Poema zaharrenaren bila (I): Arestiren imitazioa
Juanra Madariaga adiskide eta poetak eskatu dit bilatzeko poema zaharren bat (nirea ahal dela) eta komentario labur batekin bidaltzeko Nontzeberri.com webgunera. Hasi naiz begira eta, horra: Arestiren Harri eta herri liburuan aurkitu dut, neure eskuz idatzita, poema antzeko bat. Harri eta herri 1964an kaleratu zen berez, ni jaio nintzen urtean, baina etxean dudana edizio elebidun bat da, Maldan behera-rekin batean Javier Atienza delako lotsagabe batek "hitz goxoz esatearren" Cátedra argitaletxe madrildarrerako 1979an prestatua, nik euskaraz erositako lehen liburua. Hala dio lehen orrian eta arkatzez idatzitako poemak:
Nere poesia honek
bost pezta bakarrik
balio du.
Besterik ez.
Irakurtzen
bukatzen duzunean
atera zaitez kalera,
eta lurrean,
eroria, botata
pobre bat ikusten duzunean
emaiozu bost pezta
nere partez,
nere alde,
niregatik.
Ez da poema ona, bistan da. Nire zurigarri esan dezadan 16-18 urte bitartean idatziko nuela. Nabarmen bezain disimulatu gabea da Arestiren imitazioa (mila aldiz zabarrago, noski), eta horrek beste kontu bat dakarkit gogora. Asteburu honetan Sautrelan ikusi nuen Rafa Egiguren poeta hernaniarra. Egiguren (1948) Donostiako Santo Tomas Lizeoko lehen promoziokoa edo lehen promozioetakoa da. Beraz, beste batzuon hezkuntza literarioa Espronceda eta Becquerrek osatu zuten bitartean, "Sagasti txuri, sagasti gorri / inguma-atsegintokia iduri" ibiliko zen bera. Hala ere, Egigurenek eta bere lagunek kontatua da, eredu horiek ez zietela balio, ez zutela ezer konprenitzen, eta Arestiren Harri eta herri egundokoa izan zela beraientzat, ulertzen zutelako batetik, eta imitatzen erraza zelako bestetik.
Erraz mespretxatzen dugu imitazioa, sortzaileak orijinala izan behar duelakoan, baina artistaren bilakabidean ezinbesteko urratsa izango da seguruenera. Horrek ez du esan nahi imitatzen hasitako guztiok gauza txukunak sortzera iritsiko garenik baina.