Pastak jan eta gero
(Argian argitaratua)
Aurrean daukat ekainaren 5eko egunkaria. Azalean, izenburu handia, denok ezagutzen duzuena: Su-eten iraunkorra haustea erabaki du ETAk, gaur gauerditik aurrera. Barruan, 48. orrian, Zaldieroaren zinta, The Organization protagonista duena hau ere, Pastak izenarekin. Biñeta parea. Lehenengoan, erakundeko bi lagun ikusten ditugu, beren txano, txapel eta guzti; kafea hartzeko jarritako mahaiaren aurrean daude, atrezzo guztiarekin: kafetera, katiluak, pastak plater batean, eta mahai-zapi guztiz kitsch bat; aurrean bi aulki hutsik, eta Asierrek dio: Deskuidatzen bahaiz ez dittuk gehio etortzen!!. Bigarren biñeta lagun bien arteko solasaldiak hartzen du: Kafea aspaldian hoztu zuan eta txokolatezko pasta guztiak jan dittuk jarraitzen du Asierrek; Jan dizkiagu esan nahiko duk!! erantzuten dio kideak; Nik bat edo bi bakarrik, amaitzen du Asierrek.
Bere absurdoan jeniala zen, Zaldieroak ohiturik gauzkan bezala. Baina anakroniko bihurturik zegoen argitaratu zenerako. Bezperan, marrazkia egitean, Patxi Huartek ez baitzekien berria, guk geuk ere ez genekien bezala. Eta irria izozturik gelditu zitzaigun askori, mahai gaineko kafea baino hotzago eta mikatzago. Mahai bera erakutsi zigun marrazkilariak biharamunean, Urratsa izenburupean: Asier / Zer dugu? / Su-etena bertan behera utzi dugu. / Hara. Independentziaren bidean beste urrats bat!!. Eta amaieran, korolarioa: Kontua da aurrera edo atzera eman ote dugun!
Bere bide ustez argitsuan, gero eta etsai gehiago ditu erakundeak, gero eta traidore gehiago topatzen ditu bazterretan. Eta hori, nahi ez badu ere, arazo handi bat da gerra bat irabazi nahi duenarentzat, arerioa baino askoz ahulagoa denean batez ere. Beste arazo bat ere badu ordea: ustez ulertu lezaketenengan ere, abertzale eta euskaltzale eta ezkertiar den gizarte-atalean gero eta gutxiago konprenitzen dela erakundearen logika, gero eta arrotzago eta urrunagoa zaiola haren estrategia, gero eta deserosoagoa eta gaitzesgarriagoa estrategia horren ondorengo jardunbidea.
Horixe baita kontua. Pastak amaitu dira. Orain, beste zeozertara pasatu behar da. Eta hor txisteek ez dute lekurik, ondo asko daki Zaldieroa artista handiak ere. Lehen gauzak oker egonda ere, inork sinesten du amnistia, autodeterminazioa, lurralde-batasuna hurbilago izango ditugula inori auto azpian amosal-opari bat utzita?
Mesedez, Asier: kimizefak utzita, sartu ezazu bizkotxo bat labean.
Eskerrik asko Arrateko Amari, irudiak berak sartu ditu-eta, ez nik.
Eskerrik asko, nola ez, Zaldieroari, artikuluaren meritua ere berak baitu.
Eta azkenik sariketa: ea nork asmatzen duen (marrazkiak alde batera) ze alde dagoen Argian argitaratutako artikuluaren eta blogekoaren artean.