Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Adinik onena

Adinik onena

xme 2004/10/27 07:46

Nik baino adin gehixeago duen lankide eta lagun batek halaxe esan zidan orain dela zenbait urte: "Oraintxe hago hi, Xabier, edaderik onenean". Norbera baino zaharrago direnek ("Norberak baino egun gehiago bildu dituenak" formula dotorea irakurri diot berriki poeta bati) egin ohi dizuten losintxa tipikoa zelakoan nengoen, baina ez, ondotik etorri zen hasierako esaldiaren azalpena: "Urte batzuk barru hasiko zaizkik aita eta ama gaixotzen, medikutan ibili beharra, eta gero badakik..."

Joan den astean ezagun baten aitaren hiletan izan nintzen. Lankide baten amari tumore bat erauzi diote, gorputz-zati batekin batera. Beste lagun baten ama ebakuntzaren zain... Niri ez zait oraindik tokatu, baina kontu hauek atzeratu egin litezke bakarrik, ez ezabatu.

Nekez imajina daiteke gurasoen galera baino gauza tristeagorik baina, pentsatzen jarrita, atzetik dator okerrena, zain.

Domu Santu egunaren hurbilak barkagarri egingo ahal du gaurko gogoetaren iluna.

etiketak: Saski Naski
xme
xme dio:
2004/10/28 11:07

Arrazoi osoa duzu, Patxi.

Hori idatzi nuen momentuan tokatu zitzaidan aldarte ilun samarra. Geroxeago, berriki e-mail batean lagun batek idatzi zidan esaldia etorri zitzaidan gogora: "Gaizki biziko ginala-ta, dana guzurre".

Patxi
Patxi dio:
2004/10/28 09:35

Galera hori baino gauza tristegoak, neri okurritzen zaizkit, makina bat. Eta baita azken bukaera hori baino tristeagoak. Esango nituzke, baina ez nuke inor atsekabetu nahi. Matizak ahaztu zaizkizu hala ere, galera eta heriotza aipatzerakoan. Ezin da, ala! Hau denentzako! formula erabili. Kasuak eta kasuak daude. Askotan galera nahiko modu eramangarrian bizitzen da, eta bukaera ere, beste askotan, ti-ta batean iristen da, sufrimentuari toki gehiegirik utzi gabe. Beste alde batetik, nere ustez zaharren tokian jartzen gera, baina gazteon sensazioekin, eta hori ez da zuzena. Zaharrak beste modu batera bizitzen du garai hori. Inola ere ez gazte baten sensazioekin. Aldiz, halako konformidade batekin, halako "nik egin diat nerea" pentsamentuarekin, edo nekatuta, atseden hartzeko gogoarekin edo... Beste asko. Zahartzaroa modu grixean bizitzeko faktore garrantzitsu bat, gaztaroa gaizki, bildurrez, nahi ez zana egiten bizi izanagatiko damua, tristura da. Baina hortan, Xabier, badaukak zeresana, zahartzaro alaiagoa izate aldera, izan ere, oraintxe baihago edaderik onenean!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.