Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Sustraiei loturik, sustrairik gabe ere

Sustraiei loturik, sustrairik gabe ere

xme 2004/10/20 08:00

Donostiaren aldirietan hazi diren industrialde moderno horietako batean egiten dut lana, garai batean erreka-zulo izan eta urte gutxian bulegoz eta zerbitzu-enpresaz bete den inguruan. Enpresen eta enplegatuen ondotik, normala den bezala, tabernak eta ostatuak hasi dira zabaltzen, kafea dela, bazkaria dela, sabela non ase eduki dezagun.

Taberna-jatetxe horietako bat zabaldu ziguten aurreko batean, eta, inaugurazio-egunean, zerbaitera gonbidatuko gintuztela-eta, horra joan ginen lankideetako batzuk. Pintxoa esku batean eta txakolina bestean, hor ari ginen gu berriketa alaian, eta, gazte jendea euskaraz sumatzeak poztuta-edo, guregana inguratu zen han zebilen agure bat ere.

Adinekoa baina pixkorra zen gure xaharra; auzo hartan bertan jaioa, garai bateko eta gaurko kontuez aritu zitzaigun: orain udalak ijitoentzako utzia daukan etxea nola eskola izan zuten, orain putetxea dagoeneko horren ondoan zegoela bere jaiotetxea, orain galzorian dagoen igel mota berezi baten bizilekuak...

Bizi, ez zen bertan bizi, baina ezta urruti ere: kilometro pare batera-edo. Hala ere, ahal zuenetan haurtzaroko txokoetara inguratzen zen hura nonbait, txoko haiek guztiz aldatuta eta bestelakotuta egon arren. Biharamunean, kotxean etxerantz nindoala, inguruko beste taberna bateko atarian ikusi nuen eserita; informatika-lantegien lekuan bere umetako artasoroak ikusten ote zituen pentsatu nuen neure artean, auto-ilaren ordez orduko gurdi eta mandoak... Sustraiak galduta ere sustraiei lotuta jarraitzen zuen gizonak, nolabait ere.

Eta handik pixka batera, neure barrenera begira, ni ere antzera nenbilela konturatu nintzen: betidanik bizi izan naizen inguruan bizi naiz orain ere, baina, pentsatzen jarrita, mutiko nintzeneko ia ezertxo ere ez da gelditzen han. Oraindik ez naiz hasi auzoko tabernetan sartu eta gaxteei sasoi bateko gauzez kontu kontari, baina auskalo, bide txarretik abiatua naizela esango nuke...

etiketak: Saski Naski
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.