Irakurle bat nahi, eta bat nahikoa
Badira munduan milioika irakurle dituzten idazleak, eta badira ziento batzuk dituztenak. Batzuen eta besteen arteko aldeak izugarriak izango dira mila kontutan: oihartzuna, dirua, bizimodua... Idazlearen jarrerari dagokionez, berriz, ezin aldez aurretik ezer esan: zabalkunde handiko nahiz txikiko egileengan topa litezke bere zergintza arretaz zaintzen dutenak eta zabarrak. Idazte-ekintza, berriz, berdintsua izango da denentzat (literatura sortzen dutenen artean behintzat).
Idazleez ez baizik irakurleez hitz egin nahi nuen ordea. Milioika edo zientoka izan, irakurtzea banakako ekintza da beti, eta banako horrekin nahi izaten du idazleak komunikazio jator bat sortu; zenbat eta irakurle gehiago, aukera handiagoa komunikazio benetako hori lortzeko, eta horregatik poztu ohi dira idazleak (arrazoi ekonomiko zein banidadezkoez gain) bere libururen bat beste hizkuntzaren batera itzultzen denean.
Gaurkoan ni nator "itzulpen" moduko batekin; ez beste hizkuntza batera ordea: alfabetoa aldatu diote nire liburu bati, latinoaren ordez braille.
Louis Braille XIX. mendeko asmatzaile frantsesari zor diogu itsuentzako irakurketa-sistema hori, erliebezko puntuz osatua. Gaur egun asko zabaldu dira itsuentzako beste baliabide batzuk, hala nola audio-zintak edo informatikazko programa bereziak, baina braillezko testuek ezinbesteko laguntza ematen diote itsuari ikasteko, informatzeko... bizitzeko.
Itsu euskaldunek, berriz, braillezko testuak izaten dituzte eskura, baina frantsesez edo espainolez idatziak, ez euskaraz. Bazterketa horren kontra, gose-greba egin zuen Manu Agirre itsu ataundar-bilbotarrak iaz. Ez dakit horrekin zerikusirik duen orain kontatzera noanak baina.
ONCE Espainiako itsuen elkarteak euskal argitaletxe batzuekin tratua egin zuen orain dela urte batzuk, haien bazkide batek gure liburu bat irakurri nahi bazuen, guk ONCEri word formatuan eman geniezaion testua, eta ONCEk braillezko liburua bere bazkide horri. Horrez gain, braillezko liburuaren beste kopia bat emango zioten argitaletxeari, eta argitaletxeak, normalean, idazleari.
Bide hori segituz, nonbait, "Bihotz gosetien kluba" ekarri didate, braillera aldatua. Ez da liburu luzea berez, baina dexenteko tamaina hartzen du, paperaren erliebea dela-eta. Itsuren batek eskatuko zuen, eta gustatu zaiola pentsatu nahi nuke.
Dena dela, "Bihotz gosetien kluba"ren ale potolo hori daukat mahai gainean, eta ez dakit zer egin. Enbarazu egiten dit, egia esanda, baina pena ematen dit botatzeak, pentsatuz egon litekeela han edo hemen irakurle posibleren pozik hartuko lukeena.
Horregatik nahi dut irakurle bat; batekin nahikoa; baten bat ezagutzen baduzue, gustura hartuko nuke mezua.
Nik badut lagun bat, masajista lanbidez, itsua dena. Gustura emango nioke "Bihotz gosetien kluba" hori (aldez aurretik, galdetu beharko nioke ea ez den bera izan zure liburuaren bertsio brailleratua eskatu duena -kasualitate handiegia litzateke, hala ere-).