Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Bikote-harremanetan aurkitu dut komunikazio-arazoen harrobi emankorrena

Bikote-harremanetan aurkitu dut komunikazio-arazoen harrobi emankorrena

xme 2004/09/30 08:00

Karmele Jaio (Gasteiz, 1970) bere lehenengo liburuarekin dator gure letren plazara: "Hamabost zauri", binakako bakardadeaz, komunikazio-arazoez eta gizon-emakumeen arteko harreman beti korapilotsuez diharduen ipuin-bilduma. Aitzakia polita iruditu zaigu galdezka joateko.

Aurretik ipuin asko zakarrontzira

Egile berria zara; aurkeztu zeure burua laburki.

Gurasoak lekeitiarrak badira ere, ni Gasteizen jaio nintzen duela 34 urte eta bertan bizi izan naiz beti, Donostiatik bertara atzera eta aurrera ibili naizen azken bi urteetan izan ezik. Kazetaritza ikasi nuen Leioako fakultatean eta komunikabide ezberdinetan egin dut lan. Betidanik gustatu zait idaztea baina nahiko berandu hartu nuen modu serio batean idazteko ohitura. Esan daiteke azken lau-bost urteetan izan dudala aukera urteetan gordetzen joan naizena idazten hasteko. Orain arte ipuinak idatzi ditut bakarrik eta hauekin zenbait sari irabazi ditut.

Hauxe duzu estreinaldia. Aspaldidanik ari zinen prestatzen, ala nahiko azkar etorri da dena?

Azken bost urteetan zenbait ipuin idatzi baditut ere, liburuko ipuin gehienak, bat edo bi kenduta, 2003. urtean idatzitakoak dira. Azken urte honetan hartu diot gustu gehien idazteari, eta hori gehiago irakurtzearekin batera etorri da. Beraz, liburua ez da urtetan idatzitako ipuinen bilduma bat, azken urtekoak dira gehienak. Aurretik ipuin asko idatzi ditut baina asko eta asko zakarrontzira joan dira, gehienak. Uste dut aurretik idatzita nituen ipuin horiek oraingoak idazteko entrenamendua izan direla. Eta espero dut oraingoak gerokoen entrenamendu izatea.

Hasperen baten atzean egon daitezkeen pentsamenduak

"Hamabost zauri" ipuin-liburu bat da, hamabost istorioz osatua, eta gaia giza harremanak, bikote-harremanak zehatz esanda. Hautu bat izan da? Berez atera zaizu? Zergatik?

Ez dut uste “bikote-harremanak” gaiaren atzetik ibili nintzenik ipuinak idazten hasi baino lehen, baina egia da ibili naizela orokorrean gizakien arteko komunikazio arazoen bila edo giza harremanetan sortzen diren arazoen bila, eta gertatu zait bikote harremanetan aurkitu dudala komunikazio arazoen harrobi emankorrena. Bikoteak ipuin askotarako ematen du. Baina nire helburua gehiago izan da bi pertsonaren artean esan gabe geratzen diren esaldi horiek azalaraztea, adibidez, edo emakume baten hasperen baten atzean egon daitezkeen pentsamenduak hitzen bitartez irudikatzea. Burutik pasatu baina esan gabe geratzen zaiguna eta hor barruan zauria sortzen diguna ekarri nahi izan dut azalera.

Ipuinen tonua ez da alai eta baikorra; literarioagoa da tristezia, ala bizitza da halakoa?

Ez dakit literarioagoa den ala ez, baina niretzat askoz errazagoa da zerbait tristea idaztea zerbait alaia baino, eta gutxitan izan dut gauza alaiak idazteko gogoa. Izan daiteke une alaiak bizitzeko gordetzen ditudala eta une tristeak idazteko. Batek daki zergatik ateratzen zaizkidan tonu ezkorrarekin. Monterrosok egindako "Antología del cuento triste"-n esaten du ipuinek bizitzaren isla izan behar badute, ipuin tristeak izan behar dutela derrigorrez, bizitza tristea delako. Bueno, nik ez nuke halakorik esan nahi, bizitzak gauza baikor asko dituela uste dudalako, baina egia da bizitzako gauza tristeak edo zauri bihurtzen direnak ipuinetarako gordetzen ditudala.

Kazetaritzaren legeak ipuinetara

Emakumearen ikuspegia nabarmena da istoriootan; gure literaturan gutxitxo agertzen dena, bestalde...

Ni emakumea naizen aldetik errazago egiten zait emakumearen ikuspegitik idaztea, eta gainera hautu bat da, askotan ezkutuan geratzen delako, ez bakarrik literaturan, beste alor batzuetan ere bai. Egia da gure literaturan gutxitxo agertzen dela ikuspegi hau eta askotan gertatzen da emakumearen ikuspegitik egindako literatura emakumeentzako literatura bezala sailkatzen dela. Askotan nahasten da emakumeek egindako literatura emakumeentzako literaturarekin eta ni horrekin ez nago batere ados. Nik behintzat ez dut emakumeentzako idazten, nik gizon eta emakumeentzako idazten dut, gizonek gizonentzako bakarrik idazten ez duten bezala.

Ezaugarri jakinak dituzu idaztean: istorio laburrak, giro urbano eta gaur egungoak, tokiak gehiegi zehaztu gabe... Arrazoi jakinik edo azalpenik horretarako?

Istorio laburrak dira eta zuzenean harira joaten direnak eta nik uste dut honetan eragin handia izan duela nire lanbideak, kazetaritzak. Notizia batean, lehenengo bost-sei lerrotan ahalik eta informazio gehiena sartzen saiatzen gara kazetariok eta beharbada kazetaritzaren lege horiek ipuinetara eraman ditut ia konturatu gabe. Dena den, niri beti gustatu zaizkit ipuin laburrak, soberako hitzik gabekoak. Bestetik, giro urbanoa aipatzen duzu eta gaur egungoa. Nik bizi dudan garai eta tokikoa da, nahiko urbanoa naiz eta ezagutzen dudan giroan kokatutako gauzak idazten saiatu naiz. Eta tokiak gehiegi ez zehaztearenak ere badu zerikusirik harira zuzenean joateko nahi horrekin eta baita ere kanpoaldeko paisaiak baino gehiago azpimarratu nahi izan ditudalako barrukoak, pertsonen sentimenduak eta abar... Horregatik, salbuespen batzuk kenduta, ez dago elkarrizketa gehiegirik nire ipuinetan, esaten dena baino esan gabe geratzen dena eta barruan zauria sortzen duena gehiago interesatzen zaidalako.

Hala ere, istorio batzuek gizarte-klase zehatz bat daukate: burgesia, marjinalitatea...

Bai, gure artean gizarte ezberdin asko daudela azpimarratu nahi izan dut, baina giza harremanetan lege berdinek agintzen dutela batzuetan eta besteetan. Ipuin batean familia burges baten gorabeherak kontatzen dira eta beste batean auzo marjinal batean bizi den bikote batena. Denetarik dago.

Orain arte ipuina, hurrena nobela

Esan liteke ez duzula errezetarik eskaintzen zoriontsu izateko, edo ez duzula zoritxarren errudunik bilatzen. Psikologo izan zaitezke baina terapeuta ez, nonbait?

Ez dut nire burua errezetak emateko gai ikusten. Nik egoerak azaleratzearekin nahikoa dut. Irakurleak noizbait bizitako egoera baten isla ikusten badu ipuinen batean eta hor azaltzen diren sentimenduak ezagun egiten bazaizkio, ni konforme geratzen naiz.

Bestalde, oso-oso ipuingile ageri zara (ez poesiari, ez nobelari kontzesio txikiena egin gabe). Zein dituzu genero honetako maisu edo eredutzat?

Bai, nik orain arte ipuinak idatzi ditut bakarrik eta gehien gustatzen zaidan generoa da ipuin laburrena. Ipuinaren generoko ereduez hitz egitean ezinbestean aipatu behar dira Cortazar, Txekhov edo Rulfo bezalako maisuak. Niri asko gustatzen zaizkit Raymond Carver, John Cheever, Katherine Mansfield eta Medardo Fraile, beste askoren artean. Eta gaur egun, ipuingile gazte on asko dagoela uste dut, Juan Bonilla espainiarra edo Jordi Puntí katalana bezalakoak.

Dena dela, Igartza Saria irabazi duzu, idazle gazteentzako beka, nobela proiektu batekin. Zerbait aurreratzerik bai?

“Amaren eskuak” du izenburua nobela proiektuak, eta nire asmoa da nobela horretan bi emakumeren historia agertzea. Bata ama eta bestea alaba. Bi emakume hauen istorioan aurrera egin ahala, erakutsi nahi ditut bi gizarte, bi testuinguru eta bi garai: batetik, ama gazte zenekoa, orain dela 50 urte ingurukoa; eta bestea alabarena, gaur egunekoa. Bi garai ezberdin hauen arteko ezberdintasunak azaleratu nahi ditut, kontakizun biak tartekatuz. Erakutsi nahiko nuke batak eta besteak bizi izan dutena zein ezberdina izan den, baina aldi berean, azpimarratu zein berdina den dena. Azkenean, lege berdinen pean gaudela gizakiak, kasu honetan emakumeak, nahiz eta garaia eta gizartea oso ezberdinak izan.

etiketak: Editore lanak
Arrateko Ama
Arrateko Ama dio:
2004/09/30 15:07

Erantzunaren proba Arrateko Amaren magaletik

Postariak
Postariak dio:
2004/10/04 13:16

Sustrai Colinak "Berria"n idatzitakoa, "Autopropaganda" izenburupean:

Ez naiz autoen propagandaz ari. Norbere burua famatzeko egiten diren disimulurik gabeko ahaleginez baizik. Harrigarria da zenbat jende bizi den, gutxi mugituz eta asko eraginez, autopropagandaren zirkulu interesatuaren parte delako. Ohartu al zarete sekula, euskalgintzak intelektualtzat dauzkan baina zer diren inork ez dakien horiek, nola aipatzen dituzten beren jakintsu hurkoak (izenez bakarrik gehienetan), zitatuak aipamena bueltatzearen truk? Autopropagandak elikatzen du euskalgintza. Denak bekatari bihurtzeraino. Editore batek bere idazle bati egindako elkarrizketa argitaletxeari ez dagokion web-orrian publikatu eta inor ez harritzeraino. Badakit euskalgintzan egiten dena geuk zabaldu ezean ez digula inork oparirik egingo. Ados. Badakit gure produktu eta artista onenek ere autopropaganda asko behar dutela merkatuan nor izateko. Baina asko eta gehiegi bereizten ez jakiteak galtzen gaitu. Abusuaren abusuz, subentzionatutako ridikulo karikatural batetik atera ezinik gabiltza. Auzo-lotsa sentiarazteraino.

XME
XME dio:
2004/10/04 13:24

Ez dakit Sustrai Colinak hau irakurriko duen. Baiezkoan, konturatu beharko luke editoreak bere izen-abizenez sinatuta egiten badio elkarrizketa egileari, hor ez dagoela ezkutuko autobonborik edo mesede-trukerik. Agerian egin ditut gauzak, irakurleak une oro jakin dezan promozio-asmoa hor dagoela, informazioarekin batera noski. Makina bat halako agertzen dira han-hemen, kazetaritza finaren estalkipean.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.