Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Bertsolaria kazetari, kazetaria bertsolari

Bertsolaria kazetari, kazetaria bertsolari

xme 2006/11/23 12:52

Euskal prentsako azkenaldiko berrikuntza interesgarrienetakoa Amets Arzallus izan da, bertsolari-kazetari hendaiarrak Argia-n egiten dituen elkarrizketek beti baitute zer edo zer jakingarria, ofizioz egindako interviewtik harago doana. Oraindik ez diote Rikardo Arregi saria eman, baina larri ibili.

Aste honetan Juan Sastre izan du solaslagun, Pablo Sastre euskal idazlearen anaia zaharrena, Kuban medikuntza ikasi eta Nikaraguan urteetan ibilia, contren kontrako gerra garaian fronteko mediku. Kontu mamitsu franko du elkarrizketak, baina alderdi formal bat hartuko dut nik gaur ahotan.

Ezaguna da bertsolariek azken urteotan era guztietako eginkizunak hartu dituztela beren gain, eta bertsoa bera edozertarako tresna bihurtu dela, maitasun deklaraziotik errenta-aitorpenera. Hemen Arzallusek ez du bertsorik botatzen, baina bertsolaritzan ohikoa den teknika bat darabil galderak egiteko. Horra:

Galdetzen du Arzallusek: Alderdi humanoari begiratuta, konta ezazu soldadu sandinista gazte baten gerra bizitza, bere gogorrean.

Erantzuten du Sastrek: Hamazazpi urterekin mendira joan, eta gosea ikusi egiten zitzaion aurpegian. Gorputzean gaixotasunak zituzten, parasitoak, arroparik gabe zebiltzan, erdi hanka-hutsik, onddoak ateratzen zitzaizkien, beti bustita zebiltzan... Negarrez ere ikusten zen jendea.

Hurrengo galdera: Eta kontatu orain soldadu sandinista gazte baten gerra bizitza, baina bere ederrean.

Erantzuna: Borroka lekuan laguntasun giro izugarria bizi da. Han ateratzen dira pertsona bakoitzaren alderdirik maitagarriena eta alderdirik zikoitzena. Sentimendu aldetik oso une beroak pasatzen dira, elkarrekin egonez, eta bakoitzak bere esperientziak besteekin konpartituz. Hain testuinguru gogorra denean, pertsona barru-barruraino ikusten duzu.

Baliabide polita, ezta? Beste behin erabiliz gero gastatua eta errepikakorra iritziko genioke baina.

Loreen artean arantzatxo bat barkatzen bazait, Arzallusek ez du zertan kultura espainolean jantzia egon, baina erredakzioan arduratu beharko ziren zenbait huts konpontzeaz, itsusi samar geratzen baita Ignacio Aldekoari Iñaki deitzea, Caballero Bonal idaztea Bonald behar zuen tokian, edo Haiti eta Tahiti nahastea.

etiketak: Saski Naski
Ander
Ander dio:
2006/11/23 15:35

Zein zaila den elkarrizketatzaile on bat topatzea, formulario topikoetatik haratago elkarrizketa lantzen dakiena.

Azkenaldian beste joera bat indartzen ari da elkarrizketetan: galderen ordez komentario ustez ingeniosoak egitearena. Elkarrizketatuak ez du modurik izaten taxuzko erantzun bat emateko, elkarrizketatzaileak zein azkarra eta ingeniosoa den erakusteko beste asmorik ez baitu. Ikus Karmentxu Marínen elkarrizketa asko eta asko El País-en.

Rikardo Arregi sarirako boto bat Ametsen alde!

oier
oier dio:
2006/11/28 13:10

Niretzat artista bat da Amets elkarrizketak egiten. Ni izugarri ari naiz gozatzen Argian egiten dituen elkarrizketekin. Elkarrizketa serioak zein ganberroak, zuku ederra ateratzen dien elkarrizketatuei. Xapreri egin ziona, edo Sabier Silveirari egindakoak mundialak iruditu zitzaizkidan. Niretzat kazetari genero zailenetakoa da elkarrizketa, eta beti pentsatu dut ofizioa eta eskarmentua beharrezkoa zirela lanbide horretarako, eta harrituta nauka Ametsek. oier.

aitor
aitor dio:
2006/11/30 12:24

irakurri al zenuten Amaia Zubiriari egin ziona? Ikusgarria da bertsotan bezala nola entzuten duen erantzuna hurrengo galdera egiteko. Etxetik prestaturiko galderak bata bestearen atzetik botatzera ez da mugatzen Amets eta horrek ere majo jazten ditu elkarrizketak.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.