Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / M. eta X. Etxeberria: "Denbora pasa arren, arazo existentzial berak mantentzen dira"

M. eta X. Etxeberria: "Denbora pasa arren, arazo existentzial berak mantentzen dira"

xme 2004/10/28 08:00

Itxoidazu Café de Passy-n eleberria idatzi dute Xabier eta Martin Etxeberria anaia zarauztarrek: “road movie” bat batetik, bere jazarpen eta abenturekin, eta 68ko maiatzaz geroztiko Parisen dabiltzan unibertsitarien kontakizuna bestetik. Hona, egileek txandaka eman dizkiguten erantzunak.

Asetu nire jakin-mina, hasteko: nola idazten da liburu bat lau eskutara? Edo nola izan da zuen kasuan?

Oso zaila da. Tortilla-patata bat bien artean prestatzea bezain zaila, gutxienez. Hona hemen gure errezeta: lehenik bi (edo hiru, lau...) pertsona elkartu eta egin nahi duzuena adostu: istorioaren muina, mezua, argumentua. Hau da zatirik konplikatuena, egileen arteko sintonia ona eskatzen baitu (horretan biki monozigotikoak izateak lagun lezake). Gero, osagaiak ondo aukeratu: garaia, pertsonaiak, lekuak... Guzti hori argi duzuenean, zati txikietan moztu (“kapituluak” dei genitzake) eta irakurlearentzat interesgarri izan daitekeen moduan ordenatu (liburuaren eskema edo lehen zirriborroa osatuz). Lantegi handiena dator ostean: eskemari jarraiki txandaka bakoitzak kapitulu bat idatzi. Batek patatak zuritu eta besteak arrautzak irabiatzea bezain erraza. Espezializaziora ez jotzea gomendatzen dugu, dena den. Pataten erdia batek zuritu eta beste erdia besteak zuritzea alegia, gurea bezalako bi hariko nobeletan hari bat idazle batena eta bestea bestearena izatea ekar bailezake, guztia guztiona izan ordez. Garrantzitsua da horretarako pauta bat hartzea (bi astean behin bakoitzak kapitulu bat idaztea, gure kasuan adibidez) eta batek egindakoa besteak irakurri eta zuzentzea (hari bakoitzeko kapitulu guztiek tonu bera izan dezaten). Labe horretan bi urte (gure kasuan) mantendu, atera, zuzenketa bat edo beste egin itxura txukuntzeko eta mahaira.

Bietako bat nobelagilea zen; bestea poeta. Eraginik izan du horrek lan banaketan edo testuari heltzeko orduan?

Ez. Lehen esan bezala, bion artean adostu genuen dena: argumentua, pertsonaiak, erritmoak... eta baita tonua eta idazkera ere. Era berean bion gustukoa zen molde misto bastardo bat osatu genuen, eta horri eusten saiatu gara. Nobela hau idaztera ausartu aurretik, haurrentzako bi ipuin (“Airean ere negu usaina nabari da” eta “Pako fakirra”), eta gaztetxoentzako bi narrazio liburu (“Anaiak ematen duzue” eta “Mila zortzireun eta setentayotxuan”) idatziak genituen elkarrekin, eta horrek eskarmentua eman digu.

Bakoitzaren alter ego bat sortu dugu

Liburuak bi hari ditu. Batean, X eta M izeneko bikiak Frantzian barrena dabiltza, oporretan edo. Nahita jokatu duzue autobiografia-itxurarekin; nola ikusten duzue errealitate-fikzio joko hori? Eta ez dizue beldurrik ematen jendeak dena egiatzat hartzeak?

Dibertigarria izan da zati hau idaztea, oso. Rol joko bat jolastea bezala. Bakoitzaren alter ego bat sortu dugu, X Xabirena eta M Martinena. Bakoitzaren zenbait ezaugarri exageratuz sortutako pertsonaiak dira, gu direnak gu izan gabe. Horregatik izendatu ditugu lehen hizkiarekin soilik, guk ere beraienganako distantzia izateko idaztean. Behin pertsonaiak sortuta, Pariserako bidean jarri ditugu, helmugara iristeko proba, amarru eta abentura zenbait gaineratuz. Ustekabeko zerbait gertatzen zitzaien bakoitzean, egoera horretan bakoitzak zer esan eta egingo lukeen pentsatzen genuen, erantzuna sinesgarria izaten saiatuz. Horregatik, narrazio hari hori, fikzioa izanagatik, ez dela gezurra esan genezake, edo, beste modu batera, bidaia hori errealki egin ez arren (mapak eskuan eta irudimenaren bidez baino ez), egiazkoa dela. Gero jendeak guzti horretatik zer sinistuko duen? Nahi duena, beti bezala.

**Egiazko “road-movie” bat egin duzue parte horretan, bost egunetan barrena kilometro pila, abenturak, jazarpenak, parrandak, ustekabeak... Road movierako EH txikiegia delako jo duzue Frantziara, ala kasualitatez sortu da road movie formatua?**

Bai lekua eta bai formatua argumentuak ezarri dizkigu. X eta M liburu bat idazteko (nobelaren beste haria osatzen duen kontakizuna, hain zuzen) informazio bila Parisera doaz. Hara bidean Tolousetik pasa behar dute lagun bat jasotzera, eta ibilbide horretan gauzak ustekabean okertuko zaizkie. Zarauztik atera eta Parisera heldu bitarteko bidaia horren kronika egiten dugu hari horretan eta, alde horretatik, road movie baten antza izan lezake, bai.

Aita eta ama Parisen bizi izandakoak

Beste haria ere Frantzian gertatzen da, Parisen zehatzago esanda, baina 32 urte lehenago, 1970ean. Apaizgaitegitik atera eta filosofia ikasten ari den gazte bat da hor protagonista. Hor ere ez zenuten urruti eredua...

Ez. Bai aita eta bai ama garai hartan Parisen bizi izandakoak dira, eta guk txikitatik entzun izan ditugu etxean hango kontuak: 68ko Maiatza, Euskal Etxea, goatekeak... Idazlea belaki zurrupatzaile baten modukoa izaten da sarritan, eta pertsonaiak, giroak, egoerak eta abar idazteko orduan etxetik ezagutzen genuenetik abiatu gara, zalantza gabe.

Omenaldia egin nahi izan diezue gurasoei? Badakite liburuaren berri?

Arestian esan bezala, haurrak ginenetik Pariseko istorio pila entzun izan ditugu, eta aspalditik genuen asmoa guzti horri itxura eman eta zerbait idaztekoa. Guretzat hiri eta garai horrek duen lilura transmititu nahi genuen, etxean jasotakoan oinarriturik. Horrek gurasoei omenaldia egitea suposatzen duen? Nolabait bai. Liburua idazteko, bestalde, aitak asko lagundu digu lekuen, giroen eta orduko gertakizunen xehetasunak deskribatuz. Neurri batean, nobela hau hiruron artean idatzia dagoela esan daiteke.

Dokumentazio lan handia egin duzue orduko giroa eta xehetasunak jasotzeko. Burgosko prozesuaren garaia, klandestinitate nahasia, bor-bor intelektual eta kulturala...

Ustez zerbait dakienari ikertzen hasi orduko gertatzen zaiona gertatu zaigu: ezer ez genekiela konturatu gara. Urte haiek oso bereziak izan ziren, intentsoak esango genuke, eta gure gertuko historian eragin handia izan dute gainera: 68ko Maiatza, Allenderen goraldia, ilargiaren konkista, ETAren sorrera, euskara batua, Burgosko prozesua... idazten hasi aurretik gauza asko ikasi behar izan ditugu, bai. Kontakizuna sinesgarria egiteko modan zeuden musika, liburu eta abarrei buruz informatu behar izan dugu baita ere. Interesgarria izan da.

Desilusio guztien gainetik...

Nola ikusten duzue garai hura, belaunaldi hura?

Adjektiboak oso traidoreak dira, baina jendea orduan oso idealista zela esatera ausartuko ginateke. Edo batzuk halakoak zirela, hobeto esateko, egunean egunekoari lotuta bizi baitzen orduan ere gehiengoa. Baina bazegoen uste zabaldu bat, giroa nolabait kutsatzen zuena: “dena alda dezakegu”. Gero, Atxagak esango lukeen bezala, eguneroko bizitza ikatza bezalako labezomorroak isurtzen hasi zen. Horregatik-edo, gaur egun, jendearengan kontrakoa nagusitu dela dirudi batzuetan: “ezin da ezer aldatu”. Zorionaren atea, seguruena, bi hanka horien tartean egongo da.

Dena dela, liburua ez da inola ere nostalgikoa. Gazteek ere, urte batzuk lehenagoko garai urrezkoak hain eder eta zintzoak ez zirela deskubrituko dute...

Bai, eta hori da hain zuzen ere bi hariak batzen dituen sentimendu komuna: dezepzioa. Nobelako protagonistek, bai hari batean zein bestean, idealizatuta dauzkate pertsona, mugimendu edo oroitzapen jakin batzuk, baina liburuko gertaeren ostean, usteak esaerak dioen moduan suertatuko zaizkie: erdia hutsa, eta bestea putza. Dena den, desilusio guztien gainetik aurrera jarraitu beharra helarazi nahi izan dugu nobela honen bitartez. 68an zioten moduan: izan gaitezen errealistak, eska dezagun ezinezkoa dena.

Hasieratik zenuten garbi bi hariena, edo nola sortu da?

Denbora pasa arren arazo existentzial berak mantentzen direla erakutsi nahi genuen: bizitzan aurrera egiteko idealen beharra, ametsen zapuzte logikoa eta horrek eragiten duen nora eza. Bi kontakizunetan gai hori jorratzen dugu, nahiz eta batean alde politiko edo ideologikoa ukitu eta bestean sentimentala. Nahiz eta argumentuaren aldetik lotura puntu bakarra izan, izpiritua beretsua dute horregatik, eta batak bestea osatzen duela iruditzen zaigu. Horretan saiatu gara behintzat.

Bata ganberroagoa, bestea dentsoagoa

Tonua-eta diferenteak dituzte, oso.

Bai, X eta Mek protagonizatzen duten kontakizuna askoz ganberroagoa da, bai gertaerengatik eta bai idazkeragatik. Erritmo azkarra eman nahi izan diogu, hizkuntza ere Parisera doan auto horren barruan sartuta. 1970ean kokatzen dena, berriz, pausatuagoa eta dentsoagoa da, deskribapen eta gogoeta gehiagorekin. Bi ahotsetara kantatutako istorioa osatzen dute nolabait, eta hari bat isildu edo lasaitzen denean bestearen intentsitatea areagotzen saiatu gara, irakurlea tentsio horretan harrapatuta mantentzeko betiere.

Zer inpresio utzi nahiko zeniokete irakurleari, lana amaitzean?

Guk gustura irakurriko genukeen liburu bat egiten saiatu gara eta, beraz, edonork gustura har lezakeena. Abentura eta hausnarketa dosi egokian nahasteko ahalegina egin dugu, nobelan kontatzen dena azalekoa izan gabe entretenigarria ere gerta dadin. Lortu ote dugun, irakurleak esan beharko du.

Hasierara itzuliko naiz: nork bere karrera segituko du orain, ala literaturako bikote moduan segitzeko asmoa duzue?

Beste proiektu batean batera lanean ari gara oraintxe bertan, eta oso ilusionatuta gaude. Hortik aurrera zer? Ez dakigu. Bogartek Casablancan zioen moduan: Ez dakit bihar zer egingo dudan; ez ditut planak hainbesteko aurrerapenez egiten. Elkarrekin idazten ondo pasatzen dugu, baina horrek ez du esan nahi bakoitzak bere aldetik joko ez duenik. Edozein modutara, bizitzak ezkondu gintuen, eta genetikarekin dibortziorik ez da posible.

etiketak: Editore lanak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.