Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Dir-dir eta dar-dar

Dir-dir eta dar-dar

xme 2004/10/15 08:00

(Ipuin izugarriak ipuin-antologiaren sarrera)

Orain dela hamar urte, 1994an, Ipuin bakarrak izeneko bilduma bat prestatu nuen, 80ko hamarkadan ipuingintzak eman zituen harribitxietatik bazter samarrean geraturiko perla bakan batzuk erreskatatu nahian. Zenbateraino lortu nuen ez daukat jakiterik, eta ahazturaren kontrako borroka aldez aurretik galdua dugula ere esan liteke; nolanahi dela, harako hark kantatu zuen moduan, ahaleginaren faltan ez daukat kontzientzian zorrikan.

Lehenaz gainera beste sorta batekin natorkizu orain, 90eko uztatik nire aukera eskaintzera. Hautaketarako oinarrizko irizpideak “ipuin bakarren” bilduma hartan erabili nituen berberak izan dira, hots, istorioa ona izatea eta bakandurik egotea, dela egileak geroztik besterik idatzi ez duelako, dela ipuin hori bere bildumaren batean jaso ez duelako; lehengo irizpide horiekin ez nuen aski, ordea; hautatze-sistema horrekin potpourri gustagarri bat osa nezakeen, eta hemen daudenak baino ipuin gehiago sartu ere bai, baina beste zerbait erantsi nahi izan diot bildumari: esanahi bat eman ipuinen arteko lokarriari, nortasun bat guztien arteko batasunari. Liburuaren irakurketak berak argitu beharko du zein den lotura hori, zertan datzan izaera hori; hala eta guztiz, zerbait aurreratzea zilegi bazait, nik esango nuke istorioen biribiltasun teknikoa bezainbat edo gehiago, irakurlearengan hunkipen moduko bat pizteko ahalmena bilatu dudala. Dirdira hutsetik dardarara igarotzeko gaitasuna, alegia.

Ipuinek hurrenkera kronologiko bat daukate, argitaratu ziren dataren araberakoa; joan-etorriko bidaia bat ere ikus dezakegu, ordea, ordena horretan; zentzu bikoitzean gainera: ipuinen gai eta giroan, batetik, iraganetik etorkizunerako ibilaldi bat daukagu, eta beharbada atzerako jauzi bat azkenean; estiloan, bestetik, fantasiatik abiatu eta bertara itzuliko gara, errealismotik igaro eta gero.

Lehenengo ipuina, “Isuritako ura ez da batzen”, Begoña Bilbaok idatzi eta 1991n Irun Hiria saria irabazitakoa, XX. mendearen lehen erdian kokatzen da, baina era berean esan liteke “betiko” Euskal Herri bat erakusten digula, mendez mende transmititu diren bere lan-modu, ohitura eta sinesteekin. Gizarte tradizional horrekin lotzen da konta-modua ere, ahozko ipuin magikoen taxua eman baitio idazleak narrazioari. Deigarriena, baina, ez da ipuinaren denbora antzinakoa, ez teknika klasikoa, ezpada "bere idazkera sinplean eta moralismo eskematikoan" kontakizun miresgarriari darion indar berebizikoa, XXI. mendean primario samarra irudituagatik (edo halakoxea izateagatik) are benetakoago eta bortitzagoa.

“Ez dut biharko egunik ikusiko” Zorion Zamakolak idatzi zuen, eta beroni esker Bilboko Gabriel Aresti ipuin saria irabazi zuen 1993an. Gerran gertatzen da istorio nagusia; edozein gerra izan zitekeen, baina gure artean Gerra aipatzean 36koaz ari gara, denon oroimenean zizelkaturik geratutako gertaera mitikoa balitz bezala. Hori ipuin honetako denbora erreala da ordea, kontakizunak bai baitu denbora irreal eta mitiko bat ere. Ez dut gehiegi aurreratu nahi ipuinaren edukiaz (irakurlearen plazera eta emozioa zapuztea bailitzateke) baina baliabide hori "denboraren etena eta errealitatearen beste maila batera igarotze joan-etorrizkoa" aspaldikoa bezain egungoa da: orain dela mila urte hainbat kulturatako ipuin miragarrietan bezala gaurko idazle modernoetan agertzen dena.

“Etxerako bidea”, Txilikurena, Debako Tene Lehiaketako irabazlea 1994an. Hemen ere 36ko gerra daukagu muin-muinean, baina ezberdintasun nabarmen birekin. Batetik, pertsonaiak eta gertaerak gaur egun kokatu ditu egileak, eta gerraren aipamena hura bizi izandako zaharrek egindako kontakizunera lerratu da; bestetik, aurreko biak ipuin fantastikoak baldin baziren, hau errealismora igaro da. Azpimarratzekoa iruditzen zait gaiaren aldetik egileak egindako modulazioa: erritmo mantso batean, hasieran badirudi famili erretratu kostunbrista bat eskainiko digula; gero, pixkana-pixkana, datu-bilketa etnografiko baten antza hartzen du; eta azkenean ageri da egiazko gaia, eta orduan lehertzen da barruan daukan indar emotibo guztia.

“Kontaktua”, Luis Fernandezek idatzi eta 1996an Tene Lehiaketa irabazitako ipuina, gure artean inoiz asmatutako istorio sozialik biribil eta indartsuenetakoa da. Hemen ez da 36ko gerraren aztarrenik; gerra, hemen, bestea da: estatuaren eta euskal insurjentziaren artekoa, nolabait esatearren. Gizarte-zertzeladak bikain marrazteaz gainera, historiaren une jakin bat maisutasunez jasotzen du Fernandezek, eta deigarria da erretratatzen duen aldia eta idazten duenekoa guztiz hurbilak direla, askotan esan baita literaturak urteen distantzia behar duela errealitatea behar bezala islatuko badu. Umore tonuan dago kontatua, eta irakurleak irri egiten du uneoro protagonistaren ibilera xelebreekin, baina azkenerako irribarre hori izoztu bezala egiten da, espresuki esan gabe ere gizatasunak bere mugak dituela adierazten baitigu egileak.

“Adibidez” Ana Moralesen ipuina (Bilbo Hiria 1997an irabazitakoa) euskaraz gutxi landu den genero bateko ale bikaina dugu. Gure garaian girotu eta estilo errealista batean abiatu arren, apurka eta oharkabean bezala fantasiaren eremurantz lerratzen da, giro itogarri eta kafkiano batean sartuaz emakume protagonista eta harekin batera irakurlea. Zientzia fikziorik onenaren moduan, dibertimendu ederra eskaintzeaz gainera esanahi politikoa ere badu istorio honek, itxuraz absurdoa den egoera horrek nabarmen erakusten baitigu gure munduaren faxistizatze orokor eta hazkorra. Alde honetatik, bere osotasunean irakurri behar da ipuina, lehen parteak arinagoa eta biziagoa dirudien arren amaierak azken eta behin betiko mailukada ematen dio eta.

“FOAF tale” Julen Gabiriak idatzi eta orain arte inon argitaratu gabeko ipuina dugu, egileak aspaldi samar guri utzia eta bilduma honetan sartu gabe utzi nahi ez nuena. Izenburuak berak adierazten digun moduan (FOAF tale = Friend of a friend’s tale = Lagun baten lagunaren istorioa), leienda urbanoak dira gaia: gure hirietako folklorea, egungo mitologia berria. Egileak abilezia galanta erakutsi eta ipuin jostagarri bezain modernoa idazteaz gainera, gaiak berak interesa duela iruditzen zait; hitz potolo eta pedante bat erabiltzen uzten badidazue, neoprimitibismo antzeko bat azaltzen baitu, gaur egungo gizarte globalizatuaren beldur atabikoetara itzultzea (inoiz alde egin baldin bazuen); eta fantasia da, noski, inkontzienteko izu-laborri horiek adierazteko modua.

“Briko-higuina: egizu etxean konplikaziorik gabe”, Harkaitz Canoren ipuin labur eta efektista bat da, Napartheid-ek feismoari eskainitako alean agertu zena eta gure bilduman bazkalburuko gisa paratzeko egokia iruditu zaidana. Aurreko istorioaren ildotik berau ere leienda urbano bihur litekeela esan liteke, eta argi erakusten digu, bestalde, egungo kontalari originaletako baten talentua, bai irakurlea dibertitzeko, bai aztoratzeko. Milurteko honetako literaturak sentipen horiek lantzen segituko duen esperantzan.

lander
lander dio:
2006/02/19 20:39

nahi nuke leienda bat fantaziazkoa izatea eta ezdet iñun bilatzen zer egin behar det

markos zapiain
markos zapiain dio:
2004/10/14 21:39

saiatu nauk aspaldiko mezu bat, Herodes Erregia, zegokion egunean sartzen (1.999ko udaberria)eta ez zidak onartzen; gero, biharko egunarekin, hik bezala, eta kale berriro.

lastima, blog-en ikastaroa egin ez izana

markos zapiain
markos zapiain dio:
2004/10/14 21:00

ohar bat, Xabier: oraindik ez duk urriaren 15, are gutxiago ostirala

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.