Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Nire uste harroan / Rafa Ugalde: “Zirrara berezia sortzen zidan berriren bat entzutean idazteari ekiten nion”

Rafa Ugalde: “Zirrara berezia sortzen zidan berriren bat entzutean idazteari ekiten nion”

xme 2006/05/26 09:42

Rafa Ugaldek (Zornotza, 1961) Gure gerretako heroiak ipuin-bilduma kaleratu berri du, han-hemenkako gatazka armatuetan oinarrituriko kontakizunak, sufritzen dagoenarekiko samurtasunez idatziak.

**Egile “berria” zarela esan daiteke, orain dela gutxi hasi baitzara argitaratzen. Ez ordea idazle gaztea...**

Bai, egia da. Lehenengo liburua 2003an argitaratu nuen, berrogeita bi urterekin, eta hau bigarren liburua baino ez da. Baina idazteko jesarri egin behar da eta lehenengo norberak jesarri behar du bere burua, eta niri kostatu egin zait neure burua jesartzea. Txantxa iruditu arren ez naiz txantxetan ari, idazteko heldutasuna behar dela uste dut, gogoetarako heldutasuna, eta nik aitortu behar dut heldutasun hori berrogei urte ingururekin etorri zaidala.

**Gure gerretako heroiak kaleratu duzu. Ipuin-bilduma bat, batasun tematiko handikoa. Ideia orokorra izan zen lehenago, ala testu batzuen atzetik etorri zen hori?**

Ez dakit zer izan zen lehenengo, testuak, ideia orokorra edo biak batera beharbada. Azken urteotan horrelako kontuekin —gerra kontuak, gizakion ankerkeria eta zoramena— orain arte baino sentiberago ikusi dut neure burua. Sasoi berezia izan da eta komunikabideetan ikusten izan ditudan albiste askok eragin handia izan dute nigan; ez dakit, zirrara berezia eragin didate, seguruenik, esan dudan bezala, neu egon naizelako bizitzako sasoi berezi batean, eta betidanik jakin izan dudan arren gizakiok mundu honetako izaki ankerrena garela, bolada batean gordinago igarri dut hori. Orduan, ba, halako zirrara bereziren bat sorrarazten zidan berriren bat entzutean idazteari ekiten nion eta sentipen horiekin narrazio multzo bat osatu nuen.

Zure heroiak ez dira heroi tipikoak...

Nik ez nuke esango tipikoak ez direnik, beharbada ez dira topikoak; hau da, beti saldu izan dizkiguten heroiak: izen handiko militarrak, filmetako eta komikietako heroiak... Baina tipiko-tipikoak dira, gerra guztietan dauden biktima arruntak direlako ―gorputz adarren bat galdu duena, seme-alaba edo senideren bat galdu duena, espetxeratu egin dutena edo bere herrialdea askatzeko borroka egiten duena―, eta nire ustez gerra edo gerraren ondorioak pairatzen dituena da heroia, gerran hiltzen dena zein sufrimenduaren ostetik onik ateratzen dena, erraietan mina sentitu duena.

Urrunekoak ere hurrago

Zein izan dira zure erreferentziak liburua idaztean?

Ez dira izan literaturatik jasotako erreferentziak, edo zinemako istorioak. Narrazio guztiek oinarri erreala daukate, nik komunikabideren batean entzun edo ikusitako kasuetan oinarritzen dira, benetako kasuetan. Nork ez du gogoratzen Irakeko gerran besoak eta bernak galdu zituen umearen irudia, auskalo zer arrazoirengatik behin eta berriro begien aurrean jarri zigutena; ba, nik horrelako irudien gainean narrazio bat eraiki dut.

Esperientzia jakin batean zentratu ordez, hango eta hemengo kontuak azaldu dituzu. Gaiaren unibertsaltasuna azpimarratzeko, ala zergatik?

Gai unibertsala da, duda barik; baina ez dut nahita egin hainbat lekutako aukera. Gainera, kontuan eduki behar dugu, gai bat unibertsala izan arren gaur egungo unibertsoa ez dela hain handia, dena hurbil dago. Adibidez, Balkanetako gerra hasi baino urte batzuk lehenago ni oporretan ibili nintzen lehengo Jugoslavian, eta Kroazia ezagutu nuen, eta harremana izan nuen hango jendearekin; horrek txikiago bihurtzen du gure unibertsoa, edo ez da urruneko unibertsoa behinik behin. Gaur egun gatazka dagoen leku askotan egonda gaude, ezagutu egiten ditugu lekuak eta hurrago sentitzen ditugu. Azken hamarkadetan gertatzen den fenomenoa da hori, gure gurasoek ez zuten bidaia luzerik egiterik, ezta urruneko lekurik ezagutzerik ere; ondorioz, urrun zeuden gatazkak, bidegabekeria eta sufrimendua ez ziren horrenbeste sentitzen. Gure belaunaldiak, ordea, urrunera bidaiatzeko aukera dauka eta gainera komunikabideen bitartez oso informazio zehatza jaso dezakegu, testu eta irudien bidez; horrek urruntasunaren sentsazioa txikitu egiten du eta kanpoko istiluek gugan ere eragina dute.

Zure ipuinen ezaugarri bat izan liteke toki-garaiei edo pertsonaiei buruzko berri zehatzegirik ez ematea; hori zer da: irakurleari lana eginaraztea, haren konplizitatea bilatzeko bidea...?

Egia esan, saiatzen naiz irakurleari gogoetarako ariketa bat proposatzen. Uste dut irakurtzea atseginerako izan behar dela, baina bestalde, ez dut uste irakurtzea letren kodea asmatzea bakarrik denik, hori baino gehiago egin behar du irakurleak, jolas imajinario batean murgildu behar du. Egia ere bada narrazioetan agertzen direnak edonon gerta daitezkeela, edo seguruenik hainbat lekutan gertatu izan direla; baina hala ere, testuan zehar aztarna batzuk uzten saiatu naiz irakurleak igarri ahal izateko non gertatu zen kontatzen dudana.

Ironia egoera gogorretarako

Kontatzen dituzun gauzak gogorrak izan arren, umore-ukitu bat erabiltzen duzu askotan, samurtasuna beste batzuetan. Jakinaren gainean egindako hautua izan da ala...?

Liburua gehienbat samurtasunez idatzi dut; hori da modu naturalean atera zaidana, ipuinetako pertsonaiak imajinatzean eta bizitzan zer tokatu zaien imajinatzean, samurtasuna sentitu dudalako. Badaude, hala ere, pare bat ipuin ironiaz idatzitakoak, zeren hain egoera gogorrak eta negargarriak iruditzen zaizkit, ezin bainuen samurtasunik ere adierazi; horietan umeen sufrimendua eta gorpuen mutilazioa azaltzen dira.

Hainbeste basakeriaren artean, irakurlearen kontzientzia astindu ala anestesiatu egingo da?

Irakurtzeak astindu egiten gaitu beti. Telebista piztean anestesiatzen da jendearen kontzientzia eta ez irakurtzean, telebistak berak ematen dizkiolako testua eta irudia; irakurtzean bakarrik gaude, norberak eratu behar ditu irudiak eta hein batean norberak eman behar dio zentzua testuari, beraz, gogoetan ari gara nahitaez.

Eta honen atzetik, besterik idazteko asmorik?

Aspaldian etengabe idazten dut, apurka-apurka baina etengabe, gauza laburtxoak baino ez badira ere. Orain ere baditut beste narrazio batzuk esku artean eta nobela batekin ere saiatzen ari naiz. Besterik da amaitutakoan zer egin material horiekin, neuk irakurri ostean gustura gelditzen banaiz, ba, argitaratzen saiatu; gustura gelditzen ez banaiz, neuretzat gorde.

etiketak: Editore lanak
Magabila
Magabila dio:
2006/05/27 17:41

Ea hurrengo astean Sautrelan zer moduz moldatzen haizen...

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Xabier Mendiguren Elizegi

Xabier Mendiguren Elizegi dut izena. Beasainen jaio nintzen, 1964an. Filologoa naiz formazioz, editorea ofizioz, irakurlea afizioz, idazlea bokazioz, berritsua bizioz, euskalduna bedeinkazioz edo madarikazioz. Lagunen eskariei ezetz esaten jakin ez eta blog honetan idazten hasi naizenez gero, ea gauza naizen, egunen harian, nire giza kondizio horien inguruan bururatzen zaizkidanak kontatzeko.