Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Momentu poetikoa (I): Nabarreria

Momentu poetikoa (I): Nabarreria

xme 2006/05/29 17:17

Joan den ostiralean, Iruñean, poema-irakurraldi bat, Kalaska elkartean (lehen Zabaldi), Nabarreria kalean, iturriaren aurre-aurrean.

Castillo Suarezen "Bala hutsak" liburuko testuak aurkezten eta irakurtzen ari ginen egilea bera, Pello Belaskoain eta hirurok, soinua eta biolina jotzen zuten bi musikariren laguntzaz (Jone San Martin eta Maite Abad).

Ekitaldia bere bidetik zihoan, hitza eta soinua tartekatuz, entzuleen txaloekin, halakoetan ohi dena. Halako batean, baina, zarata kanpoaldean. Lehentxeago, irakurri berria nuen Castilloren poema bat, hala dioena:

Ez dizut poema politikorik egin nahi,
baina ni euskal idazlea naiz,
eta hitzak asteburuetan eta udako oporretan datozkit:
manifestaziorik ez dagoenean,
bilerarik ez dudanean.

Hori irakurri eta gero, beraz, Belaskoain ari zela, kalean manifestazio-hotsa; geroago entzule batek esan zigunez, Segikoek elkarretaratzea deitua zuten UPNren egoitzaren aurrean. Pellok boza altxatu edo gelditu erabaki aurretik, berriz, oihu eta hots gehiago: polizia nazionala, Ripak bidalita, gazteak uxatzeko. Lizardiren udaberria bezala, "morrosko urdiñez yantziak".

Pena ez zela aretora ez iheslaririk ez jazarlerik sartu baina, hori gabe ere, momentu zinez poetikoa.

etiketak: Saski Naski
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.