Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Amodioaren ziega

Amodioaren ziega

xme 2004/10/07 08:00

(Astelehenekoaren jarraipena: Artezblai argitaletxeak atera didan liburuko bigarren obraren hasiera)

Amodioaren ziega

Ilunpea. Ez da ezer ikusten, baina bai hotsak entzuten. Ahotsen berbaroa, eta ateen ireki-ixtea, zarata handian. Halako batean, ate bat zabaltzen da oholtzan, eta gorputz baten errainua sumatzen dugu ate zabalduaren ziskuan. Argiaren giltzari eragiten dio pertsona horrek, eta orduan ikusiko dugu jokalekua: gela soil bat da, paretak biluzik edo irudi gazbako batzuk bertan, izkina batean komuna sumatzen da, aulkiren bat edo beste bazterren batean, ohe bat gelaren erdian; ikusleen aldera jarria dago ohe hau, ez du ohebururik, eta sofa baten moduan ere erabili ahalko da, bertan esertzeko. Atean sumatu den gorputz hori emakume batena da. Miren deituko dugu. Gaztea baina ez oso. Polita baina ez inor txunditzekoa. Dotore jantzia baina gehiegikeriarik gabe. Lotsati antzean sartu da Miren gela horretan, eta atea itxi da berehala bere atzean. Sarraila-hotsa. Urduri dabil Miren, ez daki nora jo, zer ukitu, non gelditu. Arrotza zaio ingurua. Jakin-minez bezala begiratzen die bazterrei, altzari urriei, behatz-mamiekin ukitzeko keinua ere egiten du, ukitzera iritsi gabe. Ohearen aurrean gelditzen da azkenean. Zutik. Eskuetan daraman poltsa estutzen du kolkoaren kontra, bi besoen artean. Gero makurtu egiten da, emeki-emeki, ohearen biguntasuna ziurtatu nahiko balu bezala, baina azkenik ukitzen duenean, mugimendu bortitz batez, oheko maindireak ateratzen ditu eta bazter batera zakar botatzen; mugimendu bakarra ez du aski izango seguru aski, baina zirt-zart egingo du, azkar eta erabakitsu. Ondoren, bere poltsatik aterako ditu maindire garbi eta berriak, eta ohea egiten hasiko da, arretaz, are maitasunez ere, behar beste denbora hartuz zeregin horretan. Amaitzen duenean ingurura begira hasten da beste behin, zer egin jakin gabe bezala, eta azkenean ohe ertzean eseriko da. Geldirik iraungo du tarte batean, aldika ateari begira, aldika inguruari. Halako batean zutitu, kendu dituen maindireen bazterrera joan, handik burkoa hartu eta aldatu egingo dio honi ere bere azala; burko berritua ohean jarri, maindire zaharrak bazterrerago bultzatu oinekin, eskuz ukitu gabe, ondoren ohera itzuli, eta eseri egingo da berriz, lehen bezalaxe. Eszena osoan hitzik ez; ekintzak oro geldiro; eragiten duen sentipena, baina, artegatasuna behar du, ezinegon moduko bat, ez inondik ere asperdura. Giro berezi hori lortzeko musika erabil liteke: ez noski melodiko eta goxoa, bai agian musika seriala, edo dodekafonikoa bestela. Miren ohe ertzean eserita, beraz. Halako batean atea irekitzen da berriz, sarraila-hotsen ondotik. Aitor ageri da: geldirik egongo da atea bere atzean itxi arte; bitarte horretan zutitu egin da Miren. Atea itxi bezain laster bata bestearengana doaz Miren eta Aitor. Besarkatze estu batean lotzen dira. Hala iraungo dute pixka batean, muxu beroak eta besarkada estu baina geldiak tartekatuz. Halako batean, emeki-emeki, bereizi egingo dira apur bat, baina gerritik heldurik hala ere.

AITOR: Bidean ondo?

MIREN: Ondo, ondo.

AITOR: Luzea, ezta?

MIREN: Bueno, badakizu. (Isilunea) Eta zu?

AITOR: Ni? Ondo.

MIREN: Dena ondo?

AITOR: Bai, bai. Oso ondo.

Beste besarkada batean biltzen dira, isilik. Pixka bat bereiziko dira gero, baina aurpegian xeraka eta muxuka arituko dira.

AITOR: Eta lanean?

MIREN: Ondo, ondo.

AITOR: Bidaia asko saltzen?

MIREN: Beti bezala, badakizu.

AITOR: (txantxa-doinuan) Jakingo ez dut ba! Cancún-etik Hawaira nabil ni, astero-astero.

MIREN: Txotxolo halakoa (xeraka)

AITOR: Trasladoa eskatu beharko diot zuzendariari, Kanarietara behinik...

MIREN: Ezta bromatan ere.

AITOR: Eta eskerrak Amerikako koloniak galdu zituztela, bestela...

MIREN: (isilune txiki bat, ferekarako) Umorea behintzat ez dizute kendu.

AITOR: Hori ez. Saiatzen dira baina.

MIREN: Zer egin dizute ba?

AITOR: Ez, ezer ez.

MIREN: Esan! Zer?

AITOR: Ez, niri ezer ez. Hemengo gauzak.

MIREN: Inoiz ez didazu ezer esaten.

AITOR: Zer nahi duzu esatea ba?

MIREN: Gertatzen zaizkizun gauzak, egiten dizkizueten zerrikeriak...

AITOR: Hemen ez da ezer gertatzen.

MIREN: Eta zerrikeriak?

AITOR: Zerriek ba al dakite ba, besterik egiten?

MIREN: Baina...

AITOR: (behatz bat ahoan jartzen diola) Xxxx! Alda dezagun gaia.

MIREN: (irri erdi-behartu batez) Nahi duzun bezala.

Ohean eserarazten du Aitorrek. Muxuka hasten zaio kopetan, begietan, masailetan, lepoan. Mirenek atzerantz darama burua. Aitorrek eskuak sartzen dizkio blusaren azpitik, gorputza laztantzeko.

etiketak: Sorkuntza
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.