Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Europa, oi Europa!

Europa, oi Europa!

xme 2004/10/21 08:00

(Berria-ko Idazleak irakurle atalerako egindako erreseina. Stefan Zweig: El mundo de ayer (memorias de un europeo). Arg: El Acantilado, 2001, 546 or.)

Entziklopedietako azken orrian agertzen den idazlea da Stefan Zweig, garai batean oso irakurria eta bere ospea boladaka berritzen dena. Euskaraz ere itzuli zaio zenbait gauza, eta gaztelaniaz berriki berrargitaratu da haren obra gehiena, tartean bere autobiografia: Die Welt von Gestern (Atzoko mundua).

Argitu dezadan hasteko: intimitaterik gabeko oroitzapen-liburua da hau, garai baten eta belaunaldi baten lekukotasuna eman nahi duena geroari begira, eta, hortaz, bere bizitza pribatuak ez du lekurik bertan, giro orokorraren argigarri izateko ez bada. Izan ere, garai harrigarri bezain miragarria egokitu zitzaion Stefan Zweigi, nahiz eta egia izan, bestalde, XX. mendean behintzat, haren ondotik etorri diren belaunaldi guztiek ere antzeko sentipena izan dutela, patu berebiziko bat bizitzearena.

1881ean jaio zen Stefan Zweig, Vienako familia judu aberats eta kulturazale batean. Horko ezaugarri guztiek markatu zuten haren bizia: Vienarra izateak, inperio austro-hungariarraren hiriburua kultura klasikoaren bihotzetako bat izan baitzen XIX. mende osoan eta baita, modu tragikoago batean, XX.aren hasieran; judutartasunak, bera sionismotik nahiz hebraierazaletasunetik guztiz urrun eta kultura aleman eta europarrean asimilaturik bizi izan arren, iguruko antisemitismoak bere bereizgarri hori nabarmendu zuelako, Hitlerrez geroztik batik bat; familia aberats eta kulturazaleak, azkenik, horrek aukera eman ziolako, gaztetatik, bere zaletasun artistikoak nahi bezala garatzeko: lanbidearekiko kezkarik gabe ikasi, mundu osoan barrena bidaiatu, Europa osoko artistak ezagutu, sortzaile handien eskuizkribuen bilduma egin

Dela garaiaren zertzelada bereziengatik, dela asturu hutsagatik, egundoko jeinu-tropela batu zen mende hasierako Viena hartan, bai idazletzan, bai musikan, bai pinturan. Bor-bor intelektualarekin batera joan zen historiaren dardara ere, hortxe egokitu baitzen milurteko inperioaren zatiketa eta monarkiaren amaiera, beste mila aldaketarekin batera.

Testuinguru honetan, bere bizikizun, ideia, sentimendu eta harremanen berri ematen digu Zweigek prosa dotore eta ebokazio-indar handiko batean. Malenkonia burgesa dario bere haurtzaroko Vienako artezaletasuna oroitzean; analisi zorrotza, ikasketa-garaiko zurrunkeria aztertzean; lilura zintzoa, ezagutu eta maite izan dituen artistak gogora ekartzean: horietako asko gaur ahaztu samarrak ditugu, baina beste zenbaiten eraginak gaur arte iraun duela esan liteke: Rilke, Herzl, Feud

Politikarekiko interesik gabeko kulturalista da Zweig, artea bilatzen eta miresten duena, baina historiaren atzaparra gainera etorri zitzaion behin eta berriz, eta duintasunez jakin zuen erantzuten. I. Mundu Gerra iristean, elkar hiltzen zebiltzan inperioen nazionalismoaren kontrako eta Europako herrien anaitasunaren aldeko sutsua zenez, ideia horien propagandan ahalegindu zen, inguruko belizismoari muzin eginez, presioak presio. II. Mundu Gerraren atarian ihes egin zuen Austriatik, eta Brasilen egin zuen bere buruaz beste, 1942an, liburu hau idazten amaitu eta handik gutxira.

etiketak: Liburu kritikak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.