Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Poema zaharrenaren bila (eta II): greziar zaharrak

Poema zaharrenaren bila (eta II): greziar zaharrak

xme 2004/10/26 09:53

Testu zaharraren oihartzunak gogora ekarri zidan noizbait antzinako Greziako poetak irakurri eta gustuko izan nituela. Etxeko liburuetan miaka hasi eta "Antología de la poesía lírica griega" delako bat topatu nuen, Carlos García Gual-ek hautatu eta itzulia. Eta barruan, K.a.ko VII. mendeko Espartako poeta guduzale baten sorkarien ondoan, nire beste poema bat, guztiz ahazturik neukana. Liburua karrerako 3. kurtsoan erabili nuen, orain dela 20 urte, 20 urte nituela, eta poema ere ordukoa izango da, inoiz argitaragabea. Horra:

Gerlariak nekaturik gaude, ama, nekaturik
Ezkutuak kohorte hertsietan eraman ditugu estuki
Gure lantzek arerioen odola bilatu dute egarri biziz
Ezpata zorrotzez haizea behin eta berriro orraztu dugu
Bideetako hautsa harrotu dute gurdien gurpil koskadunek
Tripak airean lehertuta eta putreen janari ere izandu gara
Iturri guztietako ura edan dugu pozoitua zegoen jakiteke
Soto guztietako upelak zulatu ditugu
Eta arno gorrietan horditu eta bainatu
Gauean suaren inguruan herriko kanta zaharrak gogoratzen genituen
Eta izena eta itzala besterik geratzen ez zitzaien neskez oroitu
Eta negar isila egiten genuen aurpegia lagun hurkoari ezkutatuta
Beranduegi dela esanen didazue apika baina, halere, itzuli egin nahi dugu
Nekaturik baikaude gerlariok, ama, nekaturik.

Greziako poema zaharren irakurketak gizakion jarraikortasunaren sentipena ekartzen dizu, nola 2.500 urte igarota ere gure desira eta kezkak berdintsuak diren. Nire testu horrek ere antzeko jolas bat proposatu nahiko zuen: antzinako gerlarien itxurapean, gure gaurko gudariez mintzatu.

etiketak: Sorkuntza
peru
peru dio:
2004/10/27 16:56

aupa xabi, hi, pila bat gustatu zaidak poema hau! eta erabat ados nagok orain 2500 urteko barne- mugimenduen inguruan bueltaka gabiltzala dioanean. bidali ezak linterna gorrira hau, animatu hadi. besarkada bat

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.