Oianguren parkea: erreferenduma orain!
(Hauteskundeen ostean Goierritarra aldizkarirako idatzia)
Zegamarra izan behar al da Aizkorri maitatzeko? Lazkaotarrek bakarrik al dute Lakaomendi estimatzeko eskubidea? Abaltzisketan jaioa behar al du Larraitz ondo zaindua nahi izateko? Horiek denak, neurri batean, goierritar guztion ondare eta aberastasuna direla uste baldin baduzue, onartuko didazue, halaber, Oianguri buruz hitz egiteko eskubidea, beasaindar batek ordiziarren kontuetan zertan sartu ez daukala aurpegiratu gabe.
Urteak daramatzagu kontu honekin bueltaka, baina ezagutzen ez duenik baldin bada, labur azalduko dut, ahalik eta objektiboen: aurreko udalak Ikena izeneko enpresa bati utzi zion, diru kopuru baten truke, Oianguren parke publikoaren esplotazioa; enpresa horrek asmoa du parkea itxuraldatzeko, zati bat jende guztiarentzat zabalik utziz, eta beste bat erabilera pribaturako: golf-zelai bat eginez, batetik, eta paint-ball jokorako eremu bat, bestetik.
Proiektua jakinarazi zenetik hasi zen herritar-talde zabal bat horren kontrako lanean: jendea kontzientziatuz, alegazioak eginez, bide baketsu eta errespetuzkoak erabiliz betiere. Horren aurrean, herriko agintariek gehiengoa zutela esaten zuten, eta beraiena zela erabakia. Gauzak horrela, udala aldatzea besterik ez litzateke geldituko, jende gehiena pribatizazioaren kontra dagoela erakusteko eta parkearen izaera publikoa errespetatzeko.
Egin dira hauteskundeak. Mila gauza jokatzen eta erabakitzen ziren bertan, ez Oianguren parkearen etorkizuna bakarrik, baina hori ere bai. Eta lehenengo indarra, 1.100 botorekin, ANV izan da, pribatizazioaren aurka azaldu den alderdia; bigarren eta hirugarren, EAJ ia 900 eta PSE ia 800ekin, biak ere Ikenarekiko akordioaren aldekoak; laugarrena EB-Aralar, 765 boto izan dituena, hau ere pribatizazioaren kontrakoa. Matematika askorik jakin gabe ere, aise ikus liteke indarrak parekaturik daudela. Ezin esango dut herri osoa argi eta garbi golfaren kontra agertu dela, baina inork ezingo du esan herriak golfaren proiektua berretsi duela bere botoen bitartez.
Hala ere, hemen dator koxka: ANVrentzako botoak ilegalak dira, Madrilgo justiziaren erabakiz; eta berez, jendearen iritzi hutsa errespetatuta, zinegotzi-kopuru berdintsua izango litzatekeena, orain, Alderdien Legearen ondorioz, guztiz desproportzionatua gelditzen da, parkearen pribatizazioaren aldeko gehiengo garbi batekin.
Ez naiz hasiko hemen Espainiako gobernua kritikatzen; irakurle bakoitzak izango du bere iritzia Zapateroren politikaz, Imazen jarreraz, Batasunakoen jokabideaz Egunero telebista eta egunkari guztietan ikusten ditugun kontuak dira horiek denak. Sinpleagoa da hemen esan nahi dudana: demokratikoa izan nahi baldin badu, legez ezarri den Ordiziako udala behartuta dago, nik uste, gai arantzatsu honen gainean erreferendum bat antolatzera, ordiziar guzti-guztiek berdintasun egoeran beren iritzia eman dezaten, eta horren arabera erabaki nork gozatuko duen eta nola kudeatuko den herritar guztiena den ondasuna.
Eskerrik asko!