Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Piknik

Piknik

xme 2004/10/13 13:23

(Hiru poemako sortatxo bat, Ainhoa eta Ritxiri eskainia)


I

Bizitzatik dibortziaturiko gizajende tristea gara
Uzten digutenean
Naturarekin bat egiteko ahaleginean
Gure erletxe txukunak
Gure jarduera errepikatuak
Gure ohitura gazbakoak utzi
Eta hiritik ihes egiten dugunak
Mendira
Mortura
Itsasora
Zibilizazioaren desertore bolondres
Basabizitzaren oroiminaren asmatzaile

Gure bizigune nuklearrak baino talde zabalagoetan biltzen gara
Denok hitz egiten dugu, denok jaten, denok edaten
Zirkuluan, komunitatearen sen galdua
Berreskuratzeko presa bagenu bezala
Une batez zoriontsu sentitzen gara
Tarte luze batez, ausaz
Eta biziera naturalaren miresle bihurtzen gara
Zibilizaziora itzuli aurretik


II

Ez diot poema bat egingo egunsentiari
Ezingo nuke deus berririk asmatu
Ezer ederrik erantsi lehenago ere hainbat gizon-emakumek
Adierazitakoari

Hala ere, goizari begira jarri naiz "
Koloreen argitzea zeruan, atzemangaitz baina geldiezina
Musua garbituta kaleak, gauzak, mundua
Eta jendea? Jendeak ere aukera luke egun berriari
Fede berriz eta gogo garbiz ekiteko
Oroimenik ez balu


III

Sua egin dugu
Ez arbasoek bezalaxe
Guk supiztekoak dauzkagu, ikatza zakuan, barbakoa modernoa
Baina arbasoen antzera sentitu gara
Haien lilura berritu dugu, suari begira
Jatekoak erre ditugu, haren beroaren ingurura bildu gara
Suaren argitan ederragoak ziren gure aurpegiak ere
Gosea bortitzago, barreak lasaiago

Arbasoak imajinatu ditugu, suaren hipnosi horren pean
Hotzaren, etsaiaren, gosearen beldur
Besoen artean hartuko dituen gorputz amultsu baten desiraz
Agian arbaso zaharrago batzuen oroiminez?


(Cascanten, 2004ko urriaren 11n)

etiketak: Sorkuntza
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.