egin aurretik bidali izan ditugula testuak EIMAren kontrolera, eta EIMAk berea egiten zuen bitartean egin dugula guk geurea. EIMAko hizkuntz teknikarien lanarekin eta irizpideekin, berriz, pozik gaude, zorroztasun-beharra baitago arlo honetan, nahiz eta egia izan, halaber, moda kontuek ere eragin handitxoa daukatela.
Bost. Literatur testu baten zuzenketa
(Adibide praktiko izenik gabeko bat landu zen hitzaldian, baina ez da oso gisakoa idazle baten lanaren zuzenketa jendaurrean erakutsi eta inprimaturik uztea. Aski bedi ondorio nagusia ateratzea: zuzentasun gramatikalaren eta edukiaren artean eremu luze eta jori bat zabaltzen da: estiloarena, eta ez da batere erraza egin beharreko zuzenketak zedarritzea edo sistematizatzea, literatur testuaren mila ñabardura hartu behar baitira aintzat).
Sei. Egile/editore harremana
Literatur obrari dagokionez, egilearen lagunik onena bihurtu behar du editoreak. Hau da: eztabaidatu egin dezakete askotan, kontra egingo dio batzuetan, errieta ere bai inoiz, baina editorearen interesik handiena testua ahalik eta onena izatea da, eta, alde horretatik, egilearen aliaturik minena da. Testua argitaratu aurreko zuzenketen eta aldaketen historia, berriz, aitortzako sekretu antzeko bat da, bien artean geratzen dena. Egileak xehetasunik kontatu nahi badu, libre du; editoreak ez.
Esan beharrik ez dago, bestalde, editoreak egiten dituen aldaketetan idazlearen adostasuna behar duela; hala ere, horrek ez du esan nahi koma bat jartzen duen aldiko galdetu behar dionik. Zehatzago esanda: idazleen arabera, batzuek milimetroraino kontrolatu nahi izaten dute testua, eta beste batzuek konfiantza zabala eskaintzen diote editoreari, bere ustez aldatu beharrekoa lasai alda dezan. Batzuekin eta besteekin desberdin jokatu behar da: itsuskeria litzateke lehenengo motakoei ezer esan gabe zerbait ukitzea, eta gogaikarria litzateke bigarren motakoei zirtzilkeria bakoitzaz galdezka joatea.
Beraz, tipologia zabal hori kontuan hartuta, bataz bestekoa eginda adieraziko dut zer kontsultatzen den eta zer ez. Lehen azaldu dudan continuum hura hona ekarrita, zenbait eta edukiari lotuago egon kontu bat, orduan eta beharrezkoagoa da egilearekin hitz egitea. Ezin da inoiz aldatu mamiari, egiturari, pertsonaiei edo mezuari dagokien ezer idazlearen baimenik gabe; beste muturrean, ortotipografiazko kontuak bete beharreko konbentziotzat jotzen ditugu eta ez ditugu inoiz kontsultatzen. Tartean geratzen dira estiloa, jatortasuna, gramatika eta ortografia. Horietan idazlearen ezaugarrien eta zuzenketarako daukan gogoaren arabera erabakiko dugu zer kontsultatu eta zer ez, kontuan harturik betiere azken hitza idazlearena dela, eta hark eman behar diola oniritzia inprimategira bidaliko den testuari.
Literaturazko testu inportanteak aldatzeko modua du beraz editoreak. Horrek ahaltsu sentiaraz dezake, beharbada, baina apal jokatu beharra dauka, beti. Irizpide propioak eta nortasuna behar ditu, idazle onenari ere aholku emateko, baina gogoan izanik sortzailea dela protagonista bakarra, eta editoreak itzalean geratu behar duela. Bere lanak harrotasuna sortzen badio, barrurako gorde dezala, eta ez dezala inoiz harrokeria bihur.
Horrenbestez, nire ikuspegian bederen, eginkizun artistikoa ez dakit baina artisauarena behintzat bada editorearena; alde horretatik, oso zaila automatizatzeko, eta ezinezkoa makinek ordezkatzeko. Hala ere, horrek ez du esan nahi ikasi ezin denik. Aitzitik, jakintza sozializatzea komeni dela uste dut nik, eta testuen hobekuntza auzolanean ari garela lortzen, hainbat jenderen lanari esker: tresna informatikoak garatzen dabiltzanak, hiztegigileak, bestelako foroetan dihardutenak... Izan daitezela jardunaldi hauek ere auzolan horretan lagun.