Oroitzen zirea?
(Azaroaren 30 gauean eman ziren Ondarroako Kafe Antzokian Bolo-bolo elkarteak antolatzen duen "Azken agurra" testamentu-gutunen lehiaketako sariak. Leire Bilbaok eskuratu zuen sari nagusia, eta nire lan honi aipamenetako bat egokitu zitzaion. Ez da berez testu literarioa (nik behintzat ez daukat aintzat), ezpada dibertimendua, lagun batekiko konplizitatez sortua, eta jolasaren parte bat da baxenabarreraz idaztea. Xalbadorren "Esperantzaren gabeko amodioa" bertso-sorta ezaguna da abiapuntua, eta sorta horretako lehen eta azken ahapaldia datoz gutunaren hasieran)
Amodioa gauza tristea, bihotzen higatzailea
Guziz enea bezala bada esperantzarik gabea
Gizonarentzat hau baino malur handiagorik badea?
Ikusten eta ezin eskura maitatzen duen lorea
Hunela bizi baino aunitzez hobe litaike hiltzea!
()
Aitortzen dautzut, ene maitea, goiz aski banakiela
Etzintaizkela enea izan, bertze batentzat zinela
Bainan halere maitatu zaitut, ez bainezaken bertzela
Ene bihotza, bizi naizeno, izanen zaizu fidela
Zuretzat bizi ez banitaike, zuretzat hil nadiela!
Oroitzen zirea? Zonbat urte ene lagun Ferranddok pertsu horiek ontu zituela! Zu, tenore hartan, neskatila bilo-hori bat zinen, herriko eta aldirietako mutil guziak xarmatzen zinituena; ni, gazte haietarik bat, elizatik jalgitzen zinelarik edo josten ikastera joaiten zinelarik bazterretik so egoiten nintzaizuna, hitz bat bera erraiteko herabe.
Hitz bat erraitea aski izanen zela uste nuen nik, hor sendituko zinuela ene bihotza pilpiratzen eta sutzen zuen amodioaren handia, eta su horrek aski indar ukanen zuela zure bihotzaren erretzeko. Gaizo ni! Gure eskolako errientsa Mademoiselle Chantalek erakatsi Cyrano Bergerac-ekoaren ixtorioa nuen buruan barna sarturik, baitezpada, puttikoak ginelarik Kanborat ereman baikintuen herriko haurrak oro, Cyranoren asmatzaile Ronsard-en jauregi eder eta gaitz haren ikustera. Nik ez nuen ezagutzen Ronsard-ik, ez Parisen dabiltzan izkiriatzaile horietarik, bainan ez nuen urrun joan beharrik solasik gozoenak asmatzen ahal zituen artistaren atxemaiteko, Urepelen baitzen, Xalbadorrenian, ene adixkide Ferdinand Aire, xaramelarik pollitenak eta elerik eztienak kantatzen zakien artzaina.
Mendekoste-gereziak dira baratzean lehenik ontzen; hargatik uzten dute aho-sabaian halako zapore gozo-garratza. Zu izan zinen mendekoste-gerezi hori, eta Daguerre abokataren semeak ukan zuen zure gozoa dastatzeko xantza; nik, aldiz, gaizo laborari, jelosiaren garratza ezagutu nuen ene ezpainetan, nigar-xorten gaziarekin nahasirik.
Orduan joan nintzen Xalbadorreniarat, ene pena eta xangrinen kondatzera. Zonbait egunen buruan arrajiteko erran zautan Ferranddok, egina zukeela ordurako ene malurren adierazteko kantorea. Baita ene maiteñoa atxikitzeko lakioa ere, pentsatu nuen nik; baina ez: Esperantzarik gabeko amodioaren pertsuak entzun arau, begiak nigarrez hanpatzen eta urtzen zitzauzkitalarik, ezin klarkiago ikusi nuen zoin zen ene zoria eta dohakaitza: eihartzera bortxatua den haizeak hautsi abarrarena.
Pertsu horiek, hedatu zirelarik, gaitzeko arrakasta bildu zuten, hain dira xoragarriak eta bihotz-erdiragarriak. Baina Urepele, Aldude, Banka eta Baigorri aldean ere zabaldu zen, halaber, Xalbador bera zela bertze emazteki batez amorostu; erran-merran hori heldu zen Leoniren beharrietarat, eta hark (Ferranddok berak erranik dakit nik) estu hartu zuen senarra, aitor zezala, otoi, nor zen maite sekretuzko eta gorde hori. Salatu ote ninduen? Salatu ote gintuen? Ezetz erraiten zautan Ferranddok, zinemako ixtorio baten gisan asmatu zuela segurtatu omen zakon behin eta berriz, aldi oroz. Goizik hil zen Leoni, jaunak ukan dezala bere ondoan, eta beharbada susmo beltz horrekin joan zen hilobirat; susmo horrek ereman ez bazuen
Ene buruari galdetzen dakot noiz jakin zinuen pertsu horiek zuretzat eginak zirela, zu zinela horko izar ederra: lehen aldikotz entzun zinuelarik, ausaz? Menturaz, kantu-liburu bat etxerat heldu zitzauzularik, igorlearen izenik gabe, pertsu horren orria krabelin-hosto batez bereixirik? Ala abokataren semearekin bizi zinen chaletetik herrirateko bidean mitxoletak eta bertze basalili batzu kausitzen hasi zinelarik?
Nik, ordukotz, banakien zoin zen ene egitekoa munduan: kantuak dioen gisan, ene bihotza zuri fidela atxiki behar nuen, bizi nintzeno. Ez nakien ordean noiz helduko zitzautan heriotzea. Azken hitz horiek entzuten nituelarik, zuretzat hil nadiela, nik uste nuen laster hilen nintzela, bihotz-minez eta bakartasunez, eta orduan, ontsalaz, zure bihotz gogorra beratu eta gurituko zela.
Haatik, urteak iragan dira, urte anitz. Xalbador zena ere aspaldi joan zitzaukun, orai hogoita zortzi urte, omenaldi-egun hartan bihotza hunkiturik. Baina ni bizirik beti, eta zu ere bai, lehen baino higatuago bainan hala ere eder, herriko alarguntsa dotoreena, zure senar jaun auzapeza zendu zenez geroztik.
Ene malurrak min egiten zautan baina min horrek ez daut bizia kendu, bixtan da. Bertze dama bat datorkit orai, bere dailu zorrotzarekin, ene azken hatsaren ebastera eta erauztera. Ez zu baino ederragoa, baina bai ahaltsuagoa. Horregatik dautzut idazten letra ttipi hau, ez baitut uste Daguerreniatik herrira, elizarat zoazelarik egiten duzun bidean, berriz mitxoletarik nahiz beste basalilirik utziko dutan.
Horregatik, eta bertze arrazoin batengatik. Kantua zuretzat zela endelegatua dukezu jagoitik. Bainan beldur bat badut ene arimaren zolan, ba ote dakizunetz nork zintuen esperantzarik gabe maite, nork zituen basaliliak bide ertzean uzten, nork zituen eremaiten gauak eta egunak zuri pentsatzen. Lehengo mutil herabe hura naiz, emazte eder bati hitz baten erraitera nehoiz ausartu ez zena. Eta orai, solas guziak alferrik eta damuak oro debaldetan direnean, betiko ilunperat jautsi baino lehen, ene esku dardartion bitartez pot bat nahi dautzut igorri, bi aho hortzik gaberen artekoa bezain ederra izanen delakoan.
Nolazpait zuretzat bizi, eta dudarik gabe zuretzat hiltzera doan
Pettan,
Bidegainia-ko donadoa
(Azaro honen 7an beteko dira 28 urte Fernando Aire hil zela, omenaldia egiten ari zitzaizkiola -gutunean kontatzen den moduan-, eta horregatik ospatuko da, urtero bezala, Xalbador Eguna. Gutun horretan hanka-sartze handi bat egin nuen: Xalbadorren emaztea bertsolaria baino lehenago hila zela esaten dut; emazte hilaren soinekoari egin zizkion bertso hunkigarri haiek eragin zidaten deskuidoa, berez ariketa zena nik egiatzat hartu bainuen. Bestela, Esperantzarik gabeko amodioaren bertsoen jatorriaz ezin gauza handirik jakin, Xalbadorren obra luze-zabalean komentatu izan duten Aranaldek-eta ez baitute deus esan gai honetaz, edo nire irakurketetan ez dut topatu behintzat)