Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Modako pornografoa

Modako pornografoa

xme 2004/11/03 10:17

(Berria-ko "Idazlea irakurle" atalerako idatzitako artikulua, Michel Houllebecq-en Plateforme eleberriaz)

Aspaldian galdua dut nazioarteko modako idazleak eta komunikabideek haizatzen dituzten nobedadeak irakurtzeko ohitura. Presio komertzialari aurre egiteagatik, alferkeriagatik, edo denborak bere galbahea pasaraziko duen konfiantzagatik. Gehienetan pasakorrak izaten dira halako arrakastak, ahazkorrak garai batean irkarru beharreko ziruditenak.

Badira salbuespenak ordea. Nonahi agertu zaigu Michel Houellebecq azken urteetan, ezagunei ere entzun dizkiet gomendioak, azkenean irakurri dut nik ere, eta ez naiz damutzen, inondik ere: irakurleak axolagabe uzten ez dituen idazle horietako da Houellebecq: narritagarria askotan, gorrotagarria tarteka, kilikagarria ia beti.

Erreferentzia ezagun batekin erkatzekotan, hogei urte lehenago antzeko oihartzun eta eragina izan zituen Milan Kundera ekarri dit niri gogora. Izan ere, berdintsua da biek nobeletan darabilten oinarrizko teknika: argumentu bixi bat, gogoeta distiratsuz tartekatua. Aldeak ere handiak dira, noski, urteak ere ez baitira alferrik iragan: Kunderaren kezkak ideologikoagoak ziren, Txekoslovakiatik Frantziara ihes egindako antikomunista bati dagokion legez.

Houellebecqek gai eta kezka ugari darabiltza bere liburuetan, airoski eta abilki, baina bat eta bakarra da nagusia, besteak itzalean uzten dituena: sexua. Bere nobeletako protagonistak 40ak pasatuxeak dituzten gizonezkoak dira, profesional edo funtzionarioak, hiritarrak, neurotikoak, hotzak, sexuarekiko obsesiopean bizi direnak baina harreman afektiboak lotzeko berekoiak Ezaugarri horiek gaur egungo gizasemeen bereizgarritzat joz gero, gure gizartearen erretratu zorrotz eta gubidagabea egiten duela esan liteke, niri gehiago iruditzen zait gizon mota baten karikatura baina. Literaturgileak zilegi ez ezik berezkoa du era horretako metonimiak egitea (talde jakin baten joera jendarte oso baten ordezkotzat hartzea), baina Houellebecqek idazle mugatuaren trazak hartzen ditu, behin eta berriz jotzen baitu antzeko klixeetara edo errazkeri itxurako soluzioetara: adibidez, protagonistaren neska-laguna bat-batean hiltzea, bere aurreko arrakasta Les particules élémentaires hartan eta honako Plateforme honetan errepikatzen dena.

Zer geratzen zaigu beraz? Sexu esplizituzko eszena mordoxka bat, indarrez eta abileziaz idatziak, horrek ere edonor aspertzen duen arren; eta ezker-eskuin jotzeko malezia: batean hippyen mitoak, new age-aren inguruko martingalak eta oro har 68ko belaunaldiaren engainua jipoituko dizkizu; hurrengoan, turismo sexuala aitzakia edo gaitzat harturik, gogotik larrutuko ditu gizartearen hipokrisiak eta txepelkeriak. Hala ere, ohartuki edo oharkabean, nabarmen geratzen da egilearen ikuspegi arrazista eta eurozentrikoa, bereziki bortitza islamistei dagokienez, baina lausoago izanda ere aipagarria menpekotasun ekonomikoak baldintzaturiko giza harremanak ikusteko moduan. Gurea izango da beharbada arazoa, puritanoegiak izatea.

etiketak: Liburu kritikak
Unai Fdz. de Betoo
Unai Fdz. de Betoo dio:
2006/04/19 22:44

Ados nago Iban Zalduarekin, "El mundo como supermercado" oso interesgarria iruditzen bait zait, eta bertan ikus daitekelako Houellebecq-en kezkarik nagusiena ez dela sexua, zoriontasuna baizik. Kontua da gaur eguneko gizartean askotan bata bestearen ordezkari gisa hartzen dela. Guztiz gomendagarria deritzot bertan agertzen den saiakeratxo bat, "Aproximaciones al desarraigo" izenburua duena, alegia. Benetan suntsitzailea.

Kepa Lucas
Kepa Lucas dio:
2004/11/05 13:17

Nik uste dut Houllebecqek bere lanetan erabiltzen duen probokazioa, ondo planifikatutako probokazioa dela. Dirudienez, M. H., pertsonai publiko bezala, erabat gorrotagarria zaie mundu literarioko beste idazle frantziar askori. Marketing izenean ala ez, bere liburuak interesagarriak dira oso, nahiz eta gure belaunaldiaren (+ 40) mitoen kontrako zartakoak gogorrak eta krudelak izan arren. Houllebecq hobeto ezagutzeko interesgarria da bere poesiari begiradatxoa ematea. Adibidez 1999 urtean erdaraz argitaratutako "Renacimiento" liburuari. Erdaraz dago baina ausartzen naiz liburu horren bertso solte batzuk hemen jartzen (Barkatu atrebentzia):

Tarde sin bruma: “Cuando vago sin sentido en medio de las casas Veo perfilarse futuros sacrificios. Me gustaría adherirme a algún artificio. Recobrar la esperanza comprando muebles. O bien creer en el Islam, sentir un Dios muy dulce Que guiara mis pasos... "

Ondo izan.

Memon Torgias
Memon Torgias dio:
2004/11/09 11:10

Es una mierda

Iban Zaldua
Iban Zaldua dio:
2004/11/04 12:15

Aupa, Xabier: Egia esan, nik ez dut horrela irakurri 'Plataforma': uste dut gure turbokapitalismoaren disekzio zorrotza egiten dela bertan, sexuaren ardatzetik abiatuta. Ez dut uste, hortaz, Houellebecqen nobeletan Kunderarenetan baino ideologia gutxiago dagoenik: Houellebecquek gauzak oso hausnartuta dituen pertsona bat da, kontraesan asko dituen arren (berez, hain txarra iruditzen ez zaidana: batzuetan beldur gehiago ematen didate azaleko kontraesanik gabeko pertsonalitate monolitikoek); alde horretatik gomendagarria iruditzen zait bere saiakera eta testutxoen bilduma, Anagrama grisean atera zena, "El mundo como supermercado" izenburuarekin. Antiislamismoaz eta eurozentrismoaz, zer esango dizut. Irudipena daukat Plataforma argitaratu osteko polemikak baldintzatu duela zure iritzia. Jakina, pertsonai batzuek egiten diote kritika zorrotza islamismo mota bati, baina era berean narratzailea gupidagabe ari da gure gizarteari buruz. Eta eurozentrista da, gizonen nobela asko maskulinoak diren hein berean: Europatik idatzita dagoelako; baina, aldi berean, gure bizimoduaren alderdi batzuei sekulako jipoiak ematen dizkie. Beraz... Edonola ere: ni ere oso deseroso sentiarazi nau nobela honek, aurrekoak bezala.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.