Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Kolonizazioa/deskolonizazioa

Kolonizazioa/deskolonizazioa

xme 2004/10/19 08:00

Larunbatean hasi zen Larrabetzuko Bihotz Bakartien Klubak antolaturiko Literatura Eskolaren ikasturtea, Arantzatzuko poetei buruzko saio batekin, Arantzazun bertan. Salbatore Mitxelenaz hitz egin nuen neronek, Bitoriano Gandiagaz Joxe Azurmendik, eta bazkalondoan, hango artelanak erakutsi eta komentatu zituen Ismael Manterola arte-irakasle eta kritikoak.

Salbatore eta Gandiagaz ari ginela, Antonio Arruti poeta frantziskotarra aipatu zuten, bai Joxe Azurmendik hizlarien aulkitik, bai Joseba Intxaustik entzuleenetik, eta haren berri laburra ematea pentsatu dut. Izan ere, idazle guztiz ezezaguna izango da zuetako gehienentzat; halaxe zen niretzat ere orain dela urte batzuk haren obraren edizioaz arduratu behar izan nuen arte.

Arruti 1882an jaio eta 1919an hil zen, nahiko gazte zela beraz (Salbatore Mitxelena jaio zen urte berean). Ez da izugarri poeta ona, baina bai esanguratsua, eta sintoma bezala du interesa. Zeren sintoma? Kolonizazio eta deskolonizazio mentalarena. Oikian jaio zen Arruti (Zumaiako auzoa, gaur autopista ondoko oilaskoen haztegiagatik ezaguna), eta mutikotan fraide bidean jarri zen edo zuten. Azkarra zen nonbait eta Erromara bidali zuten ikastera, teologia-irakasle jardun zezan gero.

Baserri giroan hazia, erdararen ponpoxokeriak liluratu egin zuela esan liteke, edo ondorio hori ateratzen dugu behintzat haren gaztetako poemak irakurrita. Adibide moduan bat oso polita emango dut, meza berria ematera-edo jaioterrira itzuli zenekoa: "Una visita a mi aldea". Hona, hasierako ahapaldia:

Anteayer he visitado mis dulces paternos lares,
Y he pasado breves horas contemplando los lugares
Do raudas se deslizaron mi juventud y niñez.
Está cual dejé mi aldea: con sus montes, con sus ríos,
Y en simpático desorden sus humildes caseríos,
Fiel imagen de la amable vascongada sencillez.

Horrelako beste hamabi bertso ditu; gehiegi denak kopiatzeko, baina bakar horrekin antzemango zenioten gaztelania hanpatuari eta begirada paternalistari. Beste pasartetxo bat, zuen aho-gozagarri:

Así viven en mi aldea, venturosos y felices,
Cultivando sus riberas abundosas en maíces,
Con sus vacas que los surten del nectáreo licor;
Anteponinedo mil veces a cualquier otro regalo,
como buen baserritarra, yo pedí leche con talo,
Que en el acto prepararon y sirvieron con amor.

Handik urte batzuetara, ez Euskal Herrian baizik Erroman konturatu bide zen nazioen askotarikotasunaz, eta berak bazuela bere herria, bere hizkuntza. Erdal poemen artean euskarazkoak sartzen hasi zen, eta laster batean euskarazkoak egin zituen bakarrik. Estiloa askoz ere soilagoa izango du orain; batetik, espainieraren baliabide erretoriko ongi landuak falta dituelako; baina, bestetik, jarrera apalago batekin ari delako ere bai, nire ustez. Konparaziorako, "Agur amatxo maitea" bere azken poemaren lehen eta azken bertsoak ekarriko dizkizuet:

Zugandik aldenduta aspalditikan, ai!
Ezin egon, Amatxo, ezin egon alai;
Baña gogoraturik dala zure eguna,
Pozez bidaltzen dizut gaur agur biguna.

Egon arren urruti nere sorterria
Daukadala dirudit aurrean jarria;
Uri benetan maite zaitudana jakin
Zure zati bat beti dagola nerekin.

Inork Arrutiri buruz gehiago jakin nahi badu, "Olerki galduak (recuperación de un poeta olvidado)" du izena haren lanak biltzen dituen liburuak; Joseba Intxaustik ohi duen bezain zehatz prestatu zuen edizioa, baita 100 orritik gorako sarrera guztiz dokumentatu bat ere. Joxe Azurmendik, berriz, epilogo harrigarriro bikaina paratu zion; bikaintasuna egiten duen orotan du Azurmendik, eta harrigarria ez da berez kalitate hori, baizik eta joko gutxi ematen zuen poeta ez oso nabarmen baten aitzakiaz nola idazten duen hitzondo jenial bat.

etxeko txikia oikiatik
etxeko txikia oikiatik dio:
2006/02/18 17:21

Ba hau ezusteko ederra, oikiar bat Erroman, poesia idazten, ai! los paternos lares!!

Internetan ba al dago Arrutiren lan gehiago?

Eskertzen dira honelako oharrak, ezjakintasunari aurre eginez. Batzutan etxe atarian daukaguna ere ez dugu ezagutzen.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.