Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Mondegreen & Palestina

Mondegreen & Palestina

xme 2004/10/22 08:00

(Luistxo Fernandez eta Eibarko lagunei, Mendigreen-ek)

Mondegreen deitzen diote ingelesez abesti batean, berez dagokion hitz edo esaldi baten ordez beste bat kantatzeari, oharkabean, hala delakoan. Berbaren berri Luis Fernandez idazle eibartarrak eman zidan, eta eibartarren posta-zerrendan mezu-truke benetan dibertigarria izan zen orain dela hilabete batzuk, gai hau dela-eta.

Mondegreen fenomenoaren adibide pare bat ematearren, Fernandezek berak umetan, "Aitorren hizkuntz zaharra" kantatzean, "munduaren aurrean / bisontia saldu" esaten omen zuen, sano-sano, eta bere seme koxkorrak, gaur egun, David Bisbalen arrakastak interpretatzen omen ditu etxeko sukaldean: "Andre Maria, cuándo serás mía" edo "Tuberia, tuberia", esaterako.

Azken urtean irratian hainbat aldiz entzun dut Joseba Tapiaren abesti bat, nik "Guapa, guapa, guapa, guapa" deitzen nuena, leloak hitz hori lau aldiz errepikatzen duelako. Zuelakoan, esan beharko nuke. Izan ere, Koldo Izagirrek egindako letra osoa eskuratu nuenean ohartu nintzen guapa ez baizik Wafa esaten zuela; geroxeago jakin nuen Wafa Idris-en oroimenez egina zela kantua, hura izan baitzen, gorputza lehergailu bihurturik, ekintza suizida batean bere burua hil zuen lehenengo emakume palestinarra. Palestinako lehenengo emakume martiria, esango nuke.

Gaur aurkezten dugu Bilbon Palestina, zure mina deritzan liburua, Begoña Bilbao bermeotarrak idatzitako eleberria, eta liburuaren abiapuntuan paratu dugu Tapia eta Izagirreren kantuaren zati txiki bat:

Oliba mikatza izanda
Nahi zenuke gozoan
Gozotasun horregatik
Maite zaitut osoan

Kufiya lepoan
Horra zein gazte doan
Wafa! Wafa! Wafa! Wafa!
Sua bihotzondoan.

Begoña Bilbaoren liburuan kontatzen du zelan emakume gazte bat erietxe batean esnatzen den, Gazan, buruan kolpe handia duela eta ezer gogoratzen ez duela. Amnesiatik sendatu ahala joango gara ezagutzen bere historia, eta haren begiradaren bitartez deskubritzen lurralde okupatuetako egoera.

Nobela politikoa egin du idazleak, disimulu barik, baina egunotan Jabalyako errefuxiatu gunean (liburuko gertaleku nagusietakoa) eta Gazako beste hainbat lekutan gertatu direnak ikusita, ezin esan errealitatea itxuraldatu duenik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.