Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Bonifazioren testamentua

Bonifazioren testamentua

xme 2004/10/14 09:56

Bart arratsean, nire herriko geltokian nengoen, trenean zetorren norbaiten zain. Joan-etorrian dabiltzanez gainera, egonean egotekoak ere izaten dira tren-geltokietan. Gure herrian, behintzat, erretiratu taldeak ibiltzen dira, nasan gora eta behera eguraldi goxoarekin, eta kalefakzioaren epelera bilduta hozten duenean. Atzo berogailuaren aldia zuten noski, eta hor ari ziren, aulkietan eserita, kontu-kontari.

Ni handik metro batzuetara nengoen, azken Nobel saridun Elfriede Jelinek-en liburu batekin, baina aldameneko gaztelau zaharren berriketara zihoakidan belarria. Azkenean, nobela utzi eta zahar haietako bat kontatzen ari zen istorioa entzuten jarri nintzen ni ere, disimulu gutxirekin.

Gizon horren herrian, bera txikia zela, etxeetan urik ez-eta, urketari bat hartzen zuen udalak, iturritik ura ekarri eta bizilagunei banatzeko enkarguarekin. Herria pobrea izan urketariari ordaintzeko, eta Bonifazio eta Emeteria senar-emazte are txiroagoei eskaini zieten lanpostu hori, soldatarik gabe baina udalak etxe bat uztearen truke. Udalarena omen zen urketan zerabilten astoa ere. Jendeak borondate onez ematen zizkien propinatxoak beste irabazpiderik ez, beraz, Bonifazio eta Emeteriak.

Hasi omen ziren senar-emazteak beren lan horretan, baina, Bonifazio gaixotu egin omen zen halako batean. Emeteriak egin behar lan guztia. Herritarrek galdetu egiten zioten, zer zuen Bonifaziok, eta "gauza onik ez" erantzuten Emeteriak. Urteak-eta, bizimodu txarra-eta, urteetako miseria-eta. Baina, orain etxea eta lanpostua behintzat bazituenez, testamentua egin nahi omen zuen Bonifaziok.

"Testamentua zertarako, uzteko ezer ez dauka-eta?" galdetu zion Emeteriari herriko sekretarioak, lan horietaz arduratzen zenak. "Horixe esaten diot nik baina, berak testamentua egin nahi".

Egunak pasa, eta tema horrekintxe segitzen omen zuen Bonifaziok, testamentua nahi zuela eta testamentua nahi zuela. Azkenean, bada, joan zitzaion etxera udal-idazkaria, testamentua idatziz hartzera, eta halaxe esan omen zion Bonifazio gureak:

"Hara, nik badakit uzteko ezer ez dudana, baina daukadantxo hau nola banatu argi utzi nahi nuke. Arima zeruarentzat, gorputza lurrarentzat, potroak zuretzat, eta zakila Emeteriarentzat". (Nire herriko kontalariaren jatorrizko bertsioan: "El alma pal cielo, el cuerpo pal suelo, los cojones pa usté, y la picha pa la Emeteria").

etiketak: Saski Naski
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.