Negartien saldoa
(Nabarra aldizkariaren eskariz idatzitako artikulua, euskal literaturaren krisiaz edo arazoez; gai bera jarrita beste hauek ere idazten dute: Katixa Agirre, Aurelia Arkotxa, Edorta Jimenez, Juan Luis Zabala, Iban Zaldua, Patxi Zubizarreta)
Karnetean piperpotoa daramagun gizonezkoen artean bada adin-tartea markatzen duen mugarri bat: soldadutza. Zorionez, ni naiz gaitz horretatik libratu ziren lehenengoetakoa, kontzientzia-eragozpenaren trenera garaiz igo nintzelako. Balantzaren kontrako aldean, beste batzuk batailoiko batailak kontatzen hasten direnean isilik gelditu beharra. Horren ordainetan, barka iezadazue aspaldiko kontu zaharrekin hasten banaiz.
Aurten betetzen dira 25 urte euskaltzaletu nintzenetik. Arestik zioen legez, lasai asko bizi nintzen ni hispanitatean, baina, ez dakit Damaskora bidean zalditik erorita edo ze hego-haizek jota, nire hizkuntza hauxe zela erabaki nuen halako batean, 18 urte betetzearekin batera edo. Ez dut oroitzen egun zehatzik edo gertakari seinalagarririk, baina bai zein izan nuen bataioko ura: Argia aldizkariaren harpidedun egitea.
Aittitte Makurre gerraosteko gose-urteak kontatzen emango dut akaso baina, utzidazue labur azaltzen orduko argitalpenen panorama: zuri-beltzezko astekari xixtrin bat zen berez Argia, ia-ia betiko desagertzeko zorian egon ostean nola-hala pixkortzen ari zena; inguruan, berriz, basamortu latza: Anaitasuna itxi eta gero, Jakin hiruhilabetekaria eta ezer gutxi gehiago kaleratzen zen. Eta hala ere, edo horregatik akaso, egundokoa iruditzen zitzaigun Argia. Hobeto esanda, egundokoa zen: irakurri ez baizik irentsi egiten nituen goitik behera artikulu haiek, ezagutzen ez nituen sinadurekin zetozenak: Iñaki Uria, Josu Landa, Pello Zubiria, Pablo Sastre, Mikel Antza, Eneko Olasagasti Ni 18 urteko umemokoa baldin banintzen, haiek hogeita gutxiko bixarguriak, niretzat Jainkoaren hurrenak ia.
Liburugintzan, Joan Mari Torrealdairen zerrenda ikusi eta 300 titulu kaleratu ziren guztira 1982 hartan. Sekulako kopurua, dozena erdi urte lehenago ozta iristen baikinen 100eko mugara (2005ekoa dugu azken zenbaketa, eta 2000 tituluko langa jo genuen hor). Ateratako liburuak banan-banan aztertu, eta Joan Mari Irigoienen "Poliedroaren hostoak" iruditu zait salbatzeko moduko bakarra.
Zer ari naiz demostratu nahian: orduko miseriaren aldean elegante bizi garela gaur egun? Ez, ez da hori. Orain dela 25 urte, geneukan apur hori gauza handia iruditzen zitzaigun, batetik, ezerezetik eta ukazio gorritik gentozelako, eta bestetik "batez ere", are eta gauza handiagoak egin nahi genituelako: ilusioa, indarra, itxaropena geneuzkalako. Horren froga da Argia-ko taldetxo hark ez zuela amore eman egunkari bat sortu arte (8 urte geroago); horren erakusgarri dira, halaber, hurrengo urteetan sortu ziren literatur aldizkari guztiak (apurka itxiz joan zirenak, gehienak).
Gaur egun krisi hotsak omen dira, entzun dudanez. Eta barkatu berriz ere agure askojakinaren pose nardagarria hartzen badut baina, barregura etortzen zait krisiaz hitz egiten entzuten dudan aldiro. Arrantza egon liteke krisian, urteetan itsasoko bizidun guztiak ustiatu eta ahitu ondoren; hemengo industria astuna ibili zen krisi latzean, urte oparoak bizi izan eta gero. Baina euskal kulturak noiz izan du ba oparoaldia? Noiz izan zen nik ezagutu ez dudan Urrezko Aro hori?
Jakina da itxaropideen eta errealitatearen arteko talkak desengainu antzeko bat ekarri ohi duela. Baina, halakoetan, gehiegizko espektatibetan dago akatsa, errealitatea den horixe delako. Egia da hizkuntza normalizatu bat genuela jomugan, kultura aberats bat amets, literatura eder eta joria helburu. Horren ordez zer eskaintzen zaigu? Kili-kolo dabilen hizkuntza, betiko makurretatik libratu ezinik segitzen duena; kultura menpeko, txiro eta oilolurrari lotuegia; literatura ere, oro har txukuna, baina egitura eskasekoa, irakurle gutxikoa eta kanpora ateratzeko zailtasun handiak dituena.
Okerrena, hala ere, ez dira gaitz zahar horiek guztiak, askoren ilusio galtzea baizik. Pentsatzen jarrita, baina, kontu biologikoa izan liteke ilusioa galtzea: soldadutza baino jubilazioa hurbilago dakusanak, normala marmarka jardutea, urrutiko intxaurrei begiratzea, oraingo erdipurdikeriak baino noizbaiteko lilurak nahiago izatea. Horren aldean, ariketa osasungarria izan liteke udaberri honetan lehen liburua atera duten idazleei erreparatzea: Uxue Alberdiren "Aulki bat elurretan", Katixa Agirreren "Sua falta zaigu", Harkaitz Zubiriren "Zakur kale" (berealdiko ipuin-bildumak, hirurak ere), Itziar Madinaren "Beste eguzkia" eleberria, Fertxu Izquierdoren "Gerratearen aztarnak" eta Beñat Sarasolaren "Kaxa huts bat" poema-sortak.
Zera, arriskutsua jarrera, arriskutsua neurrigabeko baikortasuna, eta batez ere, arriskutsua bukaera.
Ondo izan,
"Okerrena, hala ere, ez dira gaitz zahar horiek guztiak, askoren ilusio galtzea baizik. Pentsatzen jarrita, baina, kontu biologikoa izan liteke ilusioa galtzea: soldadutza baino jubilazioa hurbilago dakusanak, normala marmarka jardutea, urrutiko intxaurrei begiratzea, oraingo erdipurdikeriak baino noizbaiteko lilurak nahiago izatea. Udaberri honetan lehen liburua atera duten idazleei erreparatu besterik ez da egin behar: Uxue Alberdiren "Aulki bat elurretan", Katixa Agirreren "Sua falta zaigu", Harkaitz Zubiriren "Zakur kale" (berealdiko ipuin-bildumak, hirurak ere), Itziar Madinaren "Beste eguzkia" eleberria, Fertxu Izquierdoren "Gerratearen aztarnak" eta Beñat Sarasolaren "Kaxa huts bat" poema-sortak."