Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Alkate panparroi baten beharrean

Alkate panparroi baten beharrean

xme 2004/10/29 08:00

("Goierritarra" aldizkarirako idatzitako artikulua)

Aurreko batean, bi beasaindar elkartu ginen Ordiziako Barrena jauregian, han egitekoa zen kultur ekitaldi batera joanda. Etxearen atzeko lorategira jotzen duen balkoi handi-dotore horretan geundela, bistaren edertasunari begira, halaxe esan zidan lagunak: “Badakik zer falta izan zaigun beti Beasainen? Alkate panparroi bat”.

Ez naiz sartuko beasaindar eta ordiziarren arteko ika-mika zaharretan, nahiko kontu ahaztuak direla esango nuke nik, zorionez. Esaldi horrek zer pentsatua eman zidan, ordea. Izan ere, apaltasuna izango da nik agintarietan gehien estimatzen dudan gauzetako bat (kontrakoa gehiegitan ikusten dudalako, seguru asko), eta, hortaz, ezin iritzi onik izan panparroikeriaz, printzipioz behintzat; eta, hala eta guztiz, lagunak arrazoi zuela aitortu behar.

Kultura ez da inoiz gure udal arduradunen lehentasunetan egon: egunean eguneko gastuei aurre egin zaie arlo horretan, haurren eskola-gastuak ordaintzen dituen gurasoaren antzera, baina inongo anbizio, goranahi, amets ederrik gabe; normala ere bada, neurri batean: larre motzean hazitakoon fama dugu goierritarrok, eta ez gara, hori eta horrenbestez, halako pantasietan hasiko.

Batzuetan asmo handiagoak izan behar dira ordea. Eskolako gastuak pagatzen dituen gurasoa aipatu dut lehen; adibidearekin jarraituz, buru pixka bat daukan gazteak oinarrizko ikasketak baino zerbait gehixeago behar du gaur egun aurrera egingo badu: atzerrira atera hizkuntzak ikastera, master bat beharbada... Eta guraso arduratsuak inbertsio moduan ikusi behar du hori, ez txorakeriatzat hartu, nahiz eta gazteak parrandarako ere aprobetxatu aukera horiek.

Ba, herri baten kulturgintzan beste horrenbeste. Harro-harro dabiltza batzuk Guggenheim, Kursaal eta antzeko azpiegitura handiekin, kanpotarrak erakartzeko eta bertako giroa pizteko balio dutelakoan. Eztabaida luzea litzateke hori, herrian bertan lanean ari ziren taldeen lepotik osatu baitira askotan aurrekontuak. Dena dela, hauxe esan nahi nuen: kulturak toki duin bat behar duela, lana gustura egiteko eta herritarren aurrean prestigioa izateko ere bai; eta Beasainen, berriz, ez dut esango miseria gorrian gabiltzala, baina bai barregarri; nire garaian, amari levi’s prakak eskatu eta feriako bakero-tergalezkoak ekartzen zizkioten gizajoa bezala.

Hiriburuetara joan gabe, hasi begiratzen inguruko herrietara: Tolosako Aranburu jauregia, Andoaingo Bastero zentroa, Lasarteko Manuel Lekuona kultur etxea, Urnietako Sarobe, Hernaniko Biteri eta Sandiusterri, Errenteriako Niessen, Zarauzko Sanz Enea eta Munoa... Buruz ari naiz, baina ez da egongo Gipuzkoa osoan hamar mila bizilagunetik gorako herririk gu baino arloteago dagoenik kontu honetan; eta txikiago asko ezagutzen ditut, txukunago dabiltzanak.

Kontua ez da zerrenda batean zenbatgarren gauden, ez dut halako harrokeriarik nahi. Kultur bizitzari laguntzea inporta zait niri, bai beasaindarren bai goierritar guztien bizi-kalitateari begira. Beste lehentasun batzuk dauzkate udaletxean, ordea, eta badirudi kiroldegi berriarekin konformatu beharko dugula oraingoz. Noiz arte?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.