Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Heroien gaua

Heroien gaua

xme 2004/10/04 09:03

Propaganda barkatzen badidazue, liburu bat atera didate Elorrioko Artez Blai argitaletxekoek. Antzerki-liburu bat, bi obra biltzen dituena: "Heroien gaua" eta "Amodioaren ziega". Lehenengoaren hasierako pasartea emango dut hemen. Osorik emateko ere ez nuke arazorik baina, Artezblai-koek ere zerbait saldu beharko dute, antzerki-liburuek horren publiko eskasa daukaten herrian.

Antzerkigintzan gogo-piztaile izan nuen Mikel Antzaren goresgarri.

Heroien gaua

(Joseba eta Mila, 45-50 urte artean dagoen bikotea, beren etxean)

Joseba: (geldi, besoak gurutzaturik, urduri, gustura ez dagoela nabarmen utzi nahian) Ez dakit zertara goazen... (isilunea) Ez dakit zertara.

(Mila batetik bestera igarotzen da, erdi jantzita, belarritakoak jartzen edo)

Joseba: (Mila aurretik pasatzean) Ez dakit zertarako goazen, horko bi txorimalo horiek...

Mila: Oraindik hola al zaude?

Joseba: Nola “hola”?

Mila: Jantzi gabe.

Joseba: Jantzi gabe? Jantzi gabe al nago ni? Biluzik al nago?

Mila: Joseba, mesedez!

Joseba: Ez dut uste larrugorritan nagoenik.

Mila: Ez zaitez umea izan eta jantzi zaitez itxuran.

(Badoa)

Joseba: (bere artean marmarka, baina Milak entzuteko) A, bai, noski. Itxuran jantzi behar. Gu gutxiago ez garela erakusteko, noski.

(Isilik une batez, bere itxurari begira; eranzten hasten da ondoren, astiro: etxeko oinetakoak kendu, nonahi bota...)

Joseba: Ba, egia esanda, ez dakit zertara goazen. (isilunea) Ez dakit...

Mila: (presaka igaroz) Joseba, mesedez, ez izan horren aspergarria. (Badoa)

Joseba: Aspergarria? Ni aspergarria? Noski, Xabier eta Arantxa, horiek bai atseginak, horiek bai dibertigarriak, eta ez ni bezalako zaputzak. Hori esan nahi duzu, ezta?

Mila: (kanpoan dela) Ez, ez nuen hori esan nahi.

Joseba: Ba, horren ondo pasatzen baduzu, zergatik ez zoaz zu bakarrik, e? Ni berdin-berdin egongo naiz hemen. E? Zergatik ez zoaz zu bakarrik?

Mila: (igaroz) Ba, Xabier zure laguna delako. Tori: jantzi alkandora hau. (Badoa)

Joseba: Laguna? A ze laguna! (alkandora janzten hasiaz) Horrelako lagunekin soberan dauzkazu etsaiak.

Mila: (kanpoan) Baina ez al zaitu berak gonbidatu?

Joseba: Bai noski. Bere etxe berria harro-harro erakusteko, eta gure lepotik barre egiteko. (isilunea) Seguru oraintxe bertan gu larrutzen ari direla.

etiketak: Sorkuntza
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.