Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Jon Aiastui: "Lehenengoan iristeko ahalegina egin dut"

Jon Aiastui: "Lehenengoan iristeko ahalegina egin dut"

xme 2004/10/06 14:35

*Jon Aiastui Oñatin jaio zen, 1971n; Filosofia ikasten hasi zen, Donostian, baina halako batean munduan barrena ibiltzea erabaki zuen; Bartzelonan bizi da azken urteetan, eta handik idazten ditu bere ipuin eta poemak, orain bere lehenengo liburu “serioan” plazaratzen direnak: "Biolinaren jatorria".*

Estaziorik estazio irakurtzekoa

Estreinaldi moduko bat duzu hau euskal literaturaren plazan, eta liburuak definituko zaitu. Hala ere, aldez aurretik, aurkeztu ezazu zeure burua.

Ez da erraza. Batzuetan esaten dut, datu biografiko gisa, bi jaiotza data ditudala: bata amak ekarri ninduen egunekoa, eta bestea karrera utzi eta Frantziara joan nintzen egunekoa. Lehengoaren arabera 33 urte ditut, eta bestearen arabera 12. Datu literarioak ez dira asko: lehiaketak han eta hemen, liburuxka bi, eta antropologia ikerketa gutxi batzuk. Oro har, uste dut, egilearen bizitza ez dela interesgarria irakurlearentzat, edo ez interesgarriena behintzat, liburua baizik. Poesiak, intimoagoa den aldetik, badauka noski sinatzen duen pertsonaren bizitzarekin zerikusirik, baina nik behintzat, nahiz eta egilearekin akordatu, lehenengo irakurketetan ez diot kasu handirik egiten, ze liburuak irakurlearentzako dira, ez egilearentzako. Liburu honetan uste dut hori badagoela "printzipio estetiko gisa". Liburuaren izenburua, adibidez, barruko ipuin baten izenburua da, baina ipuin hori ez da nik idatzitakoa. Nik sartu egin dut liburuan, bitxikeria bezala, edo hurrengo liburu batean ez dudalako ikusten, baina ez zait axola nire eskuak egindakoa ez izatea, ez dakit nola esan. Liburuak ikutu eklektiko ugari ditu, eta hau beste bat da.

Hori galdetu nahi nizun. Liburuaren berezitasunetako bat, genero eta are arte diferenteen elkarketa da: poesia dago, ipuinak daude, marrazkiak... Denak zuk eginak. Horren zergatia?

Bueno, asuntoa izan zen liburu bat atera nahi nuela, eta horretarako, hortik zehar neuzkanak bildu eta azala eta izenburua ipini nizkiela. Ez nuen enpeño handirik jarri batasun bat ematen. Alde batean poemak jarri nituen eta bestean ipuinak; eta tarteka marrazki banaka batzuk. Hombre, gero ere, denborarekin ohartu naiz ez nituela marrazkiak edozein tokitan kokatu, baizik eta hasieretan eta amaieretan, eta kurioski narrazioetan ez. Horrek izango du bere zergatia, baina piezak ordenatu nituenean nik buruan nuena gehiago zen ehun bat orrialdeko objektu bat lortzea, kalea ikusiko zuena, nahiz eta akaberan, egia da, nahiko "mix" geratu. Poemak, ipuinak eta marrazkiak nahastea ez zitzaidan problema iruditu. Uste dut liburuak, oro har, bi eratara hartzen direla: batzuetan heldu eta egunero irakurtzen duzu, bukatzeko asmoarekin; irakurketarako prestatu egiten zara, ondo eserita, kafea aldamenean, eta abar, eta bihar gehiago. Beste batzuetan, aldiz, denbora betetzeko harrapatzen duzu, adibidez metroan edo autobusean ez aspertzeko, edo norbaiten zain zauden bitartean. Nik metrora eramateko moduko liburu bat atera nahi nuen, eta halako materiala neukan, estaziorik estazio tarteka irakurtzekoa, harakoan istorio bat, honakoan lau poema, eta hola

Poema bakoitzak bere izaera

Poesiarekin hasiz, bi poema-sorta daude liburuan, bi garaitan idatziak edo. Bada alderik, garapenik, jarraipenik esanguran eta estiloan?

Bi atal egoteko arrazoia sinplea da. “Nongo nor” (lehen atala) 1999an argitaratu zen, argitaletxe txiki baten bidez, Oñatiko Potxon, eta niretzat beti izan da nire lehen lan literarioa, bera ere nahiko "mix" bazen ere. Liburu hau prestatzean ez nuen asko pentsatu, ez zitzaidan okurritu poema guztiak atal bakar batean aurkeztea, nahiz eta nire ustez poema bakoitza berez lan bat izan, bere espazioa hartzen duena, bere hasiera eta amaiera duena. Materiala bildu nuenean, lehen "mini-album" hori bere horretan sartu nuen, eta gero beste poemak beste zaku batean, ez zaharragoak zirelako, baizik eta ez zirelako “Nongo nor”-ekoak. Nik uste dut, egotekotan, aldea poemen artean dagoela, ez atalen artean. Esangurak eta estiloa, uste dut bakoitzean bana dagoela. Nik filosofia ikasi nuen, eta badira adibidez poema filosofikoak. Sarrionandia eta Kavafis asko gustatzen zaizkit, eta badira Sarriren eta Kavafisen estilokoak. Argazki kamera bat ere badaukat, eta badira argazki poemak.

Gai barnekoi samarrak darabiltzazu, zeure baitan arakatuz, itxuraz, baina ironia-dosi batekin...

Bai, askotan. Zeure baitan arakatzen duzunean tentu handiz joan behar duzu, ze igual arima bat zenuela uste zenuen, eta ez daukazu, edo bi daukazu, edo hamar, edo ehun. Ez dakit nola esan; nik beti uste izan dut psikoanalisia oso interesgarria dela, baina ez naiz sekula joan, badaezpada ere.

Esango nuke garrantzi berezia ematen diozula testuaren musikaltasunari, erritmoari.

Bai, testu erritmikoak gustatu egiten zaizkit; erraz sartzen dira, poemak berehala hartzen du tonua, eta ideia bat edo istorio bat eramateko oso ondo dator. Poema hauetan bada antzeko egiten dituen zerbait: hari bakarrekoak dira, ideia edo istorio bat dago, ez ditut irudi asko nahasten; horren zergatia ulergarritasuna da, irakurleari lehenengoan iristeko ahalegina. Hori lortzeko, irakurlea hasieratik amaieraraino eraman behar duzu, kantuetan bezala. Badira kantu batzuk lehenengoan iristen zaizkizunak, eta igual ingelesez dira, ez dituzu ulertzen eta hala ere iritsi egiten zaizkizu; arrazoiak asko dira: izan daiteke: abeslariaren ahotsa, edo musikak erakartzen duen giroa, edo erritmoa bera, bizitasuna. Ez letra bera, baizik eta beste zerbait. Poemetan berdin. Letra dago, esaldiak, hitz egiten duen ahots bat, baina tonua ipini behar diozu, atzean banda bat jarri behar diozu, edo zinema pantaila bat, edo dekoratu bat, edo irakurlearen leihoak itxi eta isiltasuna sortu; poemetan hori egin behar duzu, baina ez daukazu ez bandarik ez pantailarik ez ezer, alfabetoko letrak bakarrik.

Mendekuak eta eroetxeak

**Ipuinetan, “Cuencak” izenekoak mendekuari buruzko istorio bat dirudi.**

Bai, hala da. Protagonista, kojuka dabilen gizon jator bat, bizitza aldatu zion gizonarekin trikitxatu egiten da hamar bat urte geroago. Spielberg-en Duel (El diablo sobre ruedas) antzeko bat da, arriskua karreteran, kurbak, euskal taberna bat, hotel bat, apustu bat nor lehenengo Oriotik Antiguara ailegatu, gauez, errepide estu batetik. Mendekua badago, baina abentura apur bat ere bai, eta suspense apur bat baita ere. Hau bigarren bertsio bat da, ze lehena lehiaketa batean irten zen baina oso gaizki erredaktatuta. Zuzentzen nenbilenean gauza bat esaten nion neure buruari, eta zen lehen bertsioa, gidoi iguala daukana ia-ia, autoan gidatzen jakin gabe idatzi nuela, eta igarri egiten zela.

**Bigarren ipuinak, “Eguzkiak jotzen duen aldetik”, eroetxe batera garamatza, eta hainbat gai sujeritzen ditu: askatasuna, arauak apurtzea edo haietara makurtzea, irudimenaren indarra... Gizarte osoaren alegoria moduko bat egin nahi izan duzu edo...?**

Ez, ez da alegoria sinboliko bat, Danterena bezala. Ez zen asmo horrekin sortu. Gehiago da situazio interesgarri bat, koktel bat, pertsonaia esajeratuak dituena, intrigazko istorio batekin. Ipuina zatika idatzi nuen. Lehenengo, lehen esaldia (“Ez zekien zer ez zitzaion gustatzen, baina bai, ordea, gustatu egiten zitzaiona”). Hori nahiko zabala zen, baina gustatzen zitzaizkion gauzen zerrenda osatu nionean, berehala ikusi nuen pertsonaia, eta pertsonaiaren lekua, eta paragrafoa osatu nuen. Gero gidoi orokorra atera nion, eta tarteka idazten joan nintzen. Nik uste dut hainbat osagai edo detaile nire bizitzatik jarri nizkiola, baina pertsonaiek hartzen dituzten jarrera etikoak istorioaren barrutik datoz, egoeratik, situazioagatik, aldaketengatik. Adibidez, zuzendari berriak psikiatrikoko harresiari beste burdinazko hesi bat gehitzen badio, ni, egile bezala, ez nabil esaten hori egin behar denik, baizik eta hori idatzi dut istorioak beste jiro bat edukitzeko, zuzendari berriaren intentzioa erakusteko.

Lehen esan duzu azken ipuina ez dela zuk idatzia. Esaiguzu gehiago.

Beno, etxe bateko liburu mardul batean aurkitu nuen, oso aspaldi. Istorio laburra da, ijitoen leienda bat, biolina nola sortu zen kontatzen duena. Niri borobila iruditu zitzaidan, eta hainbeste gustatu zitzaidan non esan nuen itzuli eta argitaratu egingo nuela egunen batean, neure liburu batean, gehigarri gisa, eta horregatik sartu dut. Pittin bat gogorra da, ze neska protagonistak deabruak eskatzen diona egiten du, guzti-guztia; niri gehien gustatu zitzaidana prozesuaren hasiera eta amaiera da, hau da, ikustea nola antzinako testu batek ateratzen zuen objektu bat, biolin bat, desira gizatiar batetik. Badira antzeko elezahar ugari, bekatu batekin zubi bat egiten dutenak, edo sirena baten ilearekin harpa bat, baina honek, nola esan, pelikula bat egiteko balio du, edo norbaiti kafetegi batean kontatzeko, edo Simpsondarren kapitulu batean sartzeko.

etiketak: Editore lanak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.