Kalitatearen Qaqa
Inuxente egunean ezusteko oparia izan nuen. Zinematik atera ostean, autoa hartzera joan eta kolpe galanta zeukan atzealdean, karrozeria mailatzeaz gainera gurpil bat ere kili-kolo utzi ziona, ezin gidatzeko moduan beraz. Eta oparigilearen arrastorik ez, jakina. Kamioilari bat, utzitako arrastoaren arabera
Ez nabil penak kontatzen baina. Beste zerbaitera iritsi nahi dut. Aseguruak, zati batean, neure kalteak ere estaltzen dizkidanez, ezbeharraren berri emateko deitu nuen hurrengo goizean goiz. Ordurako garabiaren bitartez eramana nuen kotxea garaje batera. Peritua pasatzea falta, konponketan hasteko. Hurrengo laneguna urtarrilaren 2a zela, eta ordura arte itxaron behar. Bego. Egin beharrekoak eginda, lasaiago.
Urtarrilaren 2an, goiza amaitzean deitu dut garajera, matxuraren tamainaz galdezka. Ezin jakin, peritua ez omen da pasatu oraindik, eta txasisa askatzen hasterik ez beraz. Deitu dut aseguru-etxera, eta baietz, egun horretan duela pasatzeko abisua. Harekin hitz egitekotan gelditu ziren, eta horrenbestean konforme gelditu behar.
Biharamuna. Goiza beste hamaika gauzatan eman dut, eta arratsaldean deitu dut garajera, aberiaren berri emango didaten itxaropenez. Ezetz berriz, periturik ez dela pasa egun horretan ere. Deitu dut berriro ere aseguru-etxera, azaldu diet dena berriro xehe-xehe, eta niri deitzekotan gelditu dira, argitu beharrekoak argituta.
Handik ordu batzuetara, bi albiste aseguru-etxetik. Batetik dei bat: informatika-akats baten erruz (zer ez da gaur informatika-akatsa?) ez zitzaiola perituari informazioa iritsi, eta barkatzeko, hurrengo egunean joango zirela hutsik gabe. Bestetik gutun bat, aseguru-etxe horretako zentraletik, Kalitatearen urrezko Q handi bat logoaren ondoan, partea eman nuen egun berean datatua: haiengan jarritako konfiantza eskertzen zidatela, neure esanetara neuzkala edozertan laguntzeko eta era horretako erretolika merke guztia.
Akatsak berak baino (edonork izan baitezake deskuido bat, badakigu) gutunak eman zidan amorrazio handiagoa. Kalitate prozesuen hipokrisia eta gezur ustela: dena paper-zikintze, itxura egite, ahoa betetzea polboroiak bezalako bost duroko hitz ponpoxoz.
Ohi bezala, X, zure heziketa kristauak bekatua kontatzen uzten dizu, baina ez bekatariaren izena esaten.